Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Hurbilduz’ proiektuaren aurkezpena, urriaren 16an

Bakardade ez hautatuaren inguruko galdeketen emaitzak eta Aginagan abiatu berri den auzo-zaintza proiektuaren inguruko azalpenak entzuteko aukera izango da.

2025·10·03


Udala udaberriaz geroztik lantzen ari den Hurbilduz proiektua aurkeztuko da, urriaren 16an. Herri zaintzailearen barruan garatu diren bi ekimen dira: bakardade ez hautatuaren inguruko herri diagnostikoa, zeinetan herriko bizilagun guztiei eta eragileei parte hartzeko aukera eman zitzaien, eta Aginagan udaz geroztik lantzen ari den auzo-zaintza proiektua. Bi-biak Zabalduz kooperatibarekin ari da lantzen udala. Aurkezpena Potxoenean izango da, 18:00etan.

Herriko diagnostikoa osatzeko eta herritarrek bakardade ez hautatuaren inguruan duten pertzeptzioa jasotzeko bi bide erabili ziren. Batetik, herritar guztiei zabaldu zitzaien galdetegia: guztira, 109 pertsonak erantzun zuten; 20 urte ditu gazteenak, eta 90, zaharrenak. Bestetik, herriko 36 eragile elkarrizketatu ziren. Datu horiek zein galdetegi eta elkarrizketetatik ateratako ondorioak ezagutaraziko dira, aurkezpenean.

Hau egin ostean Aginagako auzoko 65 urtetik gorako adineko pertsonengana zerbitzua gerturatu da eta egoera hauskorrean egon daitezkeen aginagarren zaintza hobetzeko komunitatarekin loturak sustatzeko oinarriak ezartzen hasi dira. Hain zuzen ere, 45 adineko pertsonekin harremanetan jarri dira balorazio bat egin, proiektuan parte hartzeko aukera eskaini eta herri mailan dauden zerbitzuen informazio eta orientazioa eskaini zaie. Aldi berean, auzoko eragile zein bizilagunekin talde motore bat osatu da auzotik auzoarentzat zaintza sareak sortzeko helburuarekin. Aipagarria da esatea Hurbilduz egitasmoa Adinberriren Hariak -Bakardadeei aurre egiteko Gipuzkoako estrategia- diru laguntza deialdiko proiektuetako bat izan dela eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu duela, ia 79.000 euroko dirulaguntzarekin.