Eduki publikatzailea
Atzealdea ‘Andatza: errotarriak, mugarriak eta aztarna arkeologikoak’ jardunaldiak egingo ditu udalak azaroan eta abenduan
2020·11·12
Aurkikuntza ugari izan dira Andatzan azken urteetan. Batetik, errotarrien eta mugarrien azterlana amaitu berri dute Joseba Alonsok, Javi Castrok eta Asier Agirresarobek. Bestetik, hainbat dira Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako indusketak, eta aurkikuntza berriak egin dituzte, haiek ere, azken urtean. Horiek guztiak izango dituzte ardatz azaroan eta abenduan egingo diren Andatza: errotarriak, mugarriak eta aztarna geologikoak jardunaldietan: azaroaren 19an, Txangostako eta Irigaingo aztarna arkeologikoen inguruko solasaldia eskainiko du Aranzadik, eta abenduaren 17an, errotarriak eta mugarriak izango dituzte hizpide Alonsok, Castrok eta Agirresarobek. Osasun egoerak ahalbidetzen duenean, horiek guztiak bertatik bertara ezagutzeko ibilaldiak egingo dituzte, ikerlarien laguntzarekin. Usurbilkultura.eus webgunearen bidez eman behar da izena (oraingoz, azarokoan eman daiteke).
ERROTARRIAK
Javi Castro ikerlariak Andatzan egindako lanari esker, munduan harrobi kopuru gehien duten bost udalerrien artean dago Usurbil: 24 harrobi eta 129 errotarri topatu ditu. Errotarri horiek aztarnak baino ez dira: bukatu aurretik hautsi ziren, eta han utzi zituzten. Amaitu gabeko bi errotarri kalean bertan ikus daitezke: bat kaxkoko errotondan dago, eta bestea San Estebanen, eta biak ere Santos Jauregik jaitsi zituen. Ehundik gora dokumentu topatu ditu Castrok artxiboetan, baina landa lan gutxi egin izan da orain arte: topatutakoak ikusita, Andatza “bitxi geologikoa” dela dio. Errotarriak konglomeratuzkoak dira, kuartzo ale txikiak dituztenak: Castroren esanetan, bakarra da Gipuzkoan, konglomeraturik ez baitago lurraldeko beste udalerrietan, eta Andatzakoa “kalitatezkoa” dela dio. Andatzako harrobiak aipatzen dituen dokumenturik zaharrena 1388. urtekoa da, eta harrobiak ustiatzearen inguruko auziak etengabeak dira topatu dituen dokumentuetan, Andatzako errotarrien langintzak zuen interes ekonomikoaren erakusgarri: itsasoz zein lurretik, Gipuzkoara eta Euskal Herri osora esportatzen zituzten errotarriak. Horretan aritzen ziren herriko 50 familia ingururen datuak lortu dituzte: 58 bat hargin 255 urteko epean.
2005ean Grenoblen (Frantzia) errotarriak aztertzeko bildutako mundu osoko hamabost ikerlarietako bat da Castro. Euren borondatez eta bakoitzaren aukeren arabera egiten dituzte azterketak.
MUGARRIAK ETA ORREAGA
Mugarri pribatuak zein publikoak daude Andatzan. Pribatuen artean daude Orreagako Andre Maria kolegiatarenak, historia luzea dutenak. Usurbilek 1371. urtean eskuratu zuen udalerri izaera, eta ordurako jarriak zeuden Orreagaren mugarriak. Orreagak hainbat lur jaso zituen dohaintzan, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo. Baita Andatzan ere. Hain zuzen, Andatzan, Orreagaren lau mugarri ezagutzen ziren orain arte, eta Alonsok beste bi topatu ditu azken urteetan. Mugarriok, gainera, Gipuzkoako zaharrenak izan daitezke, Alonsoren esanetan. Gurutze eta kiribil banak adierazten dute zein mugarri diren Orreagarenak: 1600 urtera arte, kiribila eskuinaldera marrazten zuten, eta hortik aurrera, ezkerraldera. Usurbilen topatutakoek eskuinaldera dute kiribila.
Artxiboetan bilaka, gainera, dokumentu berezi bat topatu du: 1389koa da, Orreagaren eta Zizurkilgo bizilagunen komunitatearen arteko auzi batena (Zizurkilek 1615ean lortu zuen udalerri izaera). Izatez, dokumentu horren erdia Orreagan topatu dute, eta bestea erdia Zizurkilek zeukan: sortu eta 18 urtera, Usurbilek, ezer egin gabe, bere lurren azalera handitzea lortu zuen. Aurkitu dituzten Orreagako mugarriek eta dokumentuek argi erakusten dute, ikerlarien ustez, Orreagak Andatzarekiko zuen interes bizia.
Orreagakoen ondoan, MP edo Mendi Publikoa inizialak dituzten mugarriak daude: administrazioak mugarriak jartzen hasi zirenean, Orreagakoen ondoan jarri zituzten jada hor zeudelako, eta ez zelako eztabaidatu muga horien kokapena; eta, duten balio historikoa tarteko, ez zituzten kendu. Mendi Publikoaren kudeaketa, 1970eko hamarkadaz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio.
AZTARNA ARKEOLOGIKOAK
Arkeologikoki “oso mendi aberatsa” da Andatza, Izaro Quevedo Aranzadiko arkeologoaren hitzetan: gizakiak gutxi eraldatutako gunea izaki, aztarnak nahiko ondo mantendu direla nabarmendu du. Manu Zeberio eta biak dira Andatzako proiektuaren zuzendariak. 2003 inguruan hasi ziren Andatzan lanean, baina bertan behera utzi behar izan zuten ikerketa, eta 2018an ekin zioten berriz. Urte horretan, trikuharri berri bat topatu zuten Txangostan, 1984an Antton Agirre Sorondok harrespila izan zitekeela esan zuen hura. Euren helburua izan zen gizakiak egindako egitura bat zen edo ez ziurtatzea, eta halaxe izan zen. “Trikuharri honen berezitasunetako bat bere kokalekua da, Andatzaren ipar isurialdean topatutako lehenengoa baita”. Egitura nolakoa zen jakiteko lanekin jarraitu zuten iaz, eta lehen material arkeologikoak topatu zituzten, hala nola, suharriak; aurten, suharriez gain, harri leunez egindako lepoko ale bat ere topatu dute Txangostan.
Irigainen, berriz, 2004an aurkitutako erromatar garaiko aztarnategiaren ikerketa berreskuratu dute aurten. Aurkitu dituzten material gehienak erromatarren garaiko zeramika arrunta dira, tornu motelez egindakoak. Lur egosi zatiak eta garaiko eraikinen aztarnak ere topatu dituzte. “Hasieran, Irigainen garaiko etxola bat zegoela pentsatzen genuen, baina aztarnategia uste baino handiagoa da: material kopuru handia jaso dugu, eta etxola bakarra izan partez eraikin bat baino gehiago zeudela pentsatzera eraman gaitu”. Hurrengo urtean ere bertan lanean jarraitzeko asmoa dute.
‘Andatza: errotarriak, mugarriak eta aztarna geologikoak’
- Azaroak 19: Txangosta eta Irigain. Sutegiko auditoriumean, 18:30ean.
- Abenduak 17: Errotarriak eta mugarriak. Sutegiko auditoriumean, 18:30ean.
- Osasun egoerak ahalbidetzen duenean: ibilaldiak Andatzan.