Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean’ proiektua da II. Joan Mari Torrealdai bekaren irabazlea

14.000 euroko saria jasoko dute eta 18 hilabeteko epea izango dute proiektua garatu eta jendaurrean aurkezteko.

2024·12·17


Lau proiektu aurkeztu dira Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren bigarren deialdira, askotariko ikuspegiak biltzen zituztenak; hala, antolatzaileak oso pozik azaldu dira bekak izandako harrerarekin eta erantzunarekin. Lehenengo deialdiko berberak izan dira bigarren deialdiko epaimahaiko kideak Maialen Akizu, Eduardo Apodaka, Ibai Iztueta eta Ainara Lasa, eta oraingoan ere aho batez erabaki dute EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean proiektua saritzea. Aldi honetan ere proiektuen ebaluazioa itsua izan da: epaimahaikideek ez zekiten proposamenen egileak zeintzuk ziren.

Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak elkarrekin sortu zuten Joan Mari Torrealdai ikerketa beka, 2022an. Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak gogoratu duenez, Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazioz jaio zen beka, Torrealdaik bizitza osoan egin zuen horretan sakontzeko asmoz: ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan, etorkizunari so. Solaberrietak gogoratu duenez, Torrealdaik sarri esaten zuen izatea ekitea dela: “Eta egiten duguna bagara, behar dugu garaiko egoerak aztertu eta etorkizunerako bideak planteatu. Horixe da beka deialdi honen bidez arakatu arazi, aztertu arazi eta ikertu arazi nahi duguna. Kulturgintzarentzat akuilu ez ezik, aukera bat ere izatea nahiko genuke, biharko egunari nola heldu eta ze bideetatik ekin edo jarraitu aztertzeko. Kulturgintzak eta, oro har, euskalherrigintzak ezinbesteko du hausnarketa hori, etorkizunari so egiteko”.

Haritz Azurmendi Arrue Jakineko kide eta bekaren koordinatzaileak azaldu duenez, lau proposamen jaso dira II. Joan Mari Torrealdai bekaren deialdian: “Lau proposamen sendo, guztiak ere interesgarriak”. Gogoratu duenez, Torrealdairen liburugintza azterketaren eredua jarri zen bigarren deialdiaren oinarrian. “Hark liburugintza aztertuz ordura arteko euskal kulturaren bilakaeraz ondorio esanguratsuak atera zituen bezala, bekako proiektuek beste hainbeste egitea nahi genuen, izan liburugintzaren arloan bertan, izan beste kultur esparruetan. Bigarren bide horri heldu diote proposamenek”, azaldu du. Hala, zinemagintza, azken urteetako rol jokoen gorakada, jakintza soziolinguistikoa zein musikagintza esparruko proposamenak jaso dira.

EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean proiektua

Erabakia aho batez hartuta, epaimahaikideek hainbat arrazoi aipatu zituzten proiektuaren alde egiteko. Batetik, gaiaren interesa: “Euskal musikagintzaren bilakaera eta jaialdi-ereduen eztabaida boladan dagoen gai bat izanda, bereziki interesgarria zitzaigun horri buruzko gogoeta egin ahal izatea”. Bestetik, aztergaia bera, EHZ festibalaren bizialdia, euskal musikagintzaren eta jaialdien lagin esanguratsua dela aipatu zuten. “EHZ erreferente da, bai euskal musika eszenan bertan, baita antolakuntza ereduan ere: zalantzarik ez daukagu ikasgai bat baino gehiago aterako direla, orokorgarriak izango direnak”. Torrealdairen ikerketen eragile izateko bokazioa, bekak sustatu nahi duen horixe, dauka EHZren inguruko ikerketa honek, gainera: “Proposamenak esplizituki jasotzen zuen hori. Boluntario ibilitako kideek gauzatuko zutela esaten zen, eta ikerketa festibalaz eta euskal musika eszenaz gogoeta egin ahal izateko tresna izango zela, baita emaitzak EHZren bueltako balioen eta jardunen transmisioa indartzeko erabiliko zirela ere: horrek guztiak argi uzten du proiektuaren potentziala”. Azkenik, zabalpen bide ugari eta interesgarriak proposatu dituzte, epaimahaikideen ustez: “Zalantzarik ez dute izan ikerketa eragilea izango dela eta ez dela kaxoi batean ahaztuta geratuko”.

