Eduki publikatzailea
Atzealdea ‘Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen’ ikerketaren emaitzak, etxez etxe
2021·03·19
2020ko udazkenean Aztiker Ikerguneak udalaren eskariz abiatutako Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen ikerketaren emaitzak etxez etxe banatu ditu udalak, ondorio nagusiak modu laburtuan azaltzen dituen gida baten bidez, euskaraz eta gaztelaniaz. Hurrengo larunbatean, hilaren 27an, izango da 2021eko Mundualdia zeinak usurbildar guztien arteko elkarbizitzan urrats bat egin nahi duen. Egun horretan aurkeztuko dute, lehenengo aldiz, Migrazioari maskarak erauzten ikus-entzunezkoa, eta, horren ostean, aitortza ekitaldia egingo dute, frontoian.
Etxez etxe banatu duten gidan Aztikerren ikerketaren ondorio nagusiak bildu dituzte, parte-hartzaileen esanekin lagunduta, 1960/70eko migrazioan zein gaur egungoan begirada jarrita. Gida horretan zehazten denez, hemendik aurrera, ikerketak agerian jarritakoak bideratzeko ahalegina egingo du udalak, eta, horretarako, herritarrak bidelagun izatea espero du.
Migrazioari maskarak erauzten ikus-entzunezkoa Aztikerrek egindako lanaren osagarria da, herritarren lekukotzak euren ahotsez ikusi eta entzuteak gaia errazago gizarteratzeko aukerak biderkatzen dituelakoan. Hilaren 27an aurkeztuko dute publikoki Sutegin, 2021eko Mundualdiaren barruan, 17:00etan. Eta, horrez gain, bigarren emanaldi bat izango da hurrengo egunean, leku eta ordu berean. Izan ere, edukiera kontuak tarteko, lehenengo egunean ikerketan zein ikus-entzunezkoan parte hartu duten herritarrei aurkeztuko diete lana, eta hurrengo eguneko emanaldia usurbildar guztiei irekia izango da: usurbilkultura.eus webgunean zabalik dago hilaren 28ko emanaldira joateko izen-ematea.
Ikus-entzunezkoaren aurrerapen bideoa argitaratu du udalak gaur: