Publicador de contenidos
Atrás Usurbilgo jatorri aniztasunaren eta elkarbizitzaren inguruko diagnosia egingo du udalak datozen hilabeteetan
11·09·2020
Usurbilgo Udala herriko jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzera doa: Aztiker kontratatu du zeregin horretarako, eta prestaketa lanetan murgilduta daude dagoeneko. Herriko jatorri aniztasuna kontuan hartuta, elkarbizitza sustatzea du helburu udalak: elkarbizitza horren egoera buruko diskurtsoak eta iritziak jaso nahi ditu, gerora, elkarbizitza sustatzeko aukera eman dezaketen egoera eta eremuetan esku-hartzeak martxan jartzeko. Izan ere, legealdi osoan garatuko den lan-ildoa izango da. Prozesua urriaren 15ean aurkeztuko dute (hasieran, hilaren 24an egitekoak ziren): edukiera mugatua denez, beharrezkoa da asistentzia baieztatzea, parekidetasuna1@usurbil.eus helbidera idatzita edo 943 37 71 10 telefonora deituta.
Aniztasunari zein elkarbizitzari buruzko iritzi, pertzepzio eta jarrerak kokatzea da asmoa, usurbildarren jatorriak eta identitateak aintzat hartuta. Horrekin batera, identitate desberdinen eta euren kultura nahiz bizimoduaren aitortza eta errespetuarekiko iritziak, euskara eta euskal kulturari buruzkoak zein pertsona guztien eskubide sozial, ekonomiko, linguistiko eta kulturalen gaineko iritziak ere kokatuko dira. Horretarako, hainbat ikergai finkatu dituzte: herrian izan duten harrera, beste komunitate edo identitate bat dutenekiko hartu-emanak, migrazio proiektuak (aldi baterakoak edo behin betikoak diren), euskal kultura zein jatorrizko kulturak ez direnak, eskubideak, eta abar.
Horiek guztiak aztertzeko, elkarrizketa sakonak egingo dizkiete ezaugarri zehatz batzuk betetzen dituzten herritarrei: espresuki gonbidatuko dituzte herritar horiek azterlanean parte hartzera, aurrez definitutako 11 soslairen arabera aukeratuko dituztenak. “Ariketa horren bidez, jatorri desberdina dugun herritarren arteko harremana eta interakzioa areagotzeko eta elkarbizitza hobetzeko gakoak jaso eta mahai gainean jarriko dira guztion artean adosteko eta lantzeko”, azaldu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.
Soslai esanguratsuak aukeratu ahal izateko, urtero bezala, 2020ko Usurbilgo jatorri aniztasuna zenbakitan txostena landu du Aztikerrek [PDFn eta sarean kontsulta daiteke]. Usurbilek 6.200 biztanle ditu, egun: horietatik 5.123 Euskal Herrian jaiotakoak dira, horietatik 4.954 Gipuzkoan. Usurbilen bertan sortuak 2.636 dira, herritarren %42,5. Euskal Herrian jaiotakoak hamarretik zortzi baino gehiago dira (%82,6). Euskal Herritik kanpo sortutako usurbildarrak, berriz, %17,4 dira, alegia, 1.077 herritar. Horietatik %12,1 europarrak dira, gehienak, Espainiatik etorriak (%10,5); Amerikatik etorritakoak %3,8 dira, gehienak, Hego Amerikatik (%2,1) eta Ertamerikatik (%1,3); Afrikatik etorriak %1 dira; %0,3 Asiakoak. Ozeaniatik iritsitako herritarrik ez dago.
Udal-gobernuak iragarria zuen, Legealdiko Planaren bidez, Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzeko asmoa (17. eta 18. neurriak). Hala dio 17. neurriak: “Aniztasunaren diagnosia egin. Migrazio-olatu berriak eta 1960-1970eko hamarkadakoari arreta jarri: zer jarrera eta diskurtso eraiki genituen? Nola ikusten dugu elkar? Nolabait, orduko migrazio-olatu horren aurrean hartutako jarrerak eta eraiki genituen diskurtsoak ulertzeak eta partekatzeak egungo egoeran hobeto kokatzeko aukera ahalbidetuko duelakoan gaude”. Solaberrietak jatorri aniztasuna “modu egokian” kudeatzearen garrantzia nabarmendu du, “gure herri eta auzoetako aniztasuna kohesio sozialerako elementu bilaka dadin”. Haren esanetan, aniztasuna “ez da mehatxu bat, aberastasuna baizik”: “Maiz gertatu izan zaigu, ordea, askotariko pertsona eta herritar horien artean gertutasuna eta hartu-emana juxtukoa dela. Harreman mugatu horren eraginez, oraindik gauza ugari gelditzen zaizkigu elkarri eskaintzeko eta modu horretan guztiok aberasteko”.
Datuak jasotzetik haragoko pausoa
Aztikerreko Enara Eizagirre eta Susana Martinez antropologoek egingo dituzte aipatu elkarrizketak. Dagoeneko lanean hasiak dira: prozesua nolakoa izango den definitu dute, eta landa lanari ekingo diote laster. Eizagirrek azaldu duenez, azken hogei urteetan hartu du indarra migrazio olatu berrienak, eta, horrekin batera, ugaritu egin dira migrazioaren inguruko hausnarketak eta ikerketak. “Estatistika Institutuek (INE, Eustat) aldagai soziodemografikoen artean sartu dute, edo gai hori espresuki lantzeko ikerketa zentroak sortu dira: Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokia, esaterako”. Horrekin batera, tokiko hainbat erakunde ari dira euren errealitatea hobeto ezagutzeko ikerketak eta elkarbizitza sustatzeko ekimenak gauzatzen. Usurbilen, esaterako, herritarren jatorriari buruzko datu kuantitatiboez gain, azken urteetan Mundualdia egin izan da. Ikerketa honekin gaian sakontzeko helburua dagoela nabarmendu du: “Kasu honetan, gehitzen den elementu berria belaunaldien arteko zubi-lana da: migrazio fenomeno berriari erreparatuko zaio, eta egungo egoeran eragiteko klabeak bilatuko dira, baina horretarako duela mende erdi jaso zen espainiar jatorriko migrazioaren esperientziak ezagutuko dira, eta haietatik elikatuko gara Usurbilgo herritarren aniztasuna eta elkarbizitza hobeto ulertzeko asmotan”.
Martinezek, bere aldetik, azaldu du jatorri aniztasunaren azterketa kuantitatiboez harago, beste pauso bat ematen ari direla udalak, tartean, Usurbilgo Udala: azterketa kualitatiboak hobetsiz, errealitatea ezagutzetik harago doazenak. “Antzeman nahi dituzte gakoak, klabeak, jatorri desberdinen arteko interakzio hori sustatzeko, euren arteko harreman informal hori egon dadin: zerk lagundu dezake, zerk ez... Ez da soilik ezagutzea zer migrazio daukagun, baizik eta denen arteko interakzioa bilatuz”.
Diagnosiaren emaitzak esku artean, aniztasun-plan bat egitea da asmoa (Legealdiko Planean, 18. neurria), elkarbizitzan sakondu ahal izateko.