Eduki publikatzailea
Atzealdea “Komunitatetik, heriotzaz” zikloa antolatu du udalak, heriotzaren inguruko tabua arindu eta herritarrak ahalduntzea xede
2026·03·23

Komunitatetik, heriotzaz hitzaldi-zikloa antolatu du udalak, heriotzaren inguruko tabua arindu eta herritarrak ahalduntzeko. Heriotzaren pedagogia izan zuten ardatz iazko Bizipoza jardunaldietan: egun bakarrera mugatu ordez, herrira zabaltzeko nahia adierazi zion Bizipoza elkarteak udalari, eta horren ondorio da hitzaldi-zikloa. Udaleko eta Bizipozako ordezkariek aurkeztu dute gaur, prentsaurrekoan.
Bizipoza jardunaldia Heriotzaren pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera lelopean egin zuten, 2025eko azaroan. Heriotza bizitzaren parte bezala normalizatzea izan zen helburua, hezkuntza komunitatean zein gizartean oro har, eta irakasleei baliabideak eskaintzea doluaren eta heriotzaren inguruko lanketa hezitzailea egiteko. Eli Olaizola Bizipozako kideak azaldu duenez, jardunaldiek herriko ikastetxeetan jarraipena izan zezaten proposatu zion Bizipozak udalari: Hezkuntza Mahaian landu zuten gaia, herriko hiru ikastetxeekin batera.
Hala, bitan sailkatu dute lanketa. Batetik, Hil Arte Bizi egitasmoaren bultzatzaile Nere Erkiagak eskolako langile eta gurasoekin egingo du lanketa: lau saio egingo dituzte irakasleekin, eta azkenekoan gurasoak eta irakasleak elkartuko dituzte. Udarregi ikastolan egin dituzte dagoeneko irakasleen saioak, eta balorazio oso positiboa izan da, Olaizolaren esanetan: “Nahiz eta saioak lanaldi amaieran eta nahiko mardulak izan, bi ordukoak, oso gustura egon dira bai Erkiaga bai irakasleak ere”. Apiril-maiatzean egingo dituzte Aginagako saioak, eta irail-urrian Zubietakoak. Bestetik, Manex Beristainek maila desberdinetako haurrekin landuko du gaia, ipuin kontaketaren eta zenbait dinamikaren bidez. Hiru saio izango dira Aginagan eta Zubietan, eta bost Udarregin.
Agurtzane Solaberrieta Mesak azaldu duenez, udalak Bizipozaren proposamena jaso zuenean lanketa herri osora zabaltzeko beharra baloratu zen. Izan ere, Usurbil zaintzen duen herria izateko lanean murgilduta egonda, gai horren inguruko hausnarketari heltzeko beharra nabari zen. “Heriotza guztion bizitzaren parte bada ere, sarritan isilpean edo beldurrez bizi dugu. Oraindik ere tabu handi bat izaten jarraitzen du geure etxeetan, familian, lagunartean, eskolan, eta oro har, gizartean, eta tabuak heriotzaren aurrean egoki kokatzeko izan ditzakegun berezko baliabideak eta potentziala lantzea eragozten du”. Horregatik, ikastetxeei ez ezik, eskaintza herritarrei zabaltzea erabaki zen, gaiaz komunitatean hausnartzeko espazioak eta aukerak emanez. “Herriak edo komunitateak indar handia du heriotzaren gaia beldurretik maitasunera bideratzeko, eta heriotzaren inguruan kultura sanoago bat eraikitzeko, herritarren ahalduntzea lortzeko bidean”, nabarmendu du Solaberrietak.
Helburu horrekin antolatu da, beraz, Komunitatetik, heriotzaz zikloa. Izaera ezberdineko zazpi saio izango dira, apiriletik azarora bitartean: heriotza ardatz izanik, gaiaren inguruko ikuspuntu desberdinak ematea da helburua. Herritarrek zein udalarekin elkarlanean ari diren hainbat taldek parte hartuko dute saioetan. Hizkuntzari dagokionez, hitzaldi gehienak euskaraz izango dira, eta zuzeneko itzulpena izango da biren kasuan; azken saioa, Heriotza eta kulturartekotasuna, gaztelaniaz izango da. Saio guztiak doan izango dira: Sutegiko auditoriumean egingo diren saioetarako gonbidapenak eskuratu behar dira Usurbil Kultura webgunean.
