Eduki publikatzailea
2016·10·03
Herriko nagusienen edota dibertsitate funtzionala duten usurbildarren osasuna zaindu asmoz, Usurbilgo Udalak, beste eragile batzuekin batera, ‘Goazen Kalera’ ekimena martxan jarri du. Ekimen horren bitartez, herritik zehar joango diren ibilbide ezberdinak planteatuko dira, ohitura osasuntsuak bultzatuz. Horretarako, asteazkenero, 11:00etan, Artzabalen izango dute hitzordua partehartzaileek.
Lehen ibilaldia urriaren 19rako iragarri dute antolatzaileek, eta 2017ko ekainean bukatuko da. Nahiz eta edonork duen ibilaldi horietan parte hartzeko aukera, bereziki adineko pertsonentzat eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat bideratu da ekimena. Horretarako, herrigunetik lau ibilbide zehaztu dituzte antolatzaileek, eta astero bat egingo dute. Horrez gain, asteazkenero ibilbideak egiten dituzten heinean, zigilu batekin partehartzaileen txartel propioak markatuko dira, eta aldizka ‘Hurbilago’ merkatari eta ostalari elkartearen eskutik sorpresatxoak egongo dira.
Herriko eragileen laguntza
Astero, ibilbidea bukatu ondoren, mokadutxo bat jateko aukera egongo da Artzabalen bertan. Eguraldi txarra eginez gero, partehartzaileak Artzabalen bertan geratuko dira, gorputza eta osasuna zaintzeko ariketak eginez.
Ekimenak babes zabala jaso du eragile zein erakundeen aldetik. Usurbilgo Udalaz gain, Hurbilago merkatari eta ostalari elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak parte hartu dute. Horrez gain, Gure elkarteak, Gure Pakea eta Arrate jubilatu elkarteak, DYAk, Udarregi ikastolak, Lanbide hastapenak edota odol emaileek ere laguntza baliogarria eskaini dute.