Publicador de contenidos
Atrás Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre usurbildarrak, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekarako hautatuak
27·04·2021
2020. urteko abenduan eman zen aditzera Udalbiltzak antolatutako lehen kultur-egitasmoa: Geuretik Sortuak. Proiektu honek euskal kultura Euskal Herriko bazterretara eramatea du helburu, sormen-egonaldien eta bertatik sortzen diren obrekin egingo den hedapen-zirkuitu baten bitartez. Lau hilabeteren ostean, proiektuan parte hartuko duten udalerri guztietara joango diren artistak zeintzuk diren jakinarazi dute. Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre idazle usurbildarrak Etxarri-Aranatzera (Nafarroa) eta Artziniegara (Araba) joango dira, hurrenez hurren; Usurbila, berriz, Itxaro Borda idazlea etorriko da.
2020. urtearen bigarren erditik, Udalbiltza dagoeneko lanean hasi zen proiektu hau finantzatu eta artistak euren herrietan jasoko zituzten udalen bila. Proiektua aurkeztean aipatu bezala, zonalde bereko udalerri batzuek batera parte hartzeko asmoa agertu dute.
Ostera, 2021eko urtarrilean ireki zen artisten beka-deialdia, eta bertatik 73 proposamen artistiko jaso ziren; 21 literatura lan, 24 antzezlan eta 28 film labur. Artistei proposatzen zitzaiena, guztiz berritzailea izateaz gain, ez zen lan makala: zein herritara joango ziren jakin gabe, euren proposamen artistikoa azaltzean zetzan, baita eremu ezberdinetara egokitzeko malgutasun planteamendu bat aurkeztean ere.
Hamar pertsonaz osatutako epaimahai baten bitartez, martxoaren 23an erabaki zen zein artistak jasoko zuten beka hori; eta hurrengo egunean egindako beste saio batean erabaki zen zein udalerritara joango zen artista bakoitza. Orotara, 26 artista izan dira hautatuak; horien artean kulturaren munduko zenbait izen handi, baita berri eta ezezagunagoak diren batzuk ere. 16 idazle, 5 zinegile eta 5 antzerki konpainia dira; eta era guztietako heterogeneotasuna bermatu da hautaketan, proposatutako gaien, adin-tartearen edota lurraldetasunaren aldetik, baita genero parekidetasuna ere.
Horrela gelditu da, beraz, Geuretik Sortuak proiektuaren lehen edizioaren hautaketa:
Literatura
- Amasa-Villabona: Maitane Perez
- Araitz, Betelu eta Larraun: Iñaki Martiarena
- Artziniega: Ugaitz Agirre
- Etxarri-Aranatz: Yolanda Arrieta
- Larrabetzu: Nahia Zubeldia
- Leitza: Garazi Albizua Castelao
- Ligi-Atherei, Liginaga-Astüe, Lexantzü-Zunharre eta Etxebarre: Nefer Olaizola
- Lodosa, Sartaguda, Mendabia eta Andosilla: Maialen Akizu
- Ondarroa eta Berriatua: Sarai Robles
- Urepele: Iban Garro
- Usurbil: Itxaro Borda
- Uztaritze: Edorta Jimenez
- Zaldibia: Peru Calabaza
- Zestoa: Danel Lauzirika
- Zuia: Bertol Arrieta
- Zumaia: Fito Rodriguez
Antzerkia
- Arrigorriaga: Tanttaka teatroa
- Atarrabia eta Uharte: Metrokoadroka sormen laborategia
- Bergara: Oier Zuñiga
- Oiartzun: Lore-more konpainia
- Oñati: Bon bon noir konpainia
Zinema
- Hernani: Raúl Barreras
- Baigorri: Josu Martinez
- Galdakao: Leire Egaña
- Tafalla: Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola
- Bera eta Lesaka: Eñaut Castagnet
Ekitaldia
Hautatu diren kultur proposamenen berri emateko, udalerrietako ordezkariek eta hautatuak zian diren artistek elkar ezagutzeko eta egonaldi-garaiari hasiera ofiziala emateko, Udalbiltzak maiatzean prentsaurreko ekitaldi bat antolatzeko asmoa du. Laster jakinaraziko zaie hedabideei data eta lekua.