Publicador de contenidos

Atrás Zaintza baliabide berritzaile bat jarriko du udalak martxan, udazkenetik aurrera: bizi osorako etxebizitzak

Halako sei etxebizitza daude Egurtzegin: udalak lau eskainiko ditu, usurbildarrentzat, Matiarekin alokairu kontratua sinatu ostean. Etxebizitza horien ordenantza uztaileko osoko bilkuran onartzea espero da, datorren astean, eta izen-ematea irailaren bigarren hamabostaldia ireki daitekeela aurreikusten da. Urriaren 2an ate irekien beste saio bat egingo da, etxebizitzak barrutik ezagutu ahal izateko.

17·07·2025


Udalak zaintza baliabide berritzaile bat jarriko du martxan, udazkenetik aurrera, zaintzadun etxebizitzen auzune Egurtzegin: bizi osorako etxebizitzak, zaintza behar duen pertsona eta bere zaintzailea bertara elkarrekin bizitzera joateko. Horren inguruko xehetasunak aletu dituzte, gaur, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Maider Azurmendi Matiako saretze komunitarioko arduradunak.

Solaberrietak nabarmendu duenez, gaur egungo gizartearen erronka nagusietako bat da zaintzarena: “Gero eta zaharragoa da gizartea, eta, ondorioz, iraupen luzeko zaintzak luzatzen ari dira, mendekotasun indizeak goraka doaz, familia egiturak aldatzen, eta gero eta gehiago dira bakardade egoeran bizi diren herritarrak, batez ere, bakardade egoera ez hautatuan, eta abar”. Egungo zaintza lanak antolatzeko moduak ez ditu gizartearen beharrak asetzen, azaldu duenez: “Premiazkoa da erronka honi erantzuteko herri-estrategiak diseinatzea, eta Usurbilen horretan ari gara urte luzeotan”. Hain zuzen, azken urteetako lanketa kolektiboak ahalbidetu du pertsona ardatz duen zaintza eredua inplementatu ahal izatea, eta zaintzaren bueltan lanean ari diren eragile eta baliabideak ekosistema propio batean egituratzea, haren esanetan.

Ildo horretatik, ohiko egoitza ereduari beste alternatiba bat bilatzeko beharra nabarmendu du Azurmendik: “Egoera gero eta anitzagoak ari dira sortzen, eta horrek etxebizitza aukera eta eredu desberdinen beharra jartzen digu mahai gainean”. Bizi osorako etxebizitzak aukera bat izan daitezke, haren esanetan, prebentzio moduan bakardade ez hautatuan bizi den norbaiten kasuan edo bizitokiak norbere bizi planarekin jarraitzeko aukerarik ematen ez duenean, edo behar besteko baldintzak betetzen ez dituenean, adibidez, eta garrantzia eman dio zaintzailearen egitekoak errazteko eta duintzeko bokazioa ere badutelako bizi osorako etxebizitzek.

Solaberrietak azaldu du zaintzari “dimentsio guztietatik” heldu nahi dio udalak, baita etxebizitza politiken bidez ere. Udalak eskatua dio Eusko Jaurlaritzari etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izenda dezala Usurbil. Horretarako, herriko etxebizitzen inguruko diagnostikoa egin zuen, baita horretan oinarritutako hiru urterako ekintza plan bat ere. Etxebizitza planaren diseinua eta markoa “zaintzaren betaurrekoetatik” osatu da, haren esanetan: “Gure irudiko, zahartzen ari den gizarte honetan, zaintza beharrak areagotzen eta bakardade ez hautatuan bizi diren pertsonen kopurua gora egiten ari den garaiotan, ezinbestekoa da kolektibo horri zuzendutako etxebizitzak diseinatzea eta bideratzea, zaintza behar duten pertsonei euren bizi-proiektuekin jarraitzea ahalbidetzeko”. Bizi osorako etxebizitzak hori lortzeko diseinatu dira: “Etxebizitza eredu berritzailea eta esperimentaziotik landutakoa da, gaur-gaurkoz eredu horrek oso zabalpen urria baitu gure inguruan”.

Egurtzegin zaintzadun etxebizitzak eta Eguneko Zentroa daude, eta han daude, baita ere, bizi osorako etxebizitzak ere. Zaintza ekosistemaren barruan udalak eskainiko duen beste baliabide publiko bat izango da, egungo eskaintza osatzera datorrena. Bertan biziko direnek erreferentziazko profesional bat izango dute Usurbilgo Udalean. Komunitaren babesa jasoko dute, eta babes hori Egurtzegin eskaintzen diren zerbitzu eta babesguneek osatuko dute: hau da, erreferentziazko profesional baten laguntza izango dute, udaleko erreferentearekin lotura egingo duena.

