Publicador de contenidos
Atrás Usurbilgo Udalak bere babesa helarazi die Ingemarreko langileei
16·06·2016

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak Gobernu Taldearen elkartasuna eta babesa helarazi die Ingemar enpresan greba mugagabean dauden langile guztiei. Usurbilgo enpresak bizi duen egoera latzaren ondorioz, greban daude ekainaren 6az geroztik.
Udalak bere esku dagoen guztian laguntzeko prestutasuna duela adierazi die Arregik lantegiko langileei, eta, zentzu horretan, ekainaren 28an egingo den Osoko Bilkuran horien alde eta irtenbide bat bilatzearen alde mozioa aurkeztuko dutela iragarri du. Hala ere, mozioa aurkeztu aurretik, langileei aurkeztu die horren zirriborroa, beraien oniritzia jaso eta ekarpenik egin dezaketen galdetzeko.
Gaur egun, 74 langilek dihardute lanean
2009. urtean, marmola eta granitoa ekoizten duen enpresan 175 langilek ziharduten lanean. Urte horretan 20 langile kaleratu zituzten (plantillaren %9,99), eta, hala ere, horren ostean beste bi EEE jasan behar izan dituzte. Gaur egun, 74 langile baino ez ditu Usurbilen kokatuta dagoen enpresak.
