Albisteak
Atzealdea

‘650 Usurbil bizi’, herriaren erakusleiho

Jon Maia bertsolariak Usurbilen neurrira egindako turismo plana osatu du, udalaren eskariz: herriko eragileekin egindako bilerak izan ditu oinarri. Usurbil sortu zela 650 urte bete diren honetan, etorkizunera begiratzeko akuilu izan du Maiak: “650 urteren ostean honelakoa da Usurbil: nolakoa izatea nahi dugu?”. Bisitariei Usurbilen nortasunaren parte diren eremu guztiak eragileen eskutik ezagutzeko aukera ematea proposatu du. Zentzu horretan, udal-gobernuak ezinbestekotzat jo du udalaren eta komunitateko kideen arteko lankidetza. 2022an, udalak 75.000 eurotik gora bideratuko ditu plana gauzatzen hasteko.

2021·12·13


Jon Maia bertsolariak 650 Usurbil Bizi turismo plana aurkeztu du Sutegin. Udalak turismoaren ohiko eredutik aldenduko den plana osatzeko eskatu zion, Usurbilerako propio sortua, eta zeregin horretan murgilduta ibili da bertsolaria 2021ean: zazpi hilabetean 40tik gora bilera egin ditu herriko eragileekin. Jasotako ekarpenekin, “anbizio handiko” plana osatu du, eta horixe aurkeztu die bertaratu diren dozenaka lagunei.

Leloa: ‘650 Usurbil Bizi’.

Herriaren 650. urteurrena hartu du Maiak proposamenaren aterki nagusitzat. Urteurrena, kasu honetan, atzera begiratzeko baino, aurrera begira jartzeko erabili du: “650 urteren ostean, honelakoa da Usurbil: nolakoa izatea nahi dugu, hemendik aurrera? 650 Usurbil Bizi leloak Usurbilen baitan dauden aukera, ikuspegi, ezaugarri guztiei egiten die aipamen, Usurbilen barruan dauden Usurbil guztiei: metafora eginez, 650 Usurbil daudela, alegia”. Bizi lemak, gainera, bi adiera hartzen ditu, leloan zein planean: barrura zein kanpora begirakoak. Barrura begira, herri identitatearen dinamizazioari egiten dio erreferentzia, eta kanpora begira, herri identitate horren proiekzioari. Turismo planari lotutako logoa ere erakutsi du.

Eskaintza

Usurbilgo eragileen jardunak herriaren nortasuna osatzen duen heinean, eremu horiek guztiak eragileen eskutik ezagutzeko aukera ematea proposatu du Maiak. “Hainbat Usurbil daude: iraganetik datozenak, gaur egungoak eta etorkizunekoak. Plan honetan, nagusienak bereizi ditugu, gairik gai, eremuz eremu, identifikatu ditugun Usurbil nagusiak”, azaldu du Maiak. Haren proposamena da bisitariei Usurbil horiek guztiak eskaintzea, eta, horretarako, bakoitzak bere lanketa eta diseinu prozesua beharko du. Horietako zenbait ere aipatu zituen, besteak beste, Sagardoaren Usurbil, Txalapartaren Usurbil, Zero Zabor Usurbil, Errioaren Usurbil, Ondarearen Usurbil, Usurbil museo irekia, Angularen Usurbil, Ez Dok Amairuren Usurbil, Memoria Historikoaren Usurbil eta Zaintzaren Usurbil.

Maiak Usurbil bakoitzerako proposamenak bildu ditu planean, Usurbil bakoitzari balioa eta bultzada emateko. “Batzuetan jadanik badagoen eskaintzari argia eman eta proiektu honen baliabideekin eta erakusleihoetan dinamizatzeko aukera dago. Beste batzuetan eremu bakoitzean egin daitezkeen gauzen proposamena egiten da”. Lanketa hori eginda, bisitariek euren interesen araberako Usurbil aukeratu eta ezagutzeko aukera izango lukete, herrian alor horretan aritzen diren eragileen eskutik.

