Publicador de contenidos

Atrás Zaintzaile profesionalentzako arreta eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du Maitelanek

Beterri Buruntza Mankomunitatearekin hitzarmena sinatuta, bere jardunaren berri eman eta herri bakoitzerako eskaintza egingo du Maitelanek. Usurbilen, aurrez aurrekoaz gain, telefono bidezko arreta ere eskainiko du, eta zaintzaile profesionalen bilgunea dinamizatuko du, hilean behin.

27·01·2026


Maitelan zaintza kooperatibak zaintzaile profesionalentzako arreta eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du, telefono bidez eta aurrez aurre, Beterri Buruntza Mankomunitatearekin udazkenean sinatutako lankidetza hitzarmen bati esker. Horren arabera, kide diren herrietan beren jardunaren berri eman eta zenbait dinamika jarriko ditu martxan. Usurbilen, udalarekin hala adostuta, aholkularitza zerbitzuaz gain, zaintzaile profesionalek elkar topatzeko saioak dinamizatuko ditu, hilean behin. Horren guztiaren berri emango dute otsailaren 5ean, 17:00etan, Txirikordako sotoan.

Maitelan kooperatiba 2020an sortu zen Beterri-Buruntza eskualdean, eta zaintzaren sektoreko irabazi asmorik gabeko eta gizarte-ekimeneko erakundea da. Zaintza behar kolektiboari erantzun nahi diote, zaintza lanak duintzeko helburu argiarekin batera, batik bat, emakume migratuena. Mankomunitatearekin hitzarmena sinatu zuen, irail amaieran, euren jardunaren berri eman eta herri bakoitzean zenbait dinamika martxan jartzeko.

Aholkularitza zerbitzua zaintzaile profesionalek euren lanarekin lotutako gaiei edo bestelakoei buruzko kontsultak egiteko izango da. Astelehenetik ostiralera, telefono bidez emango dute zerbitzu hori, 14:00etatik 18:00etara. Aurrez aurreko hitzorduak ere eskainiko dituzte, Usurbilgo Emakumeon Etxean, bulegoa Hernanin (Gipuzkoa) dutenez, aurrez aurreko hitzordu batera joateko aukera errazteko: hileko azken ostiraletan izango da horretarako aukera, 15:00etatik 18:00etara, hitzordua aurrez hartuta.

Horrekin batera, zaintzaile profesionalek elkar topatzeko hainbat saio egingo dituzte: hilero, bigarren ostiraletan egitea adostu dute. Izatez, lehenengoa abenduaren 6an egin zuten: kasu horretan, migratuak diren zaintzaile profesionalentzako saioa izan zen, eta arrazakeriari aurre egiteko tresnen inguruan jardun zuten. Maitelanek saioon edukiak proposatuko baditu ere, zaintzaileek eurek ere izango dute egin nahiko lituzketen ekintzak proposatzeko aukera. Saiook, printzipioz, Emakumeon Etxean izango dira, baina saio bakoitzaren edukiaren arabera litekeena da bestelako ekipamendu batzuetan egitea.

Maitelan kooperatiba: 633 177 321 / sarea-red@maitelan.eus