Publicador de contenidos

Usurbilgo Udalak neurtu dituen aire parametroak aurreikus zitezkeenak dira, eta guztiak araudiaren barruan daude

Oraindik azterketa gehiago daude egiteko, esaterako, usain episodioena. UPC Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak egindako azterketak lan ildo berriak ireki ditzake, eta elkarlanean jarraitzeko konpromisoa du Usurbilgo Udalak. Maiatz-ekainean egindako neurketen emaitzak eta txostenaren laburpena eskuragarri daude Usurbilgo Udalaren webgunean, Ingurumen sailean. UPCko kideek esan bezala, Usurbilgo Udalak ere argi dauka ezinbestekoa izango dela udalaren, enpresen eta herritarren arteko elkarlana emisioak eta kutsadura murrizteko.

17·10·2019


Usurbilgo airearen kalitatea “bikaina” da beste herri batzuekin konparatuta: hala ziurtatu dute UPC Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Eva Gallegok eta Francisco Peralesek; biak ere UPCren Ingurumen Zentroko Ingeniaritza-kimikoko departamentuko teknikariak dira. 2019ko maiatzaren 29tik ekainaren 2ra arte neurtu du UPCk Usurbilgo airea. Duela hilabete batzuk Hernanin hasi ziren lanean, hango industria jarduerek sortzen dituzten emisioak aztertzeko, eta Usurbilen ere antzeko neurketak egitea eskatu zaie. Izan ere, herritarren kezka bere egiten du Usurbilgo Udalak, eta horrek bultzatuta eskatu zion UPCri Usurbilgo airearen kalitatea neurtzeko.

Azterketaren helburua da enpresa batzuetako ke isuriek eta usainek herritarren osasunean eta ingurumenean eraginik izan ote dezaketen jakitea. Horretarako, bi neurketa mota egin dituzte: batetik, orokorrak, gune urbanoetan egindakoak (Udarregi ikastolan eta Zubietan), eta, bestetik, espezifikoak, herriko bi industriaguneko iturri potentzialen inguruetan egindakoak. Orokorrak 24 orduz jarraian egin dira egun horietan; espezifikoak, berriz, denbora tarte motzagoan egin dira. Izan ere, bi industriagune horietan egindako neurketen helburua izan da bakoitzaren emisioen ezaugarriak bilatzea. Horrela, baten edo bestearen jardunarekin lotzeko aukera izango dira gune urbanoetan neur daitezkeen elementuak.

UPCk Usurbilgo Udalaren eskariz neurtu dituen aire parametroak aurreikus zitezkeenak dira: ez dago parametro deigarririk, guztiak araudiaren barruan daude. Oraingoz neurtu diren parametroak industriaguneak dituen herri batean ohikoak izan daitezkeenak dira. Horrek ez du esan nahi usain arazorik ez dagoenik: badaude, eta, horregatik, UPCrekin lanean jarraitu nahi du Usurbilgo Udalak. Usain episodioak neurtzeke daude, eta ahal bezain pronto egiteko prestasuna du udalak. Horrez gain, aurten egindako azterketak lan ildo berriak ireki ditzake, eta UPCrekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa du udalak. Maiatz-ekainean egindako neurketen emaitzak eta txostenaren laburpena eskuragarri daude Usurbilgo Udalaren webgunean, PDF formatuan, Ingurumen sailaren barruan.

UPCko adituek azaldu dutenez, usaina egoteak ez du derrigor esan nahi une horretan arnasten den airea kutsatuta dagoenik, eta alderantziz: usain ezak ez du esan nahi une horretan arnasten den airea garbia denik. Usaina hainbat konposatuk sor dezakete, eta UPC-ko azterketarekin KOL Konposatu Organiko Lurrunkorrek [COV Compuestos Orgánicos Volátiles, gaztelaniaz] sortzen dituztenak neurtu dira, kontzentrazioa eta usaina eragiteko maila zehazki.

Udarregin 135 KOL neurtu dira eta Zubietan 124. Bi industriagunetan ere egin dira neurketak, eta batean 98 KOL eta bestean 86 identifikatu dira. (KOL gutxiago identifikatu dira, neurketak epe laburragoan egin direlako). Zubietan eta Udarregin egindako 24 orduko neurketen arabera, Zubietako neurketa guztiek eta Udarregikoen %20ak betetzen dituzte konfort irizpideak; Udarregiko gainerako %80ak irizpide horiek gainditzen ditu, baina gutxigatik.

Bi emisio iturri potentzialetan inguruetan egindako neurketak. Motzagoak izan diren arren, ezarritako kontrol guneetan eragin txikia antzeman da. Dena den, azterketa osoago bat egiteko gomendatu dute UPCko adituek: horrela, eragin handiena zein urtarotan gertatzen den identifikatu ahal izango litzateke, eta garai horietan egin neurketak, emaitzak esanguratsuagoak izan daitezen.

Usurbilen hiru erakunde ari dira airearen kalitatea neurtzen. Batetik, Ekohondakin enpresa, Zubietako erraustegia eraikitzen ari dena: legez ezarritako baldintza bat medio, behartuta dago neurketa horiek egitera. Ekohondakin neurtzen ari zen parametroekin konforme ez, eta beste parametro batzuk ere neurtzeko eskatu zuen Usurbilgo Udaleko Ingurumen teknikariak. Neurketak egiten hasteko baimena eman zitzaien eskaera hori onartu zutenean, baina atzo arte ez ziren hasi eskatutakoak neurtzen. Kabina horrek neurtutako datuak sarean ikus daitezke, eta interesatuak nahi duen eguneko kontsulta egin dezake. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz Biodonostia egiten ari den azterketa epidemiologikoaren barruan, airearen kalitatea ere ari dira neurtzen. Eta, azkenik, Usurbilgo Udalak UPC Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari eskatutako azterketa dago: horren emaitzak aurkeztu zituzten atzo Gallegok eta Peralesek Potxoenean. Dena den, kontuan izan behar da oraindik usain episodioen azterketa egiteko dagoela, batetik, eta lan ildo berriak irekitzeko aukera dagoela, bestetik.

Gallegok eta Peralesek Usurbilgo Udalari helarazi dionez, emisioak eta kutsadura murrizteko, ezinbestekoa da administrazioaren, enpresen eta herritarren arteko kolaborazioa. Hala baieztatu zuen, atzo, Agurtzane Solaberrietak: “Lan hauek ezin ditugu presio edo tentsioek eraginda bultzatu. Denen borondatea ezinbestekoa da, eta borondate horiek josten saiatuko gara: hasiak gaude horretan”.