Eduki publikatzailea

Atzealdea Ainara Mendiola: "Euskara ez zela borondate hutsez salbatuko aldarrikatu zuen Arregik"

Hilaren 15ean emango dute Rikardo Arregiri buruzko film laburra Sutegin: Andoain eta Usurbil artean grabatu du Maluta Films ekoiztetxeak, Ainara Mendiolaren zuzendaritzapean, kazetari eta euskaltzalearen figura berreskuratzeko.

2019·12·06


Transmisioa. Horrexek bultzatu du Ainara Mendiola kazetaria (Errenteria, 1978) Rikardo Arregiri buruzko Zutik film laburra egitera, belaunaldiek aurrera egin ahala, haren ekarpena gal  zitekeelakoan. "Ez dakigu zer nolako lana egin behar izan zuen belaunaldi horrek euskara berritzeko eta estandar bat izateko, nazioarteko beste edozein hizkuntzaren pare". Usurbilgo Udalak hitzarmen bat sinatu du Maluta Films ekoiztetxearekin, eta 8.000 euroko diru-laguntza eman. Hilaren 15ean Usurbilen izango da Mendiola, film laburra aurkezten; Sutegin, 18:00etan. Gonbidapenak aurrez hartu behar dira, Lizardin edo Potxoenean.

1966an Usurbilen eman zuen hitzaldia da lanaren muina: zergatik da garrantzitsua?
Usurbilgo kultur aste baten barruan izan zen hitzaldi hori. Gauza asko esan zituen. Hasteko, kontuan hartu behar dugu Arregik 24 urte besterik ez zituela, eta inork gutxik ezagutzen zuela garai horretan; ez zen oso ospetsua oraindik. Hark baino autoritate handiagoa zuen eta zaharragoa zen jendea zeukan aurrean; Ez Dok Amairu edo Gaur-ekoak, bertsolariak, alkatea...

Batetik, hori bera erronka zen: hain gaztea izanda, hitza hartzen ausartzea eta erronka botatzea beste guztiei. Azken batean, Arregiren esanetan, ordu arteko gizarte eredua eta euskaldun fededun ideia gainditu egin behar zen, Euskal Herriak, euskal kulturak eta euskarak bizirautekotan. Euskara ez zela borondate hutsez salabatuko aldarrikatu zuen Arregik: euskal gizarte osoak egin behar zuela ahalegina ikasteko, ez bakarrik hitz egiten, baizik eta idazten eta irakurtzen; eta bidea denekin egin behar zela esan zuen, baita etorkinekin ere.

Oraindik ere balio du, ezta?
Nire ustez bai, gaurkotasun handia dauka. Hamar minutukoa izan zen hitzaldia, eta guk bi baino ez ditugu sartu, baina ondo laburbiltzen du esandako guztia. Hitzaldi horretako benetako ahotsa erabili dugu, eta horren gainean gaur egungo irudi batzuk jarri ditugu, ikus-entzuleei pentsarazteko.

Zergatik Zutik?
Batetik, Arregi ez zelako mahaian eserita gelditzen zen horietakoa: ekintzailea zen. Mahaia garrantzitsua zen, asko idazten zuelako, pentsatzeko eta irakurtzeko erabiltzen zuelako. Gainera, jende askorekin biltzen zen mahaiaren inguruan, edozeri buruz hitz egiteko, eta horrek eragina izan zuen bere pentsamenduan. Baina ez zen mahaian gelditu, zutik jarri eta hamaika proiektu egin zituen; batzuk gauzatu egin zituen eta beste batzuk martxan utzi. Bestetik, neurri batean, adierazi nahi dugu zutik dagoela hark egindako lana, baita Arregi bera ere, pertsona bezala. Bere hilarrian jartzen duen bezala, Otoi, oroi eta jarrai: oroitu dezagun eta jarrai dezagun bere bidea.