Eduki publikatzailea
2016·07·03
Udal legegintzaldiko lehen urteurrenaren harira, Usurbilgo Udaleko gobernu taldeak denbora tarte horren irakurketa eta balorazio politikoa kaleratu du. 'Aldaketa jarraituaren' ideia nabarmendu dute udal ordezkariek, iragan legegintzaldietatik jasotako ondasun politikoari jarraipena eman, eta, aldi berean, lanean aritzeko berritasunak ezarri dituztelako. Berritasun horietatik abiatuta, landu duten Gobernu Plana balioan jarri nahi izan dute gobernukideek, legegintzaldi honetarako bizkarhezur eta etorkizuneko Usurbil irudikatzeko tresna baliotsua izan daitekeela uste baitute. Zentzu honetan, Udalak arlo sozioekonomikoa lehenetsiko du legegintzaldia bukatu bitartean.
“1714 bozkekin eta %57,56ko portzentaiarekin irabazi genituen hauteskundeak. Horrek erakutsi zuen gure proiektu politikoak baduela babesa herri honetan. Azken legegintzaldietan gure kideek eginiko lana baloratu zuten usurbildarrek, eta hurrengo lau urteetarako gugan jarri zuten beren konfiantza. Ardura horrekin, momentura arte ondo eginikoari jarraipena eman eta egindako akatsetatik ikasten saiatu gara”, adierazi du Alaitz Aizpurua gobernu taldekideak.
Hala ere, jarraipen horri berritasunak ezarri nahi izan dizkiote: “Legealdiko norabidea eta konpromisoa Gobernu Planean definitu dugu, eta horri begiratuko diogu zertan eta nola ari garen argitzeko. 118 egitasmoko plana da, usurbildarron beharrei erantzuteko diseinatua. Ilusioz egindako plana da, anbizio handikoa eta exijentea”, nabarmendu du Xabier Arregi alkateak.
Aurtengo hiru ardatz nagusiak
Izan ere, Gobernu Plana lantzea izan da legegintzaldi honetako berritasun nagusienetarikoa. Plana osatzeko, jatorri ezberdinetatik jaso dituzte ekarpenak: hauteskunde programatik, herritarren artean eginiko prozesu partehartzaile batetik eta Usurbilgo eragileetatik. “Hauteskundeetara programa batekin aurkeztu ginen, baina behin hauteskundeak irabazita, sentsibilitate ezberdinetako jendearentzat ari gara lanean, beraz ikuspuntu ezberdinak uztartu behar izan ditugu garena ahaztu gabe”, azaldu du Arregik. Auzo guztiak balioan jartzea, parekidetasunaren aldeko apustu irmoa, jasangarritasunerako pausoak, adin guztietarako zuzendutako zerbitzuak, inklusibitatea zaintzea eta bizikidetzarako oinarri sendoak ezartzea izango dira zainduko dituzten arloetako batzuk.
Lehen urte honetan landutako beste ardatzetako bat Hiria Antolatzeko Plan Orokorra edo HAPOa izan da. Herriko lurrek izango duten erabilera ezberdinak definitzen ditu HAPOak. Natura babesteko eremuei, industriguneei, etxebizitzei, mugikortasunari, jarduera ekonomiko eta sozialei, ekipamenduei eta ondare historiko eta kulturalei dagokienean, beharrezkoak diren neurriak zehaztu eta programatzen ditu. Prozesua ahalik eta aberasgarriena izan dadin, Udalak 'Oraina da Geroa' prozesu partehartzailea burutu du.
Erraustegiaren gaiak ere polemika handia eragin du herrian eta Udalak bere posizioa agerian utzi du. Gobernu taldeak Usurbilen erraustegirik ez duela nahi adierazi eta galdeketa antolatzen saiatu da. Hala ere, Espainiako Gobernuak baimena ukatu dio, beraz herritarren esku utzi behar izan du hura egiteko ekimena. Zentzu horretan, Usurbilgo alkateak Zubietako auzia udalbatzarretara eraman eta alderdi interesez gaindi lantzeko eskatu die lurraldeko alkate guztiei, erabaki horren atzean “arazo etiko eta demokratiko” bat dagoela argudiatuz.
Neurrien balorazioa
Gobernu Planean barnebiltzen diren 118 ekimen eta proiektuak erritmo onean dihozela nabarmendu dute Udaletik. Hauek dira, beste batzuen artean, burutu direnak:
- Mugikortasun eta espazio libreen plana idatzi eta abian jarri
- “Errioa bizi!” Oria ibaiaren paisaiarako ekintza-plana garatu
- Argikuntza-sarea progresiboki berritu, kontsumo baxuagoko LED argiak jarriz
- Herri garbiketarako makineria ordezkatu
- Enpresen berrikuntza teknologikorako Barnelkar eta Kit programak abierazi
- Usurbil herri-txartela martxan jarri herriko merkataritza eta ostalaritzaren promoziorako
- Usurbil Txanpona indarrean jarri
- Helduen euskalduntzea doakoa izan dadin dirulaguntzak bideratu
- Herriko eragile kulturalak ahaldundu zuzeneko laguntzekin eta azpiegitura egokiekin
- Garapen bidean dauden herrialdeei laguntzak Euskal Fondoaren bidez ematea
- Eguneko zentroko eskaintza handitu
- Indarkeria matxista eta sexistaren aurkako protokoloa sinatu
- Udalaren webgunea biziberritu