Publicador de contenidos
Atrás Zaintza prozesuari berrekingo diote hilaren 20an
17·09·2021
Zaintza ereduari buruz Usurbilgo Udalak eta Matia Fundazioak bultzatutako parte-hartze prozesuari berrekingo diote hilaren 20an, udako etenaldiaren ondoren. Zaintzaren ertz guztiak ordezkatuko dituen talde eragilea osatu zuten udaberrian, eta hori da prozesuaren mamia lantzen ari dena. Hilaren 20koa hirugarren bilera izango dute: aurreko bi bileretako aktak Usurbilgo Udalaren webgunean deskargatu eta irakur daitezke, baita ekarpenak egin ere, formulario baten bidez, parte-hartze prozesurako propio sortutako orrialdean.
Talde eragilean daude: zaintzaile profesionalak (zentroetan zein etxe partikularretan lan egiten dutenak), familiako zaintzaileak, zaintza lanetara dedikatzen diren enpresak, Usurbilgo komunitatearen ordezkariak, zaintza zerbitzuetako erabiltzeak, Emagin taldea (prozesuan ikuspegi feminista bermatzeko) eta erakundeetako ordezkariak (udal ordezkari tekniko zein politikoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak eta Matiakoak).
Talde hori izango da prozesuaren muina landuko duena, baina bestelako foroak ere deituko dituzte, jende gehiagok parte hartzeko.