Publicador de contenidos
Atrás Ziortza gazte elkarteak eta Zumarte musika eskolak botako dute Santixabeletako txupinazoa
16·06·2025
Santixabeletarako bi aste eskas falta direnean, festei lotutako hainbat edukiren berri emateko agerraldia egin du, gaur, Santixabeletako jai batzordeak. Nagusiki, egitarauaren edukia aurkeztu eta diseinu lehiaketaren irabazlea eta txupinazoa nork botako duen iragarri dute. Bihar bertan banatuko dute egitaraua, etxez etxe.
Txupinazoa eta soka dantza
Txupinazoa nork bota erabakitzeko proposamenak egiteko eskatu zitzaien herritarrei, eta apirilaren 23tik maiatzaren 23ra bitartean izan zen horretarako aukera. Azaldu dutenez, guztira, 59 boto jaso dira, eta 34 proposamen egon dira. Jasotako boto guztiak aztertu zituen jai batzordeak, eta aurtengoa txupinazo konpartitua izango dela erabaki: Ziortza gazte elkarteak eta Zumarte musika eskolak botako dute.
Ziortzak zein Zumartek 40. urteurrena dute aurten, eta txupinazoa botatzea 40 urteotan egindako lanaren aitortza egiteko baliatu nahi izan du jai batzordeak. Soka dantzako gonbidatuak ere haiek izango dira: Jon Mikel Azpiazu zinegotziak azaldu duenez, txupinazoarena ebatzi aurretik erabaki zuten haiek gonbidatzea, eta baiezkoa eman zuten. Zumarteko eta Ziortzako ordezkariek, beraz, uztailaren 1ean txupinazoa botako dute eta uztailaren 2an, udalbatzako zinegotziekin dantza egingo dute.
Festa zaintzaileak
Aurten ere, komunitate lantaldeak jai batzordean parte hartu du festen antolaketan, gainerako eragileekin batera. Espresuki adinekoengan pentsatuz antolatutako ekitaldiez gain, erraztasunak ematen saiatu dira haiek ere festez gozatzeko aukera izan dezaten eta festen parte senti daitezen, esaterako, gustuko dituzten ekitaldiak haientzako ordu aproposetan ezarriz. Hala, festetako bertso saioa 19:00etan egingo da aurten ere, edo txutxu trenaren tarte bat espresuki gordeko da Eguneko Zentroko eta Eguneko Arretako erabiltzaileentzako. Bideo zaharren emanaldi berezi bat ere haiengan pentsatuz antolatu da: iaz izandako arrakasta ikusita, 1371-1971. Usurbil villa bezala izaten hasi zenetik 600 urte lana eta Usurbilgo 1991ko Sagardo Eguna lana ikusteko aukera izango da. Bi emanaldi izango dira, 17:00etan eta 19:00etan, ekainaren 30an, eta bi lanak jarraian jarriko dira, Sutegiko auditoriumeko erosotasunean.
Egitarauaren eduki nagusiak
Santixabelak ekainaren 30etik uztailaren 6ra izango dira, eta, ohi bezala, adin eta gustu guztietarako egitaraua prestatzen ahalegindu da jai batzordea. Txupinazoa uztailaren 1ean izango da, 19:00etan, eta horren ostean herri kalejira egingo dute, buruhandi eta erraldoiek lagunduta: jai batzordeko eragile guztiek parte hartuko dute bertan, eta herritar guztiak ere bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Egun horretan bertan, gainera, festa giroa goizean goizetik sumatuko da, oilasko biltzaileak irtengo baitira. Buruhandi berriak txupinazoaren ostean irtengo dira lehenengo aldiz, eta aurkezpenean jakinarazi dutenez, beste ezusteko bat ere izango da.
Kontzertuei dagokienez, estilo desberdineko hainbat talde arituko dira, frontoian zein txosnetan: Tapia eta Leturia, Janus Lester, Viafara, La Txama, Djak, Mexico Lindo mariatxia eta Laket, besteak beste. Txarangak eta elektrotxarangak ere izango dira, noski.
Ohiko ekitaldiek ere ez dute huts egingo: bertsio gaua eta karaokea izango dira txosnetan, baita gazte bazkaria eta paella lehiaketa ere. Urteroko bertso saioa eta jubilatuen bazkaria ere egingo dituzte. Kirolik ere ez da faltako: herri kirolak egingo dira, herritarrez osatutako bi talde lehian jarrita, pala txapelketa, toka, ginkana...
Diseinuaren irabazlea
Aurten ere, Santixabeletako egitarauaren diseinua lehiaketa bidez erabaki da. Txupinazoarekin bezala, diseinu proposamenak jasotzeko epea apirilaren 23tik maiatzaren 23ra bitartean izan da, eta tarte horretan bost lan jaso dira. Lan guztiak aztertu ostean, diseinu irabazlea Unai Lopez Collantesena izan da, eta 500 euroko saria eskuratu du.
Epaimahaia bost lagunek osatu dute: jai batzordeko bi ordezkarik, kultura zinegotziak eta diseinu arloan ezagutza duten bi kidek. Lan irabazleari dagokionez, sei ideia nabarmendu dituzte: egitarau landua izatea, argia, kolore deigarriak izatea, sortzailea, azala eta barruaren arteko koherentzia eta irudi indartsua izatea.
Eraso matxistak: sentsibilizazioa eta arreta zerbitzua
Azken urteetan bezala, indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko da Santixabeletan: Emagin elkartea kontratatu du udalak zeregin horretarako. Informazio gunea eta arreta puntua jarriko dira festetako egunik jendetsuenetan, uztailaren 4an eta 5ean. Informazio gunea jai eremuan kokatuko da, Mikel Laboa plazan, eta eraso matxisten inguruko kontzientzia lantzeko balio du. Arreta puntua berriz jaietan gerta daitekeen edozein intentsitateko erasoren aurrean aurrez aurreko arreta emozionala zien bide laguntza eskaintzeko baliabidea izango da: hau Gaztelekuan eskainiko da.
Jai eta aisialdi guneetan eraso matxisten aurka jarduteko protokoloa eguneratu da herriko hainbat eragileren artean, eta aurtengo berritasun bat leku seguruak izango dira. Emaginen zerbitzurik ez den egunetan, zerbait gertatuko balitz, jaigunetik aparte eta era berean eskura egongo den leku segurua, Santixabeletan, Gaztelekua izango da: atean kutxa bat jarriko du udalak, Gaztelekuko giltza barruan duela, eta norbaitek bertara jotzeko beharra badu, taberna eta txosnetan eskatu ahal izango du kutxa hori irekitzeko kodea.
Bestelako oharrak
Prezio bereziak izango dira barraketan uztailaren 3an eta 7an. Prezioak igo egingo dira aurten, baina AFADErekin, ferialariekin, hitzarmen bat sinatu du udalak hiru urtean aurtengo prezio berdinak mantentzeko.
Egitarau elebiduna udalaren webgunetik zein Usurbil Kulturatik deskargatu ahal izango da; paperean nahi izatekotan, honako lekuetan eskuratu ahal izango da: Artzabalgo eta Santueneko zaharren egoitzetan, Sutegi liburutegian, Potxoenean eta kiroldegian.
Egitaraua (PDF): hemen.
Egitarau elebiduna (PDF): hemen.