Publicador de contenidos

Atrás Usurbilgo Udalak inkesta bat egingo du 65 urtetik gorako usurbildarren iritzia jasotzeko

Inkestatzaileak Usurbilgo edo gertuko herritarrak izango dira hurbiltasuna bermatzeko asmoz. Inkestak 15 minutuz iraungo du gutxi gora behera, eta anonimotasuna bermatuko dela nabarmendu dute udal ordezkariek.

26·05·2017


65 urtetik gorako usurbildarrek herriko Gizarte Zerbitzuen inguruan duten iritzia ezagutu asmoz, Usurbilgo Udalak, Aztiker enpresaren laguntzaz, ikerketa bat jarriko du abian datozen egunotan. Horretarako, aipatutako adin tarte horretako 220 bizilagun zoriz aukeratuak izango dira lagin zientifikoa osatu eta beraien premiak eta proposamenak ezagutzeko. Ikerketa soziologiko hau maiatzaren 29tik ekainaren 10ra bitartean luzatuko da.

Jone Urdanpilleta Gizarte arloko zinegotziaren iritziz, “informazio hau biltzea beharrezkoa da Usurbilgo Udalarentzat, aurrera begira Udaletik bultza daitezkeen zerbitzuetan eta ekimenetan oso kontuan hartzeko eta datozen urteetan aurrera eraman daitezkeen proiektuak definitzerako orduan lagungarri izateko”.

15 minutuko galdetegiak

Lehen helburua Usurbilgo adineko herritarrek etorkizunera begira bizimodua nola irudikatzen duten jakitea da, eta horretarako beren eguneroko bizitzan beharrezko dituzten zerbitzuak eta egitasmoak zein diren identifikatuko dira. Horrez gain, Usurbilgo adineko herritarren egoera sozio-sanitario-emozionala kokatuko da, batez ere egoera “bulnerableagoa” dauden pertsonetan. Bukatzeko, informazio hau erabilgarria izango da Usurbilgo Udalarentzat, behar horiek asetzeko baliabideak eskaintze aldera.

Inkestatzaileak Usurbilgo edo gertuko herritarrak izango dira gertukotasuna bermatzeko asmoz. Horrez gain, beti beren gainean eramango dute inkestatzaile bezala identifikatzen dituen akreditazioa. Inkestak 15 minutuz iraungo du gutxi gora behera, eta anonimotasuna bermatuko dela nabarmendu dute udal ordezkariek. Gutxi gora behera 25 galdera egingo dira eta elkarrizketak euskaraz zein gaztelaniaz egingo dira, elkarrizketatuaren nahien arabera.