Halako sei etxebizitza daude, eta Matiarenak dira, jabetzan: udalak eta Matiak alokairu kontratua sinatu dute, seitik lau usurbildarrei eskaini ahal izateko. Udalak, era berean, alokairuan eskainiko dizkie herritarrei, eta horien erabilera, esleipena eta baremazioa arautzeko ordenantza landu berri du.

Bizi osorako etxebizitzak laguntza edo zaintza beharra daukan pertsonari eta bere zaintzaileari (izan afektiboa edo profesionala) zuzenduta daude, elkarrekin bizitzen jarraitu eta euren bizi proiektuarekin jarraitzeko aukera izan dezaten. Zehazki, onuradun izan daitezkeen hiru kolektibo definitu dira ordenantzan: I, II edo III graduko mendekotasuna aitortua izan eta gutxienez 60 urte dituztenentzat; I, II edo III graduko mendekotasuna aitortua izan, 18-59 urte bitartean, eta %65eko desgaitasuna aitortua dutenentzat; %75eko desgaitasuna aitortua izan eta 18-59 urte artean dituztenentzat. Edonola ere, egoera berezien aurrean, gizarte langileek baloratuko dute onuradun izateko aukera, txosten bat eginez.

Etxebizitza zaintza behar duen pertsonari esleituko zaio. Bizikidetza unitateak, gehienez, hiru pertsonaz osatuta egongo dira; edonola ere, egoera bereziren bat balego, berariaz aztertuko da. Esleipendun bakoitzak ordaindu beharreko errentak, gastu orokorrak barne, ez du bizikidetza unitatearen diru sarreren %30 gaindituko, eta gehienezko prezioa alokairuaren erreferentzia-indizeak finkatutakoa izango da. Errentaz gain, zaintza zerbitzu osagarriengatik kuota bat ordainduko dute maizterrek, errentaren proportzio berean finkatuko dena; gehieneko errenta ordainduz gero, kuotaren zenbatekoa 100 eurokoa izango da, gehienez. Gainontzeko kasuetan, errentaren proportzio bera aplikatuko zaio kuotaren zenbatekoari. Adinez nagusiek kontratuan titulartasun partekatua izango dute, eta denen diru sarrerak hartuko dira kontuan errenta kalkulatzeko (langile profesionalen kasuan izan ezik).

Esleipena udaleko Gizarte Zerbitzuek egingo dute, baremazio eta elkarrizketetatik eratorritako txosten bat eginez, ondoko irizpideak aintzat hartuz: etxebizitza, egoera pertsonala, parte-hartze komunitarioa, mendekotasuna, egoera ekonomikoa, herrian errotzea. Kontratuak bost urterako sinatuko dira.

Etxebizitzek diseinu berezia dute, bertan bizi direnen ongizatea eta autonomia sustatzeko pentsatuta; erabat irisgarriak dira, pertsonen mugikortasun libre eta erosoa ahalbidetzeko. Guztiz hornitutako sukalde bat, egongela eta terraza dute guztiek. Etxebizitzak hutsik daude, nork bere altzariak eraman eta espazio horiek bere etxe bihurtu ahal izateko. Bina logela dituzte, guztiz hornituta eta barruan egokitutako komun banarekin: logela nagusia zaintza behar duen pertsonarentzat pentsatua dago, eta bigarrena, zaintzailearentzat. Lau etxebizitzek espazio komun bat ere badute, bizilagunen erabilerarako gune irekia, euren arteko hartu-emanak sustatu eta komunitate lotura berriak sortu ahal izateko.

Etxebizitzak esleitzeko ordenantza datorren astean onartuko da, hasieraz, uztaileko osoko bilkuran. Esleipen prozedura abiatu eta izen-ematea ireki ahal izateko, behin betiko onartuta gelditu beharko du ordenantzak, jendaurrean egon, eta, halakorik balego, alegazioak ebatzi ostean. Alegaziorik ez bada, irailaren bigarren hamabostaldirako edo urriaren hasierarako prozedura abiatu ahal izatea aurreikusten du udalak, izen-ematea orduan abiatuz.

Etxebizitzak barrutik ezagutzeko ate irekiak egin ziren uztailaren 10ean, eta aurrerago beste aukera bat eskainiko da: urriaren 2an izango da, 18:00etan.