Publicador de contenidos

Usurbilgo Kultur Bira: kultur eskaintza bermatzea, modu seguruan eta elkarlanean

Hogei kultur ekitaldi izango dira uztailean Usurbilen, herriko hainbat eragileren eta udalaren artean izandako elkarlanari esker, sortzaileen, antolatzaileen zein herritarren segurtasuna bermatzeko protokoloak finkatuta. Sarrerak eskatzeko usurbilkultura.eus webgunea sortu dute, eta teknologiekin iaioak ez direnentzako laguntza saioak egingo dituzte astelehenean eta asteartean.

19·06·2020


Usurbilgo Kultur Bira aurkeztu dute gaur, prentsaurrekoan, Usurbilgo Udalak eta herriko hainbat eragilek. Covid19-ak eragindako osasun krisiak gizarteko sektore guztiak kolpatu ditu, baita kultura ere: programatuta zeuden ekitaldi guztiak bertan behera gelditu ziren leku guztietan, egoerak hala eskatuta. Konfinamendua arintzen ari den honetan, ordea, kultur eskaintza bermatzea izan dute helburu bai Usurbilgo Udalak bai herriko zenbait eragilek, eta guztien arteko lankidetzari esker sortu dute Usurbilgo Kultur Bira: hogei ekitaldi, uztail osoan banatuko direnak, sortzaileen, antolatzaileen eta herritarren segurtasuna bermatuko duten protokoloak oinarri hartuta. Hauexek dira elkarlanari heldu dioten eragileak: Jexux Artze kultur elkartea, Agiñako Eliza Zarra, Usurbilgo Artixtak, Hitz Aho guraso elkartea, hainbat jai batzorde (San Estebangoa, Santueneakoa, Atxegaldekoa, Usurbilgoa), Xauxar txosna batzordea eta Usurbilgo Udala. Ekitaldi guztiak doan izango dira.

“Pozik gaude: egun pozgarria da gaurkoa”. Halaxe hartu du hitza Luken Arkarazo Usurbilgo Kultura zinegotziak, “oztopoak oztopo, eta lanordu askoren ondotik”, Usurbilgo Kultur Bira osatzea lortu dutelako, hainbat eragileren arteko elkarlanaren bidez. Konfinamenduak argi erakutsi du, besteak beste, zein garrantzitsua den kultura eguneroko bizitzan. “Usurbilen, ikaragarria izan da Usurbilgo Artixtek eman digutena Sortuz Bakardadea Isolatuz ekimenarekin: kultur ekitaldi bat, egunero, sare sozialen bidez jarraitzeko. Etxean bakartuta geunden garaian, hain bakarrik ez geundela sentitzeko”, nabarmendu du Arkarazok. Ia herri guztietan festak bertan behera gelditu dira, baita Usurbilen ere, eta horrek are posizio larriagoan utzi ditu euskal sortzaileak. “Argi geneukan, batetik, udako kultur eskaintza bermatu behar genuela, eta, bestetik, orain arteko moldeek ez dutela balio egoera berri honetan: erronka zaila izan arren, kultur eskaintza bermatzeko baldintzak sortu ditugu, eta horiei eutsi beharko diogu, egoera bere onera itzuli arte. Osasun neurriak kontuan izango dituen protokoloa oinarri, kultur eragileen elkarlana zutabe, eta euskal kulturgintzaren hauspotzea, helburu”.

Testuinguru berriak ekitaldiak egin ahal izateko molde berriak eskatzen ditu. Hau da, antolatzaile, sortzaile zein herritarren segurtasuna eta osasuna bermatu ahal izateko derrigorrezkoa izan da eredu desberdin bat sortzea, eta hainbat neurri hartu dituzte horretarako. Batetik, eredu deszentralizatuari eutsi diote: erdigunean beharrean, ekitaldiak herriko hainbat tokitan egingo dituzte. Bestetik, ikusle kopurua mugatu dute, jende pilaketak saihesteko: ekitaldi eta kokalekuen arabera zehaztu dituzte batera zein bestera joan ahal izango duten herritarren kopurua. Ikusle kopurua mugatzeak sarrerak modu justuan banatzeko beharra sortu zien, eta, horregatik, webgune bat sortu dute, usurbilkultura.eus: herritarrek nahi beste ekitalditarako sarrerak eskatu ahal izango ditu, eta, ondoren, izena eman duten guztien artean zozketa egingo du webguneak berak. Herritar bakoitzak eskuratu ahal izango duen sarrera kopurua ekitaldiaren araberakoa izango da, eta, gainera, bi lehentasun zehazteko aukera izango du: zozketa egiterakoan, kontuan hartuko ditu webguneak. Eta, horrez gain, ekitaldiez ahalik eta herritar gehienek gozatzeko asmoz, streaming bidez emango dituzte lau ekitaldi. Kultur Birarako ez ezik, etorkizunerako tresna ere izango da Usurbil Kultura webgunea.

Aitor Agirre Usurbilgo Jai Batzordeko kideak eman ditu webgunearen funtzionamenduaren inguruko xehetasunak. Azaldu duenez, ekitaldi bakoitza baino bi egun lehenago mezu jasoko dute izena eman duten erabiltzaileek sarrerak egokitu zaizkien edo ez jakiteko. Egokitu bazaizkie, QR kode bat jasoko dute, eta hori bera nahikoa izango da sartu ahal izateko (nahi duenak, paperean inprimatuta ere eraman dezake). Teknologiekin hain iaioak ez direnentzako saioak egingo dituzte, Potxoenean: astelehenean, hilaren 25ean, 16:00etan eta 17:00etan; asteartean, hilaren 26an, 10:00etan, 11:00etan eta 17:00etan eta 18:00etan. Horrez gain, bideo-tutorial bat ere zabalduko dute sareetan datozen orduetan.

Usurbildarrek ekitaldietara joateko erabateko lehentasuna izango dute. Dena den, ekitaldiren batean ezarritako gehienezko jende kopuruak izena ematen ez badu, usurbildarrak ez direnei ere sarrerak eskuratzeko aukera emango zaie. Oraingoz, etxez etxe banatu dute Usurbilgo Kultur Biraren egitaraua, herritarrei ekitaldi guztien berri eman eta sarrerak eskuratzeko modua zein den azaltzeko. Internet bidez egiteak teknologiarekin hain trebatuta ez dauden herritarrak ekitaldietara ezin joan utz ditzakeelakoan, haiei laguntzeko bi deialdi egingo dituzte.

Era guztietako ekitaldiak

Gustu eta adin guztietarako ekitaldiak prestatu dituzte. Kontzertuak izango dira, herriko eta Euskal Herriko musikariekin (Artixten Gaua, Liher, Joseba Tapia, Izaki Gardenak, Natali, Malen eta Maddi, Oreka Tx, Ekiza...), magia ikuskizunak, ibilaldi neurtu bat, haur eta familientzako planak eta antzerkiak, besteak beste.

Herritar guztiei ekimen bakoitzaren argibideak irakurri eta begirune osoz jarrai ditzaten eskatu diete kultur biraren bultzatzaileek: “Norberarena ez ezik, guztion osasuna zaintzeko hartutako neurriak baitira”. Azaldu dutenez, konfinamendua arintzearen 3. fasea izan dute oinarri segurtasun neurriak zehazteko. Horregatik, litekeena da hartu beharreko neurriak eta aforoak aldagarriak izatea Normaltasun Berria deitu duten testuinguruan.