Albisteak
Atzealdea

“Gizartearen egungo erronkei erantzuteko” aurrekontuak

Usurbilgo Udalak azken hamarkadako aurrekonturik altuena izango du 2023an, 13.168.200 eurokoa. Inbertsio ahalegin handia egiteko aukera izango du: 1.544.023 euro. Dirulaguntzetara bideratutako diru kopurua igo egingo da: guztira, 1.088.463 euro izango dira, aurrekontu osoaren %8,7. Proposamena herri/auzoetan aurkezten hasi da udal taldea, eta herritarren eta oposizioaren ekarpenak jasota, abenduko osoko bilkuran onartu asmo dituzte.

2022·11·24


Udal-gobernuak 2023ko aurrekontuen proposamena aurkeztu gaur, prentsaurrekoan. Beñat Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, “gizartearen gaur egungo erronkei tokitik, Usurbildik, erantzuteko” helburuarekin egin dituzte: “Pandemia lehertu zenean, estaldura soziala handitzeko apustua egin genuen, eta bide hori jorratzen jarraituko dugu”. Azken hamarkadako aurrekonturik altuena izango du Usurbilgo Udalak 2023an, 13.168.200 eurokoa. Inbertsio ahalegin handia egiteko aukeraz gain - 1.544.023 eurokoa -, 2022an zabaldutako hobariei eutsi eta dirulaguntzetara bideratutako diru kopurua ere igo egingo da, 1.088.463 eurora: dirulaguntza lerro guztiak eta 2022an abiatutako gizarte larrialdietarako laguntza propioa mantentzeaz gain, kulturgintzako herriko elkarteei bideratutako lerroa eta zahar egoitzetako dirulaguntza hitzartuak ere igo egingo dituzte. Aste honetan hasi ditu udal-taldeak auzokako aurkezpenak, eta hurrengo astean egingo dituzte azkenak; herritarren zein oposizioaren ekarpenak jasota, abenduko osoko bilkuran onartu asmo dituzte.

2023ko diru-sarrerak: 13.168.200 euro.

Udalaren 2023ko aurrekontua 2022koa baino %2 handiagoa izango da, 13.168.200 eurokoa, (234.200 euro gehiago). Azken hamarkadako aurrekonturik altuena izango da. Igoera horren atzean hiru arrazoi nagusi daude: foru funtsaren igoera, enpresa elektrikoen tasen igoera eta Zapategi industrialki garatzeko lortutako akordioari esker udalak izango duen ezohiko diru-sarrera.

Batetik, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik 5.033.644 euro jasoko ditu, 2022an baino 332.394 euro gehiago. Aldundiak bideratzen duen funts hori izaten da udalen diru-sarrera nagusietako bat, Larrañagaren esanetan: “Pandemiaren ondorioz nabarmen gutxitu zen arren, 2023an arnas-bide garrantzitsua izango da udalon finantziaziorako”.

Bestetik, enpresa elektrikoek udalari ordaindu beharreko kopurua nabarmen igoko da: 500.000 euro izango dira (2022an baino 215.000 euro gehiago). Enpresa horiek herriko zutoin eta kableen aprobetxamenduagatik tasak ordaindu behar izaten dituzte, eta hori urtean udalerrian izandako fakturazioaren araberakoa izaten da: beraien zerbitzuetan aplikatu dituzten prezioen gorakada dela eta, udalari ordaindu beharrekoa ere nabarmen igoko da datorren urtean.

Azkenik, ezohiko diru-sarrera bat izango du udalak 2023an, legealdi honetan Zapategi industrialki garatzeko Gureak eta Balfer enpresekin lortutako akordioari esker: hirigintza aprobetxamenduari dagozkion 861.189 euro jasoko ditu. Ezohiko diru-sarrera horri esker, udalak inbertsio esfortzu handia egin ahal izango du, 1.544.023 eurokoa. Larrañagak azaldu duenez, litekeena da hainbat proiektu eta inbertsiotarako dirulaguntzak eskuratzea, baina ez dituzte 2023ko aurrekontuetan jaso, zuhurtziaz, erabateko ziurtasuna izan arte.

2023rako onartutako ordenantza fiskalak ere nabarmendu dituzte, sarreren atalean: “Egoera sozioekonomiko zail honetako errealitatera egokitu eta, aldi berean, udal zerbitzuen garestitzearen arteko oreka bilatu nahian, KPIaren eta azpiko inflazioaren oso azpitik dagoen %1,5eko igoera aplikatzea proposatu eta onartu zen urriko osoko bilkuran”. Igoera orokor horrez gain, 2022an zabaldutako hobari sistemari eutsiko diote, krisiaren ondorioz galerak izan dituztenei eta, oro har, baliabide gutxien duten herritarrei begira.