EHZ-tik ikasiz, “oraingo eta biharko korapiloak askatzeko”

Eskerrak emanez hasi dute hitz hartzea proiektuaren bultzatzaileetako bi diren Joana Barbierrek eta Aitor Servierrek. “Ohorea da, guretzat, Joan Mari Torrealdairen izena daraman beka jasotzea: lanean jarraitzeko motibatzen gaitu”, nabarmendu du Barbierrek. EHZ-k 30 urte beteko ditu 2026an, II. Joan Mari Torrealdai bekaren plazaratze urtearekin bat eginez: “Duela bizpahiru urte gogoeta fase bat hasi genuen, jakin gabe zer atera nahi genuen hortik: orain berriz abiatu garenean, bekaren berri izan dugu, eta sorpresa izan da”.

Servierrek azaldu duenez, EHZ adibide harturik euskal musikagintzak izandako bilakaera aztertzea dute helburu, baina harago ere joan nahi dute: “Ekosistema oso bat aztertzeaz ari gara: musikagintzak eta kulturgintzak, oro har, sorkuntza behar du, zaleak behar ditu, eragileak behar ditu eta boluntarioak behar ditu”. Zentzu horretan, EHZ-ren ibilbide osoan funtzionatu duten eta ez duten alderdiak aztertuta, “ondorio mamitsu batzuk” atera ahal izango dituztela nabarmendu du, “autokonplazentzian erori gabe”: “Azterketa ez dugu ikuspegi nostalgiko batetik egin nahi, gibelera begira, oraingo eta biharko korapiloak askatzeko asmoz baizik”.

Emaitza Euskal Herri osoan zabaltzeko nahia adierazi dute Servierrek eta Barbierrek: “Kulturgintzaren eta herri mugimenduaren espazioetan, batik bat, gu hortik gatozelako. Lehentasunez gazteekin lan egiten dugun heinean, gazteen espazioetara jo nahi dugu, baita ikastetxeetara ere”. Emaitza plazaratzeko euskarririk ez dute zehaztu nahi izan oraingoz, baina hainbat maneratan plazaratuko dutela aurreratu dute.

Lorea Agirre Jakinen zuzendariak nabarmendu duenez, Joan Mari Torrealdaik hainbat eremutan ikertu eta ekin zuen, “beti sakon eta beti testuingurua ondo ulertzen saiatuz eta beti oinak lurrean jarriz, ez airean, ez abstraktuan, eta beti herri batentzat, kultura batentzat eta hizkuntza batentzat”. Alde horretatik, lan irabazlea “bete-betean ezkontzen da” Torrealdairen ikerketa eta ekintza sustraituaren ideiarekin, haren ustez. “Jakinentzat poz handia da lan hau izatea irabazle eta lagun hauek sarituak, izan ere, kulturgintzan eta herrigintzan lur hartzen duen lana da, eta, gainera, etorkizun betean den kultur egitasmo baten ingurukoa, hainbat muga hautsi eta elkargune berriak eraikitzeko baliagarri izango dena: hala nola, belaunaldi artekotasuna, muga-gaindikotasuna eta kultur diziplina artekotasuna”.

Usurbilgo Udalaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmena

Udalak eta Jakinek lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2022an, lau urterako, eta Joan Mari Torrealdai bekaren deialdia bi urtean behin egiteko asmoz: lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko, eta bigarrena, lana gizarteratzeko. Agirrek gogoratu duenez, Torrealdai euskalgintzaren eta euskal kulturgintzaren azken 50 urteetako eragile, ikerlari eta pentsalari nagusietako bat izan zen, eta hark zabalik utzitako bide horri jarraitu asmoz abiatu zuten beka, Usurbilgo Udalarekin batera, Torrealdai Foruan jaio bazen ere, Usurbil izan baitzuen bizileku eta bertako herritar baitzen.

Irabazleek 14.000 euroko saria jasoko dute, eta, orain, 18 hilabeteko epea izango euren proiektua gauzatu eta jendaurrean aurkezteko