Turismo eredu propio horren arrakasta neurtzeko parametroak ere ohiko turismo ereduaren desberdinak izango dira. “Azken emaitzaren arrakasta neurtzeko adierazleak ez dira izango hainbeste bisitari kopurua, egonaldiaren iraupena edo kontsumo gastuaren batez bestekoa. Lan honen arrakastaren adierazle izango dira usurbildarren ondarearen babesa, baloreen sendotzea, proposamen eraldatzaileak gizarteratzea eta herri izaeraren dinamizazioa. Eta horren kalitateak eragingo du bestea”.

2022: aurreikusitako urratsak.

Planaren oinarria eragileekin egindako bilerak izan dira, eta, hain zuzen ere, planaren protagonistak ere haiek izan daitezen proposatu du udalak, sustapen publikoarekin batera. Halaxe adierazi du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak: “Gure ustez, hau ez da bulego batetik turismo teknikari batek garatu beharreko egitasmoa. Bere berezko izateari uko egingo genioke, horrela egingo bagenu. Erabateko bultzada eta sustapen publikoarekin batera, komunitatearen sostengua, bultzada eta parte-hartzea ezinbestekoak ditu. Udalaren eta ekimen komunalaren arteko lankidetza behar du, erantzunkidetasunetik sustatuta”.

Hala, Sutegiko aurkezpena baliatu dute lankidetza hori sortu, gorpuztu, eta forma emateko helburu izango duen parte-hartze prozesura herriko eragileak gonbidatzeko. Alkateak azaldu duenez, Talaios kooperatiba aukeratu du udalak prozesua dinamizatzeko, halakoetan duten esperientzia tarteko. “Prozesuak berak esango digu halako egitasmo batek zer-nolako lankidetza markoak eskatzen dituen eta zer-nolako egitura, herri-egitura, sortu beharko genukeen, esaterako, herri kooperatiba bat”.

Prozesu hori garatu bitartean, modu paraleloan, udalak hainbat urrats egingo dituela baieztatu du Solaberrietak. Horietako bat izango da proiektuaren erakusleiho nagusi izango den webgunea sortu eta martxan jartzea. Udalak, horrez gain, planean aurreikusitako hainbat proiektu edo proposamen gorpuzten hasteko banakako lanketak eta hitzarmenak sinatuko ditu. “2022ko aurrekontuetan 75.000 euro gorde ditugu: lehentasun batzuk finkatu ditugu, kronograman kokatzearekin batera”. Maiak berak udalarekin elkarlanean jarraituko du, lan horiek egiteko. Udal-gobernuaren esanetan, ordea, aurrekontuetan gordetakoa baino diru gehiago bideratzeko aukera ere esku artean dute, gauzatzea erabakitzen den proiektuen arabera.

Turismoa, legealdiko planean.

Hain zuzen ere, udal-gobernuak Legealdiko Planean jasoa zuen Usurbilek garatu beharreko turismo ereduaren gaineko hausnarketa egitea eta plana osatzea. Solaberrietak aurreko legealdietan egindako lanketak aipatu ditu, Harria Hitz ibilbidea eta Adi Usurbil aplikazioa, kasu, baina osotasuna falta zela argudiatu du. “Puzzlearen pieza guztiak josi edo lotuko dituen proiektu bat falta zitzaigun. Eta, batez ere, ikuskera bat, eraldatzailea eta berritzailea izango dena”.

Alkatearen azaldu duenez, ohiko turismo ereduak konnotazio negatiboa du: parametro eta inertzia horietatik kanpo legokeen eredu bat eta eskaintza bat osatzea izan da udal-gobernuaren helburua. “Izan ere, gaur egungo turismo ereduak, gehiegizko turistifikazioak, albo-kalte handiak ekartzen ditu: inbaditzailea da, espekulatzailea, gutxi batzuek baino ez dituzte jasotzen onurak, gure hizkuntza bigarren mailan uzten du, salneurrien igoera...”.

Maiak proposatutakoa “turismo plan bat baino askoz gehiago” da, Solaberrietaren esanetan. “Dimentsio handiko herri-proiektua da, Usurbil bizigarria helburu duena, proiektuaren arrakasta, onurak eta protagonismoa tokiko eragileen gain jartzen dituena, eta, ondorioz, gure herriaren garapen sozioekonomiko eraldatzaileari bultzada handia eman diezaiokeena, Usurbilgo ekosistema komunitarioa estrategia komun honen barruan ehuntzeko gai bagara”.