“Komunitatetik, heriotzaz” zikloa: egitaraua
Eskuorria (PDF): hemen.
Apirilak 15 · Sutegiko auditoriumean, 18:00etan
Hitzaldia: “Heriotzaren aurrean hobeto kokatu gaitezke... gutxienekoa jakinez gero”.
Hizlaria: Nere Erkiaga (Hil Arte Bizi egitasmoa)
Pertsonok heriotzaren aurrean hobeto kokatzeko berezko baliabideak ditugu. Heriotzaren inguruan eraikitako beldurrei buruz eta heriotzaren inguruko alor ezberdinei buruz begirada orokor bat eskainiko dugu, alor bakoitzean herritar bezala ditugun eskubideak eta hartu ditzakegun erabakiak ikusteko.
Zuzeneko itzulpen zerbitzua izango da (euskaratik gaztelaniara).
Maiatzak 7 · Sutegiko auditoriumean, 18:00etan
Solasaldia: “Heriotzak gaztetasuna kolpatzen duenean: agur kolektiboak eta komunitatearen babesa”.
Bidegin elkarteko kide Izaskun Andonegik gidatuko du saioa. Gertuko heriotza traumatikoren bat gazte garaian bizi izandako hiru herritarren lekukotzak eskainiko dira. Halako ezbeharretan agur kolektiboak egiteak eta komunitateak ematen duen babesaren garrantziaz ere arituko dira.
Maiatzak 28 · Sutegiko auditoriumean, 18:00etan
Hitzaldia: “Zaintza paliatiboak: bizitzari azken arnasaraino laguntzen”
Hizlaria: Nerea Manterola (Zaintza aringarrietako psikologoa Matian).
Bizitzaren azkenetan hitz egiten da zaintza aringarriez edo paliatiboez: hil hurren den pertsonaren zein gertukoen akonpainamendurako eskaintzen dira. Nerea Manterola zaintza aringarrietako psikologoa da Matian, La Caixa Fundazioaren gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonei arreta integrala emateko programaren barruan.
Zuzeneko itzulpen zerbitzua izango da (euskaratik gaztelaniara).
Ekainak 11 · Sutegiko auditoriumean, 18:00etan
Zuzeneko podcasta: “Heriotzaren aurrean”
Iñurri elkartearen eskutik.
Zer pasatzen da bat-batean zure aurrean egurrezko kutxa ikusten duzunean? Zer pasatzen da burutik minbizi hitza esaten dizutenean? Edo hobe esanda, metastasiaz ari direnean? Zuzeneko podcast honetan parte hartuko dutenek badakite zer den heriotzarekin aurrez aurre topatzea. Eider Casanova iñurriaren gidaritzapean arituko dira Eli Bergaretxe, Ana Jimenez eta Beñat Iraola. Bakoitza bere lekutik, baina denak heriotzaz garden hitz egiten: oso gazte metastasia diagnostikatzen dizutenean, ume txikiak izanda zure heriotza gertu ikusten duzunean edo seme bezala amari agur esatea tokatzen zaizunean. Hori guztiaz eta askoz gehiagoz hitz egiteko aukera izango da, espazio seguru eta taburik gabeko honetan.
Irailak 22 · Sutegi liburutegian, 18:30ean
Solasaldia: “Heriotza eta literatura”
Ainhoa Aldazabal literaturan adituak eta Skolastikako kideak gidatua.
Literaturak bizi esperientziak jasotzen dituen moduan jasotzen ditu heriotza esperientziak. Heriotzak, hileta errituak, doluak... literaturan nola jasotzen diren ikusiko dugu elkarrekin.
Urriak 18 · Sutegiko auditoriumean, 18:00
Dokumental emanaldia: “Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak”
Seme-alaba baten galeraren dolua azaltzen du ikus-entzunezkoak, aitaren begiradatik. Seme-alabaren bat galdu duten lau aitaren testigantzen bidez, dokumentalak aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu. Emanaldiaren ostean, filmaren sustatzaile Anakotz Lasarterekin solasaldia izango da.
Azaroak 5 · Sutegiko auditoriumean, 18:00etan
Solasaldia: “Heriotza eta kulturartekotasuna”.
Hainbat jatorritako herritarren arteko solasaldia, sorterrian heriotza bizitzeko duten moduaz.
Hizkuntza: gaztelania.