Larrañagaren esanetan, Zapategiri esker udalak izango duen ezohiko diru-sarrerak gastuak orekatzea eta inbertsio ahalmena handia izatea ahalbidetuko du. “Ia kapitulu guztiak igo ditugu, batik bat, gastu arruntei lotutakoa, baina, horrez gain, Legealdi Planean jasotako hainbat proiektu estrategiko abiaraziko ditugu, eta dirulaguntzetara bideratutako diru kopurua nabarmen igoko dugu, kulturako zein zahar egoitzetako elkarteen dirulaguntzak pandemia aurreko kopuruetara itzularazita”.

Egitasmo aipagarrienak, kapituluka.

I. Kapitulua: pertsonalgoa.

Udal taldeak zerbitzu publikoaren alde egiten duen apustuaren erakusle, pertsonalgo gastuetara bideratutako atalak pisu handia izaten jarraituko du 2023ko aurrekontuetan ere: aurrekontu osoaren %34,95 hartzen du (4.602.570 euro), ia 2022ko ehuneko berbera. Espainiako Aurrekontu Legeak aurreikusi du soldatak %3,5 igotzea, eta hala egitea aurreikusi du udalak ere. Larrañagaren esanetan, 2023aren hasieran Egonkortze Legearen aplikazio fasea egokituko da: “Interinitate tasa modu esanguratsuan murriztuko den urtearen atarian gaude”. Aurreratu duenez, zaintzaren inguruko lanketaren ondorioz, etxez etxeko zerbitzu eraberritu kudeatzeko langile bat kontratatzea ere aurreikusi dute.

II. Kapitulua: gastu arruntak.

Prezioen garestitzeak hainbat partidaren gorakada eragin du, batez ere, eraikinen mantentze lanei lotutakoena, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatearen esanetan. “Hainbat zerbitzu eta esleipenen berritzeak prezioen eguneraketa eta gorakada eragingo dute: hala nola, kiroldegiko harrera, begirale eta garbitasun zerbitzuak edo haur eskolako matrikulazioaren igoera”.

Era berean, Legealdiko Planean aurreikusitako zenbait egitasmo garatzeko diru-partidak kapitulu honetan jaso dituzte, besteak beste: haur eskola egokitzeko hausnarketa (18.000 euro), 650 Usurbil Bizi proiektutik eratorritako hainbat ekimen garatzeko (197.000 euro), Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren plan estrategikoa zein emakumezkoen kirol sustapena (15.000 euro), Zaintza ekosistema (420.000 euro, inbertsioak barne), emakumeen etxeko dinamizazioa eta aniztasunaren kudeaketa (35.000 euro) edo memoria eta bizikidetza (30.000 euro).

IV. Kapitulua: dirulaguntzak.

Guztira, 1.088.463 euro bideratuko ditu udalak, 2023an, dirulaguntzetara (iaz baino 64.718 euro gehiago; %6,32ko igoera): aurrekontu osoaren %8,7. Pandemiak eragindako behar berriei aurre egiteko abiatutako dirulaguntza lerro guztiak eta aurten martxan jarritako gizarte larrialdietarako laguntza propioa mantentzeaz gainera, kulturgintzan lan egiten duten herriko elkarteei bideratutako dirulaguntza lerroa 25.000 euroan handituko dute (guztira, 90.000 euro), pandemia aurreko kopuruetara itzuliz, euskarazko kultur sormenerako 15.000 euroko lerroari eusteaz gain. Era berean, zahar egoitzetako dirulaguntza hitzartuek ere 10.000 euroko igoera izango dute (guztira, 25.000 euro).

V. Kapitulua: kreditu globala.

2023an ere 100.000 euro gordeko dituzte, aurreikusi gabeko gastu edo egitasmoei aurre egiteko. “Azken urteek erakutsi digute zein garrantzitsua den diru-poltsa horretaz baliatzeko aukera izatea”.

