Publicador de contenidos

Atrás Wifi irekia jarri dute Sutegin, Potxoenean, udaletxean eta gizarte zerbitzuetan

Administrazio elektronikora bidean, wifi irekia jartzea izan da udal-gobernuak egin duen lehen urratsetako bat. Horrez gain, arrakala elektronikoa apaltzeko helburuarekin, herritar guztiek Interneterako sarbidea izan dezaten ahalbidetuko du.

24·01·2020


Wifi irekia jarri dute Sutegin, Potxoenean, udaletxean eta gizarte zerbitzuetan. Hainbat izan dira wifia jartzeko arrazoiak. Batetik, batik bat Sutegiko eta Potxoeneako erabiltzaileek askotan eskatu izan dutelako, bilerak edo lanak egiteko baliabide garrantzitsua baita. Bestetik, udalak administrazio elektronikoaren bideari heldu dio, eta wifia beharrezko bihurtu da egunerokoan, Beñat Larrañaga zinegotziak azaldu duenez: “Zinegotzi liberatuoi eta komunikazio arduradunari ordenagailu eramangarriak eskuratu zaizkie: horrela, papera murriztu eta lanaren eraginkortasuna hobetzea izan da helburua”. Horrez gain, arrakala elektronikoa apaltzeko modua ere izango da: “Baliabide hori etxean eduki ezin dutenei espazio publikoetan lan-tresna gisa eskaini nahi zaie, bai Sutegin ikasteko edo lanerako behar dutenentzako, bai Potxoenean bilerak edo bestelakoak egin behar dituztenentzako”.

Bi sare mota daude horietako bakoitzean: irekia, gonbidatua izenarekin, eta itxia, udal-langileentzat gordetakoa. Irekian pasahitza jarri behar da: argibideak jarrita daude, eta bertako langileei galdetuta ere eskura daiteke. Orain arte, kable bidezko sarbidea eskaini izan da Sutegin, eta wifia jarri badute ere, kable bidezko sistemak bere horretan jarraituko du. Larrañagak azaldu duenez, datuen erabilerak muga bat izango du, giga batekoa erabiltzaile/eguneko. “Lan-tresna bezala ulertzen dugunez, kopuru hori nahikoa dela aurreikusi dugu; deskarga handiak edo masiboak egitea saihestu nahi dugu modu horretara”. Dena den, proba fase bat ireki dute: erabiltzaileek arazorik antzemango balute, gaia berraztertzeko aukera dagoela nabarmendu du Larrañagak.

Potxoeneako wifiaren erabilera ere antzekoa izango da. Datuen muga berbera izango da, baina ez da etengabe piztuta egongo. Potxoenean, bilerak ez dira egunero egiten, eta horregatik, pizteko eta itzaltzeko botoia izango du: “Sotoko aretoan dago, eta beharrezkoa denean bakarrik jarriko da martxan; gizarte zerbitzuetan ere, berdin”.