Publicador de contenidos
Atrás Usurbilgo Udalak eta mugimendu feministak elkarretaratzera deitu dute biharko, asteburuan herrian gertatu den eraso sexista salatzeko
25·02·2019

Usurbilgo Udalak eta herriko mugimendu feministak elkarretaratzera deitu dute biharko, asteburuan gure herrian gertatu den eraso sexista salatzeko. Ertzaintzak berri eman duenez, larunbatean 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, bikotekideari eraso egiteagatik. Emakumeak aurpegian kolpeak zituela-eta, atxilo eraman zuten genero-indarkeria delitu bat leporatuta. Ez da lehen aldia atxilotzen dutena genero-indarkeria egotzita.
Udala bere aldetik, erasoaren berri izan bezain pronto, kasu hauetarako indarrean duen protokoloa ezarri eta erasoa jasan duen emakumerekin harremanetan jarri da, beharrezko laguntza eta aholkularitza guztia eskaintzeko.
Nolanahi ere, babesa azaltzeaz gainera, erasoa ozen salatu nahi du Usurbilgo Udalak, herriko mugimendu feministarekin batera, plaza publikoan. Izan ere, argi dugu emakume bat erasotua, iraindua, jazarria den bakoitzean, jendartea bere osotasunean dela erasotua. Horregatik, erasorik ez, erantzunik gabe. Hala, bihar, asteartearekin, 19:00etan, Mikel Laboa Plazan elkarretaratzera deitu dute.
Udalaren aburuz, eraso honek garbi erakusten du indarkeria eta eraso sexistak ez direla gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu behar. Eraso hauek ez dira ero batzuen beroaldia. Emakumeen aurkako erasoak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larriak dira, bai eta gizonen eta emakumeon arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere.
