Noticias
Atrás

Zelaiak, larreak eta landare itsutasunaz ikasitakoak, udalbatza berezian

Udarregiko ikasleek Eskolako Agenda 2030 programaren bidez azken ikasturtean landutakoak helarazi dizkiote udalari.

20·06·2022


Udarregi ikastolan zelaiak, larreak eta landare itsutasuna izan dituzte aztergai, 2021/22 ikasturtean, Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, eta bertan landutakoak udalari helarazteko udalbatza berezia egin dute. Aurten, LHko ikasleez gain, DBHkoek ere parte hartu dute lanketan. Herriko belardiak ikertu dituzte, bertako biodibertsitatea ezagutu eta belarraren garrantziaz jabetzeko, hau da, landare itsutasunari aurre egiteko.

Modu teorikoan zein praktikoan landu dute gaia, ikasgeletan zein haietatik kanpo. Herrian belardiek izandako bilakaera ere aztertu dute: erabilera desberdina dute egun, eta ohartarazi dute gutxitu egin direla, batik bat, etxegintzak bultzatuta, nahiz eta berriak ere sortu diren, hilerri zaharrekoa kasu.

Ikasturtean ikasitakoak txosten batean jaso dituzte. Bertan adierazi dutenez, belardiekiko zenbait konpromiso hartu dituzte ikasleek: ikastola ondoko belardiak garbi mantentzea, berdegune guztiak zaindu eta errespetatzea, belardiak ez zapaltzea eta zaborrak lurrera ez botatzea. Horrekin batera, udalari hiru eskaera egin dizkiote: ikastolako plaza nagusian eta Zumarten zakarrontziak jartzea, belardietan bankuak jartzea eta desagertuta dauden belardietan argazkiak jartzeko, garai batean nolakoak ziren jakiteko. Eskerrak ere eman dizkiote udalari, Aranerrekan egindako lanagatik, ikastola inguruan jarritako txokoengatik eta hilerri zaharra zegoen lekuan belardia mantentzeagatik.