Publicador de contenidos

Atrás Usurbilgo Txalaparta Festa, azaroaren 14an

Usurbilgo eta Oiartzungo txalaparta eskolak senidetu egin dira, eta elkarrekin antolatuko dituzte txalaparta festak, aurrerantzean. Egun osoko egitaraua prestatu dute azaroaren 14rako.

03·11·2026


Azaroaren 14an izango da, aurten, Usurbilgo Txalaparta Festa: eguerdian hasita, egun osoko egitaraua antolatu dute, Jexux Artze kultur elkarteak eta 650 Usurbil Bizi proiektuak. Aurtengo berritasuna Usurbilgo eta Oiartzungo txalaparta eskolen senidetzea da: txalaparta ikasleen arteko elkarlana sustatzea dute helburu.

Azken urteotako ahaleginaren ondorioz, egonkortzen ari da txalaparta festa herrian. Erromeria, kalejira, bazkaria, kontzertuak eta abar egin ohi dituzte: txalapartari ezagunek parte hartzen dute, baina baita ikasleek ere; aurrez hitzartutako emanaldiak zein saio irekiak egiten dituzte. Hain zuzen ere, txalaparta ikasten ari direnek protagonismo berezia izan dezaten nahi dute antolatzaileek, ikasketa prozesuan animatu eta ahalduntzeko helburuarekin.

Ildo horri erantzuten dio Usurbilgo eta Oiartzungo txalaparta eskolen senidetzeak. Txalaparta jotzen ikasteaz gain, txalaparta festak antolatu eta horietan parte hartuko dute, aurrerantzean.

Usurbilgo 2026ko Txalaparta Festa

11.45: Herri erromeria, Mikel Laboa plazan (euria eginez gero, Askatasuna plazan)

  • Adar deia
  • Zuaznabartarrak
  • Goikoetxeatarrak
  • Zabalegitarrak
  • Txalaparta ikasleen emanaldia
  • Albokariak (Oiartzungo Albokalteak eta Usurbilgo Adarbakarrak)
  • Txalaparta irekia
  • Txorizo eta sagardo banaketa.

14:00: Kalejira, albokariekin, Patri jatetxera.

14:30: Bazkaria, Patri Jatetxean (leku guztiak beteta daude).

  • Bazkarian zehar, txalaparta irekia.

18.30: Oiartzungo Makilakixkirekin senidetzea. Olanoenea plazatik hasita kontzertuak herrian zehar.

  • Jexux Artze Txalaparta eskola
  • Makilakixki
  • Esku-Txa hirukotea Txalaparta &+

20:00: Bihotx kontzertua, dema plazan.