Publicador de contenidos

Usurbilgo kulturgileen elkargunea eraikitzen hasteko lehenengo lan saioa egingo dute hilaren 27an

Kultur arloan dabiltzan herritarrei zuzendutako parte-hartze prozesu bat egingo dute, Dijitalidadeak gidatuta.

15·11·2021


Kulturgintzan dabiltzan zenbait herritarrek azken aste eta hilabeteetan egindako lana aurkeztu dute asteburuan. Usurbilgo kulturaren eta kultur eragileen egoera aztertzea izan dute zeregin, eta, emaitzak esku artean, Usurbilgo kulturgileen elkargunea sortzea proposatu dute. Horretarako, parte-hartze prozesu bat egingo dute, eta lehenengo saioaren data aurreratu zuten: hilaren 27an izango da, 10:00etatik 13:00etara, Potxoenean. Zenbait herritarrek bultzatu dute prozesua, eta udala laguntzaile izango dute.

Azaldu dutenez, kezka batek elkartu zituen kultur diziplina desberdinetan aritzen diren bost herritar. “Usurbilek badu altxor bat kultur arloan, eta ikusi besterik ez dago zer nolako programazioa izaten dugun. Horren atzean daude eragileak, programatzaileak, sortzaileak... baina sortzen da halako galdera bat: zein da kulturaren benetako egoera Usurbilen? Zer iritzi dute kultur eragileek edo sortzaileek? Badago ikuspegi komunitario bat, edo bakoitza bere aldetik gure kasa antolatzen?”.

Hala, batetik, 2018ko kultur agenda aztertu zuten, urte osokoa, Usurbilen zer antolatzen den ezagutzeko. Bestetik, galdetegi bat osatu zuten, beste herri batzuetan egindako galdetegiak adibide bezala hartuta: jakinarazi dutenez, herriko 26 eragile eta 18 norbanako gonbidatu zituzten betetzera, eta jada aurkeztu dizkiete galdetegiaren emaitzak eta ondorioak.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, indarguneak eta gabezia nagusiak identifikatzeko balio izan die galdetegiak. “Kulturgintzaren eskaintza zabala eta oparoa, potentzial handia eta diagnosi partekatua dira gure indarguneak; gabeziak, berriz, guztion arteko komunikazio faltan, elkarlan urria eragileen zein auzoen artean, eta herri mailako ikuspegi baten beharra”. Hori dela eta, elkargune bat sortzea helburu duen parte-hartze prozesu bat egin nahi dute, Dijitalidadeak gidatuta, elkargune horren helburuak, funtzionamendua, egitura eta beste zehazteko.