VI. Kapitulua: inbertsioak.

Beste urte batez, kapitulu honek “indar handia” izango du, Ainhoa Arrozpide zinegotziaren esanetan, Zapategiri esker. Hainbat proiektu estrategikori “bultzada berezia” ematea ahalbidetuko du:

  • Ingurumena.
    • Zumartegiko ibai ertza lehengoratzea. Aurten gerakinetik erabilitako diruaz gain, 2023ko aurrekontuetatik 132.000 euro bideratuko dira. “Proiektu honen bidez, ibai ertza txukundu eta biziberrituko dugu, herritarrei natur eremu berri bat eskainiz eta herritarrak erriora gerturatuz”.
    • Natur balioko lurren erosketa: 25.000 euro.
  • Trantsizio energetikoa.
    • 2021ean herriko argiteria publikoa aztertu eta energia kontsumoa gutxitu aztertu zen, baita sistema eraginkorragoak ere. Inbertsio handia denez, urtero partida bat gordetzen du udalak: 2023an, 90.000 euro bideratuko dira herriko argiteria berritzeko.
    • Ingurumenean jasotako 42.000 euroko partida baten bidez, hainbat helburu bete nahi dira: Agerialden eguzki plaka gehiago instalatzea, energia komunitateari bultzada bat ematea eta auto konpartitua sustatzen jarraitzea.
  • Udal azpiegiturak.
    • Haraneko zelaia berritzea. Gaur egungo Harane duela 16 urte egin zen, eta ordutik ez da berritu futbol zelaiko belarra. Belar artifizialek, oro har, 10-12 urte irauten dute, fabrikatzaileen esanetan. Hasierako urteetan erabilera ez zen egungoa bezain handia, eta horrek ahalbidetu du berritzea atzeratu ahal izatea. Egun, ordea, Usurbilgo Futbol Taldea bere historiako “momenturik osasuntsuenetarikoan” dago: 18 talde eta 290 kirolari inguru hartzen ditu, eta azken bi urteetan emakumeen taldeek izandako gorakada nabarmendu dute. “Momentu honetan, beraz, beharrezkoa da aldatzea, baita osasunagatik ere, belarraren egoera kaskarrak lesioak eragin ditzakeelako”, nabarmendu du Larrañagak.
    • Oholtza berria erostea. 50.000 euro bideratuko dira oholtza berria erostera, bi helbururekin: batetik, festetarako edo bestelako ekitaldietarako herritarren eskura baliabide egokiak jartzeko konpromisoari eustea eta, bestetik, horiek prest jartzen dituzten udal langileen segurtasuna bermatzea.
  • Auzo/herri bizigarriak.
    • Santuenea: 50.000 €.
    • Etxealdia: 75.000 €.
    • Aginaga:
      • Elutx bidea: 160.000 €
      • Eliza Zaharra: 20.000 €
      • Aparkalekua: 22.000 € (2022an, beste hainbeste)
      • N634 errepideko semaforoa: 14.000 €
    • Kalezarren, haur eskolako aldapa urbanizatu eta azpiegiturak berritzeko: 158.168 €.
    • Zubieta: 20.000 €
  • Zaintza
    • Txirikorda ekipatzea: 157.000€. Obrak bide onean doaz, eta esleipenak egiteko ordenantzari ere bide eman zioten urriko osoko bilkuran. Datorren urtean, herritarrak bertan bizitzen hasteko moduan egongo da, eta, beraz, oinarrizko ekipamenduak jartzeko bideratuko dute inbertsio hau.
    • Kalezarko igogailua: Aldundiak, Matiak eta Usurbilgo Udalak sinatutako akordioaren baitan, 300.000 €-ko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu zuen udalak. Kopuru horren erdia, 150.000€, 2023ko aurrekontuetan jaso dituzte.

Kreditu aldaketak egiteko aukera

Bestelako inbertsio txikiagoak ere jaso ditu udal taldeak aurrekontu proiektuan; hala nola, zerbitzu sailari eragingo diotenak, lanbide hastapeneko eskolari, liburutegiko zein Sutegiko beharrei edota udaleko ordenagailuak berritzeko plangintzari.

Urteak aurrera egin ahala, udalaren gerakina erabiltzeko aukera aipatu dute, beste inbertsio batzuk bideratu ahal izateko. 2022ko likidazioaren arabera izango da hori: martxoa amaierarako egin behar izaten da aurreko urteko kontuen likidazioa, eta orduan ikusiko dute aurrekontuari kreditu txertaketak egiteko aukerarik izango den edo ez.

Datorren asteko aurkezpenak

Aste honetan hasi dituzte herri/auzoetako aurkezpenak, eta datorren astean jarraituko dute bilerekin. Udal taldea saiook ahalbidetzen ari da, gainera, bakoitzari eragiten dion gai zehatzez jarduteko. Datorren asteko deialdiak:

Azaroak 28: Etxealdia (aurrekontuak eta irisgarritasun plana) eta Munalurra.

Azaroak 30: Aginaga (aurrekontuak, Elutx bidea eta N634 errepideko semaforoa).

Abenduak 1: Kalezar (aurrekontuak eta Kalezarrerako trafiko proposamena).