Publicador de contenidos

Usurbilgo Udaleko zerbitzu digitalak: edonondik, edonoiz

Internet bidez egin daitezke Usurbilgo Udalak eskaintzen dituen zenbait zerbitzu: denborak aurrera egin ahala, zerbitzu horiek ugaritzen joatea da asmoa. Horrela, herritarrek ez dute propio udaletxera etorri beharko tramite horiek egitera: edozein lekutatik eta edozein ordutan egin ahal izango dituzte, sarean.

16·12·2019


Uste zabaldua da udalaren edozein zerbitzu erabili ahal izateko derrigorrezkoa dela udaletxera joatea. Aitzitik, badira zenbait zerbitzu Internet bidez egin daitezkeenak: denborarekin, zerbitzu horiek gero eta gehiago izan daitezen lan egingo dute udal langileek. Usurbilgo Udalaren webgunean, zerbitzu digitalak izeneko botoiari ematea nahikoa da tramiteak egiten hasi ahal izateko.

Hauek dira, gaur egun, Internet bidez egin daitezkeen tramiteak:

Ordainagiriak. Ordainagiriak ikusi eta ordaintzeko aukera ematen du: uraren, zaborren edo autoko bineten ordainagiriak, edo isunak, adibidez. Kiroldegiko ordainketak ezin dira egin: kiroldegian bertan egiten dira.

S / I Sarrera eta Irteeren erregistroa. Edozein eskaera mota egin daiteke. Datu pertsonalak bete, eta eskaera egiteko mezua idazteko leihoa agertuko da.

Biztanleen udal errolda. Norberaren errolda deskarga daiteke unean bertan.

Tasak eta zergak. Tasak eta zergak kontsultatu eta ordaintzeko aukera ematen du.

Isunak. EAEko eremu administratibotik iritsitako edozein isun ordaintzeko aukera ematen du.

Dokumentuak egiaztatu eta kontsultatu.

 

Horiek guztiak egin ahal izateko, B@kQ izeneko ziurtagiri digitala edukitzea ezinbestekoa da: edozein administrazio publikotan eska daiteke, doan; Usurbilgo kasuan, udaletxeko harreran edo KZgunean. NANa aurkeztu behar da horretarako, eta kontratutxo bat sinatu, udal langileek beharrezko diren tramiteak egin ahal izateko.

Oraingoz, mugatua da egin daitezkeen tramiteen kopurua, baina pixkanaka horri buelta ematea da Usurbilgo Udalaren asmoa.