Publicador de contenidos

Atrás Zaintza ereduaren parte-hartze prozesua: bilera irekia, azaroaren 15ean

Orain arte landutakoak eta beste zenbait herritan egiten ari diren esperientziak ezagutzeko baliatuko dute bilera. Beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, 943 37 71 10 telefonoan edo parekidetasuna1@usurbil.eus helbidean.

05·11·2021


Zaintza ereduaren parte-hartze prozesuan bilera irekia deitu dute azaroaren 15erako: 15:30etik 17:30era izango da, Potxoenean. Bilerak bi zati izango ditu: lehenengoan, talde eragilean orain arte landu dituztenak azalduko dituzte, eta, bigarrengoan, beste zenbait herritan egiten ari diren esperientziak ezagutuko dituzte. Antolaketagatik, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da, 943 37 71 10 telefonoan edo parekidetasuna1@usurbil.eus helbidean.

Talde eragiletik mezu hau zabaldu dute, nahi duen oro bilerara gonbidatzeko:

Badira hilabete batzuk Usurbilen nolako zaintza eredua nahi dugun aztertzen ari garela herritar eta eragile desberdinen artean. Gaur egungo zaintza sistemak ez ditu zaintza behar duten pertsonen beharrak eta interesak asebetetzen, ezta beren ingurukoenak ere, eta argi geratu da zaintza eredu honen eraldaketa baten beharrean gaudela. Zaintza gaietan denon inplikazioa beharrezkoa da, komunitate osoaren inplikazioa, bai norbanako bezala eta baita herri bezala ere erantzun behar diogu, denon artean zaintza ekosistema bat sortuz.

Datorren azaroaren 15ean bilera irekia antolatu dugu orain arte egindako lana aurkeztu eta beste lekuetako esperientzia eta ekimen desberdinak ezagutuz Usurbilerako nahi dugun zaintza eredua irudikatzeko. Bilera hau denon arteko elkargune bat izatea nahi dugu, eta saioa hiru taldetan antolatuko dugu: talde bat zaintza jasotzen duten pertsonei eta zaintzaile familiarrei zuzendua izango da, beste taldea zaintzaile profesional eta zaintzaren inguruko zerbitzuek osatuko dute, eta hirugarren talde bat komunitatearena izango da, non herriko eragile eta herritarrek parte-hartzeko aukera izango duten.

Azaroaren 15ean izango den topaketa hau Potxoenean izango da, arratsaldeko 15:30etik 17:30era, eta bertan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da. Bi modutara egin daiteke: 943 37 71 10 telefonoan edo parekidetasuna1@usurbil.eus helbidean.

Orain arte talde eragilean landutako edukiak aldez aurretik ezagutu nahi izanez gero, orain arteko bileren aktak jaso ditugu udalaren webgunean.

Zaintza bizitzaren erdian jar dezagun.