Publicador de contenidos

Atrás Udalbatzako hiru alderdiek adierazpen instituzionala adostu dute Covid19ak eragindako osasun krisia dela eta

Gaitza gizarte osoan “modu globalean” izaten ari den eragina dela eta, bat eginda aurre egiteko beharra nabarmendu dute: “Inoiz baino gehiago, bat eginda egon behar dugu une honetan, pandemiaren hedapena galarazteko”.

28·05·2020


Covid19 gaitzak eragindako osasun krisia dela eta, adierazpen instituzional bat onartu dute Usurbilgo udalbatzako hiru alderdiek. “Gizarte osoan modu globalean eragiten ari da, eta, horregatik, guztiok, inoiz baino gehiago, bat eginda egon behar dugu, une honetan, pandemiaren hedapena galarazteko”. Hori oinarri hartuta, zortzi puntuko adierazpen instituzionala onartu dute aho batez.

  1. Usurbilgo Udalak bere doluminak adierazten dizkie Covid-19aren ondorioz hildako guztien familiei. Eta senitartekoa galtzeak eta haren bizitzaren azken egunetan bere ondoan ezin egon izanak familia horiei eragindako samina partekatzen du eurekin.
  2. Usurbilgo Udalak gaixotasun honek kutsatu dituen pertsona guztiei herriaren babes solidarioa helarazi nahi die. Eta ahalik eta azkarren senda daitezen opa die.
  3. Usurbilgo Udalak eskerrak eman nahi dizkie usurbildarrei lehen unetik erakusten ari diren jarrera eredugarriagatik, elkar-zaintza, elkartasuna eta erantzunkidetasuna oinarri. Halaber, konfinamendua arintzeko fasean bagaude ere, ez lasaitzeko, arduratsu izaten jarraitzeko eta erakunde ezberdinetatik gomendatzen ari diren babes eta osasun neurriak betetzeko eskatu nahi diegu.
  4. Usurbilgo Udalak gure herriaren esker ona adierazi nahi die ospitaletan, egoitzetan edo osasun-zentroetan, gau eta egun eta etenik gabe, gaixoak zaintzen eta COVID19ari aurre egiten ari diren osasun-langile guztiei.
  5. Usurbilgo Udalak eskerrak ere eman nahi dizkie, besteak Covid-19 birusetik babestuta egoteko, euren lanpostuetan lanean jarraitzen duten langile guztiei, adibidez, zahar egoitzetako langileei, supermerkatuetako langileei, garbitzaileei, udal langileei eta udaltzainei eta suhiltzaileei, garraiolariei, irakasleei, etab.
  6. Usurbilgo Udalak osasun-sistema publikoari babesa eskaintzeaz gainera, herritar guztiek osasun-arreta jasotzeko eskubidearen unibertsaltasuna defendatzeko eskatzen die eskuduntza duten gobernuei.
  7. Usurbilgo Udalak eskuduntza duten gobernuei ere eskatzen die Covid-19 gisako pandemiekin amaituko duten txertoak lortzeko osasun-ikerketarako baliabide gehiago bideratzeko.
  8. Usurbilgo Udalak erakunde publiko guztiei (Europako Batzordea, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) elkarren arteko ahalik eta lankidetza zabalena eskatzen die, Covid-19ak eragin duen krisiaren ondorioak arintzeko ekimenak eta laguntza publikoak koordinatzeko. Eta zehazki, une honetan okerren pasatzen ari diren talde zaurgarrienei laguntzeko.