Publicador de contenidos

Atrás Udalak eta Jubilatuen elkarteek Zahar Etxearen eskaera helarazi diote Gipuzkoako Gizarte Politika diputatuari

Besteak beste, jubilatuen ordezkariek azken hilabeteetan Zahar Egoitza baten alde egindako sinadura bilketaren emaitzak eskaini dizkiote.

28·09·2017


Maite Peña Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politika diputatua Usurbilen izan da asteazken honetan, Udalaren eskaerei erantzunez. Udaletxean harrera egin ostean, Usurbilgo gizarte zerbitzuen eta jubilatuen errealitatea zein den ezagutzeko aukera izan du udal ordezkari eta teknikariekin egindako ibilaldian.

Horrez gain, udal ordezkariek Usurbilek epe laburrerako eta etorkizunerako dituen proiektuak azaldu dizkiote diputatuari. Besteak beste, Usurbilen martxan jarriko den Beterri Buruntzaldeko lehen Eguneko Arreta Zerbitzuaz edota udalak aurreikusten dituen etxebizitza tutelatuen inguruan mintzatu dira ordezkariak.

Lehenbizi, udaletxean harrera egin diote udal ordezkariek, eta, ondoren, Puntapaxeko Eguneko Zentroan izan dira. Izan ere, Udalak lortu du asteburutan sei plaza gehiago izatea aurrerantzean. Ondoren, Artzabalera hurbildu dira, bertan herriko jubilatuen elkarteetako kideekin elkartu baitira hainbat gaiez hitz egiteko.

 

Besteak beste, jubilatuen ordezkariek azken hilabeteetan Zahar Egoitza baten alde egindako sinadura bilketaren emaitzak eskaini dizkiote eta horren gaineko iritzi trukaketa egin dute.

 

Bileran izan den Xabier Arregi Usurbilgo alkateak adierazi duenez, “Matia fundazioarekin eta Aldundiarekin harremanetan gaude Zahar Egoitzaren gaia ez itzaltzeko. Usurbilgo Udalaren agendan presente dagoen gaia da Zahar Egoitzarena, eta hurrengo hilabeteetan ere proiektuaren alde lanean jarraituko dugu”.