Publicador de contenidos

Atrás Zubietaren herri izaera sendotu eta babes juridikodun administrazio eredu bat egituratzeko eskea, Batzar Nagusietan

Zubietako Herri Batzarreko eta Usurbilgo zein Donostiako udaletako ordezkariak Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan dira, udalerrien mugak arautzen dituen foru araua berrikusteko asmoz egiten ari diren ponentzian.

24·03·2022


Gipuzkoako Batzar Nagusietan ponentzia bat egiten ari dira lurraldeko udalerrien mugak arautzen dituen foru araua berrikusteko asmoz. Orain arte, hainbat udalerritako ordezkariak pasatu dira bertatik (Itziar-Deba; Ereñozu-Hernani; Angiozar-Bergara, Igeldo) eta, atzo, Zubietaren txanda izan zen: Zubietako Herri Batzarreko zein Usurbilgo eta Donostiako udaletako ordezkariek hartu dute hitza ponentzian. Usurbilgo Udalaren izenean Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak hitz egin du, eta nabarmendu du ponentziak aukera berri bat zabaldu beharko lukeela “Zubietaren batasuna indartzeko, herri-izaera sendotzeko, babes juridikodun administrazio-eredu bat egituratzeko, eta, azken batean, Zubietaren borondatea errespetatuko duen marko bat garatzeko”.

Usurbilgo Udalak Zubietarekiko duen ikuspegia argituz hasi du hitzartzea Solaberrietak: “Zubieta herria da, nahiz gaur egungo egituraketa administratiboan udalerria ez den. Zubietarren erabakitzeko eskubidea babesten dugu: uste dugu zubietarrak badirela nor beren herriaren orainaz eta geroaz erabakitzeko eta burujabe izateko eskubidea dutela”. Izan ere, Zubieta bi administrazioren artean zatituta dagoen Gipuzkoako zein Euskal Herriko herri bakarra da, alkateak ohartarazi duenez.

Joxe Ramon Zubimendik idatzitako Zubieta mila urteko herria liburua oinarri hartuta, historian zehar Zubietak izandako izaera administratiboa gogora ekarri du Solaberrietak. “Usurbil hiribildu izendatu zutenerako (1371), bazen Zubietako Unibertsitatearen aipamenik”. Rosa Aierbe historiagileak dioenez, unibertsitateak lurralde autonomoak ziren, beren buruaren jabe zirenak neurri handi batean. Solaberrieta: “Gaurko begiekin ikusita, Zubieta herria zela esango genuke, XIV. Mendean zatitu zena. Izan ere, Zubieta Donostia eta Usurbilen menpeko da ordutik. Historiagile batzuen esanetan, 1379ko otsailaren 28an galdu zuen Zubietak bere independentzia. Borondatez edo ez, ez dago argi”.

Zubimendik liburuan argudiatzen du, mila urteko errepasoa eginez, XXI. Mendera “ia esku hutsik” iritsi dela zubietarren antolamendua, XX. Mendean autonomia galera handia jasan ostean. 1996An administrazio-eredu deszentralizatua ezarri zen. Horren bidez, Zubietari nortasun eta izaera berezia aitortzen zaio: Herri Batzarra berariaz sortutako organoa litzateke, Zubietaren eta bi udalerrien arteko harremana eta komunikazioa bideratzeko xedea duena, Solaberrietak azaldu duenez: “Haatik, eredu horrek ez dauka babes juridikorik. Horren ordez, bi udalen barne-arautegietan jasotzen da Herri Batzar horren izaera eta eskumenei buruzko akordioa. Bi administrazioen organo osagarri gisa sortu zen”.

Solaberrietak nabarmendu duenez, 1996an indarrean jarri zen eredu horren eraginkortasunaz gogoeta egiteko momentua iritsi da, eta Batzar Nagusietan egiten ari diren ponentzia abagune aproposa izan daitekeela baieztatu du. Haren esanetan, 26 urteko ibilbidean “argi-ilunak” daude. Zubieta herri gisa hartua ez bada ere, azken urteetan ekimen batzuk bideratu dira logika horri erantzunez, Solaberrietak gogoratu duenez, eta bi adibide jarri ditu. Batetik, 2019an Usurbilgo eta Donostiako udalek, Zubietako Herri Batzarrarekin batera, Zubietako zerbitzu eta azpiegituren kudeaketa eraginkorra egiteko sinatutako akordioa: lau urterako sinatu zen, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin. Bestetik, Usurbilgo Udalaren Plan Orokorra idazketa prozesua: herritarren ekarpenak jasotzeko parte-hartze prozesuak sustatu ditu, besteak beste, Zubietan (2020-21, “Guk Zubietan Zer?” lelopean).

Zubietarekin begirunez jokatzeko eskea

Prozesu horretan ere hiru erakundeek parte hartu zuten, EHUko arkitektura fakultateko ikertzaile talde baten laguntzarekin. Guztien parte-hartzearen garrantzia nabarmendu du Solaberrietak: “Usurbilgo Udalarentzat, Zubieta bat eta bakarra da, nortasun propioa duen herria. Eta, beraz, abiapuntua Usurbilgo HAPO bada ere, bistan da ezin genuela soilik Usurbilgo udalerriaren mugen pean dagoen Zubieta eremuaz jardun”.

Oraintsu heldu dio Donostiako Udalak egungo HAPO berrikusteko prozesuari, eta, hain justu, harekin bildu nahi du Usurbilgo Udalak epe laburrean, “zubietarrekin landutako proposamena oinarri, bi udalon arteko konpatibilizazio plan bat adosteko”, Usurbilgo HAPO behin betiko onartu aurretik hori adostuta izateko.

Solaberrietaren esanetan, Zubieta herri gisa ez hartzeak ondorio negatiboak izan ditu. “Ekarri du, adibidez, inpaktu handiko aktuazio urbanistikoak eta oso kutsakorrak eraikitzea, non era baserri-lur emankorrak dauden inguru batean”. Ekintza horien erantzuletzat jo ditu Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia, zehazki: “Azken urteetan Donostia eta Gipuzkoako erakundeetatik Zubietan sustatu dituzuen proiektu urbanistikoek (errauste planta, Eskuzaitzetako industriagunea, espetxea, eta abar luze bat), erakusten dute Zubietarekiko gutxiespena eta 1996ko ereduaren mugak”.

Hala, Zubietarekiko errespetuz jokatzera deitu ditu batzar nagusietan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak. “Ezin diogu Zubietari begiratu ustiapenerako gune berde bat balitz bezala. Beste begiratu bat merezi du: duen izaera errespetatzea eta sendotzea merezi du. Eta hala egiteko eskatzen dizuet hemen ordezkatuta zaudeten alderdi politiko guztiei, eta kudeatzen dituzuen erakundeetatik Zubietarekiko errespetuz eta zubietarren nahia aintzat hartuz aritzea”.

Bideoa osorik ikusteko: Batzar Nagusien webgunean.