Publicador de contenidos
19·06·2017
Usurbilgo Ugartondo izeneko gunean egingo diren etxebizitzak eraikitzeko behar zen urbanizazio proiektua sinatu ostean, horien eraikitze lanak epe laburrean hasteko konpromisoa hartu dute Usurbilgo Udalak eta eraikitzaileak. Gainera, ekainaren 27ko Osoko Bilkuran etxebizitzen zozketarako lizitazio pleguak onartuko dira. Modu horretan, etxebizitzen zozketa egiteko, izena emateko zerrendak irekiko dira uztailean.
Guztira, Babes Ofizialeko 46 etxebizitza, Tasatutako beste 46 eta 30 etxebizitza libre eraikiko dira. Babes Ofizialeko etxebizitzetan 2 logelako 20 etxebizitza (horietako bi minusbaliatuentzat egokituak) eta 3 logelako 26 etxebizitza eraikiko dira. Tasatutakoetan ere, kopuru berbera izango da.
Aipatutako kategoria bakoitzetik (Tasatuak eta Babes Ofizialekoak) kopuru hauek gordeko dira zenbait gizarte-sektoreri zuzenduta: Minusbaliatuentzako 2 etxebizitza, 70 urte edo gehiago dituztenentzako 4, Babes bereziko gizarte-sektoreentzako (euren kargura adin txikikoak dituzten guraso bakarreko bizikidetza unitateak, Indarkeria matxistaren biktimak, Bananduak, dibortziatuak eta alargunak, eta ezintasun psikikoa dutenak) 5 etxebizitza. Horiez gain, 35 urte beherakoentzako 10 etxebizitza egongo dira. Bukatzeko, aipatutako kupoen baitan ez dauden gizarte sektoreentzako 25 etxebizitza egongo dira eskuragarri. Etxebizitza guztiek dagokien garaje plaza eta trastelekua izango dute.
Eskatzaileak aipatutako kupo batean soilik eman ahalko du izena, eta kupo horiei dagokien etxebizitzarik esleituko ez balitzaioke, zerrenda orokorrera igaroko litzateke.
Baldintza pertsonalak:
- Esleipendunek pertsona fisiko adinez nagusiak izan behar dute.
- Eskatzaileek ezin dute inolako zorrik eduki Usurbilgo Udalarekiko.
- Usurbilgo udalerrian etenik gabe erroldatuta egon beharko da (egoiliar izanik, gutxienez azken 5 urteetan, edota, hala izan ezean, azken 15 urteetan 8 urtez erroldatuta egotea). Edo Donostiako udalerrian erroldatua egonik ere, etenik gabe Zubietako egoiliar izatea gutxienez azken 5 urteetan, edota, hala izan ezean, azken 15 urteetan 8 urtez.
- Pertsona edo bizikidetza-unitateko eskabide bakarra onartuko da, eta pertsona bera ezin izango da egon bizikidetza-unitate batean baino gehiagotan aldi berean.
Babes Ofizialeko Etxebizitzak
Aurrez aipatu bezala, Babes ofizialeko 46 etxebizitza eraikiko dira, bi bloke ezberdinetan banaturik (bloke bakoitzean 2 logelako 10 etxebizitza –horietako bat minusbaliatuentzat egokitua– eta 3 logelako 13 etxebizitza). Etxebizitzak eskuratzeko, betekizun ekonomiko jakin batzuk bildu beharko dira. Honako hauek dira:
Baldintza ekonomikoak:
2016 urteko zerga-ekitaldiari loturik, honako gehieneko eta gutxieneko hauen artean egon beharko dute eskatzaileek:
— 9.000 eta 39.000 € kasu orokorrean.
— 3.000 eta 39.000 €, mugikortasun murriztuko pertsonentzat eta adimen-desgaituentzat.
— Ez zaie gutxieneko diru-sarrerarik izatea eskatuko genero-indarkeriaren biktima izatea egiaztatzen duten pertsonei,
Tasatutako Etxebizitzak
Tasatutako 46 etxebizitza eraikiko dira, hauek ere bi bloke ezberdinetan banaturik (bloke bakoitzean 2 logelako 10 etxebizitza –horietako bat minusbaliatuentzat egokitua– eta 3 logelako 13 etxebizitza).
Tasatutako etxebizitzetarako, honako prezioak hartuko dira oinarri gisa:
2.110,00 €/m2 erabilgarria
Garaje itxia: 18.000,00 €
11,10 m2 tako trasteleku itxia: 6.200,00 €
Baldintza ekonomikoak:
— 25.000 eta 58.500 € kasu orokorrean.
— 3.000 eta 58.500 €, mugikortasun murriztuko pertsonentzat eta adimen-desgaituentzat.
— Ez zaie gutxieneko diru-sarrerarik izatea eskatuko genero-indarkeriaren biktima izatea egiaztatzen duten pertsonei