Eduki publikatzailea
Atzealdea ‘Ikimilikiliklik vol 2’ ikuskizuna, Usurbilgo dema plazan
2026·06·30

Ikimilikiliklik vol 2 ikuskizuna Usurbilgo dema plazan ikusteko aukera izango da, doan, uztailaren 18an, 22:30ean, 650 Usurbil Bizi proiektuaren eta Noaua elkartearen eskutik. Aurten 50 urte bete dira Joxan eta Jexux Artze anaiek, Mikel Laboak eta Jose Luis Zumetak 1976an Ikimilikiliklik sentikaria sortu zutenetik: obra horrekin elkarrizketan sorturiko ikuskizuna ekoitzi du Loraldiak. Udaleko, 650 Usurbil Bizi proiektuko, Noaua elkarteko eta Loraldiko kideek prentsaurreko batean eman dute ekitaldiaren berri.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, 2022an abiatu zen 650 Usurbil Bizi turismo proiektua: “Herriaren identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza proposatzen du. Hain zuzen ere, turismo eskaintza honen egilea ez da turismo agentzia bat, herriko eragileak baizik. Azken batean, Usurbil ezaugarritzen duen oro bisitariei ezagutarazteko tresna izango da, modu parte hartzailean eraikia izan dena”.
Usurbil herriak 650 urte baditu, hori adina Usurbil daude ezagutzeko: hori izan zen proiektuaren abiapuntua. Herriko eragileekin partaidetza prozesu bat egin ostean, hamalau Usurbil identifikatu ziren: Usurbil Museo Irekia, Zaintzaren Usurbil, Ez Dok Amairuren Usurbil, Zero Zabor Usurbil, Euskararen Usurbil, Sagardoaren Usurbil, Errioaren Usurbil, Memoria Historikoaren Usurbil, Ondarearen Usurbil, Alkartasuna Kooperatibaren Usurbil, Errebotearen Usurbil, Angularen Usurbil, Txalapartaren Usurbil eta auzo-herrien Usurbil.
“Euskal kulturak eta arteak gure herriarekin duten lotura nabarmena da, eta bereziki nabarmentzekoa iruditzen zaigu gure herriak Ez Dok Amairu euskal kulturaren berpizkundea bideratu zuen mugimenduarekin izan zuen lotura”, nabarmendu du Solaberrietak. Artze anaiak mugimendu horren parte izan ziren, eta partaide gehiagok beren arrastoa utzi zuten Usurbilen, besteak beste, Mikel Laboak eta Remigio Mendiburuk. Laboaren kasuan, harreman estua zuen herriarekin, batik bat, Artze anaiekin zein Zumetarekin zuen harremanagatik. Zumetak disko ugariren azalak egin zizkion Laboari, eta Joxan Artzerenak dira Laboak kantatu zituen abesti ugariren hitzak. Hartu-eman emankor horrek herrian utzitako arrastoaren seinale da, baita ere, Zumetaren muralaren oinean dagoen plazak Laboaren izena hartzea, “Usurbilgo herriak artistari zion eta dion miresmenaren erakusle”. “Hori guztia gure izanaren parte da, eta horregatik aldarrikatzen dugu Usurbil Ez Dok Amairuren herria dela, mugimendua bertan sortu zela, hein handi batean”.
650 Usurbil Bizi proiektuak eta Noaua kultur elkarteak Loraldiak Ikimilikiliklik vol 2 ekoitzi zuela jakitean, garbi izan zuten ikuskizuna Usurbilera ekarri behar zutela. Euskal kultura da 650 Usurbil Biziren ardatzetako bat, eta transmisioa du helburu nagusietako bat: “Usurbil izan denaren transmisioa, egungo Usurbil ulertzeko ezinbestekoa iruditzen zaigulako”. Horrekin batera, Noaua! Elkarteak 30 urte ditu aurten: euskara eta kultura ditu ardatz, eta urteurrenaren ospakizun gisa ere hartu dute ekitaldia. “Bi proiektuek bat egin dugu, ikuskizuna gure herrian hartu eta usurbildarrek ere horretaz gozatzeko aukera izan dezaten”.
2014an Bilbon sortua, Loraldia iruditegi garaikide batekin euskaraz sortzen kulturaren garapena, berrikuntza, transmisioa eta ikusgarritasuna sustatzen duen egitasmoa da, Amaia Ozerin Loraldiko komunikazio arduradunak azaldu duenez. “Ez gara soilik euskal sorkuntza erakusten duen plaza bat: sortzaileak elkartu, sormena eragin eta ekoizpen berriak bultzatzen dituen eragile aktiboa ere bagara: testuinguru horretan kokatzen dugu Ikimilikiliklik vol 2 ikuskizuna”.
Jatorrizko obraren 50. urteurrena hurbildu ahala, Loraldikoek ondare hura gaur egunera nola ekarri galdetu zioten beren buruari, museo pieza batean bihurtu edo nostalgian erori gabe. “Erantzuna izan zen jatorrizko sortzaileek izan zuten baimen bera eman behar geniola gure buruari, garaikideak, esperimentalak eta ausartak izateko baimena. Horregatik, Ikimilikiliklik vol 2 ez da omenaldi hutsa: duela 50 urteko ausardiaren eta gaur egungo sorkuntzaren arteko zubi artistiko bat da”. Edurne Azkarateren zuzendaritzapean, belaunaldi eta diziplina ugaritako euskal sortzaile ugari bildu dituzte ikuskizunean: Iñaki Salvador, Oreka Tx-ko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro, Libe Kortazar, Intza Alkain eta Itziar Garaluce.
Ikuskizuna Usurbilen eskaintzeak “esanahi artistiko, kultural eta emozional berezia” izango du, Ozerinen esanetan. “Hemen bizirik daude Ez Dok Amairuren, Artze anaien, Mikel Laboaren eta Jose Luis Zumetaren arrastoak. Horregatik, esan dezakegu lana bere jatorri sinbolikoetako batera datorrela”. Usurbilgo emanaldiak beste berezitasun handi bat izango du: antzokietarako sortutako lana dema plazan eskaintzea erronka handia izango baita.
Uztailaren 18an, Usurbilera etortzeko gonbidapena eginez amaitu du Ozerinek: “Euskal kultura bizia eta garaikidea herriaren erdigunera eramango dugu, komunitatearekin zuzenean partekatzeko. Uztailaren 18an ez dugu soilik ikuskizun bat eskainiko: duela 50 urteko ausardia hori gaurko plazara ekarriko dugu, memoria eta sormen garaikidea Usurbilen berriro elkartuz. Guretzako ohorea eta ardura handiko eguna izango da: denak gonbidatuta zaudete gau hori gurekin batera bizitzeko”.

