Publicador de contenidos
Atrás Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzeko diagnostikoa egiten ari da udala
16·10·2020
Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen diagnostikoa egiten ari da Usurbilgo Udala, Aztikerrekin elkarlanean. Ikerketa kualitatiboa da: jatorri aniztasunaren inguruko esperientziak, diskurtsoak eta iritziak bilduko ditu Aztikerrek, etorkizunean jatorri desberdineko herritarren arteko elkarbizitzan eta interakzioan sakontzeko aukerak identifikatzeko asmotan. Ikerketaren emaitza txosten batean jasoko da, eta, horrez gain, testigantzak ikus-entzunezko batean jasoko dituzte. Dozenaka lagun elkartu ziren Sutegin, azterketaren aurkezpenean, eta euren alea jartzeko borondatea agertu zuten.
“Ezohiko itxura” hartu zuen atzo Sutegiko auditoriumak, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatearen esanetan: “Ez da ohikoa Sutegi horrela ikustea, hain jatorri desberdineko herrikideez beteta ikustea, alegia: gaurko argazki honek erakusten du zein garrantzitsua eta beharrezkoa den gaur aurkeztuko dugun egitasmoa”. XX.mende erdialdeko migrazioak jaso zuen harrera ekarri zuen gogora alkateak: “Ni Santuenean jaio, hazi eta hezitakoa naiz. Migratzaileen auzokoa. Tangerrekoa. Halaxe deitzen zioten Usurbilen Santueneari, mespretuz, esango nuke. Barrioko lagunak nazionaletan, eta ikastolako lagunak, elkarri harri tiraka. Orain, zorionez, ez dugu halakorik, baina hizkera arrazistan jarraitzen dugu, matxupitxu, beltzak, moritoak... deituz”.
Aurreikuspenen arabera, Covid19ak ekarri duen osasun krisiaren ostean krisi ekonomikoa etorriko da, eta krisi egoeratan arrazismoa esponentzialki hazten dela ohartarazi zuen Solaberrietak. “Hori dela eta, inoiz baino garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa elkarbizitzan inbertitzea: egingo dugun inbertsiorik garrantzitsuena dela esango nuke”. Elkarbizitza espazio bat elkarbanatzeaz harago doala nabarmendu zuen, “elkarrekiko errespetua eta enpatia” dela herrikide izatea. Hori lortzeko modua elkar ezagutu eta ulertzea da, Solaberrietaren esanetan, eta hori bultzatuko duten ekimenak beharrezkoak dira, baita udalak herritar guztien aukera berdintasuna bermatuko duten ekintzak garatzea ere. “Horixe da gure desioa, eta zuokin guztiokin egin nahi dugu, eskuz esku”. Joseba Sarrionandia idazleak idatzi eta Mikel Laboa kantariak musikatutako olerki bat hartu zuen gogoan Solaberrietak: “Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak”. Izan ere, alkatearen esanetan, bizitza duin bat bilatzen du pertsona orok, eta ez luke nahi amets hori amesgaizto bihurtzerik.
Azterketa, abian
Elkarrizketa sakonak egingo dizkiete ezaugarri zehatz batzuk betetzen dituzten herritarrei: espresuki gonbidatuko dituzte herritar horiek azterlanean parte hartzera, aurrez definitutako 11 soslairen arabera aukeratuko dituztenak. Urtero bezala, 2020ko Usurbilgo jatorri aniztasuna zenbakitan txostena landu du Aztikerrek [PDFn eta sarean kontsulta daiteke], eta horixe erabili dute soslai esanguratsuak aukeratu ahal izateko tresna gisa. Usurbilek 6.200 biztanle ditu, egun: horietatik 5.123 Euskal Herrian jaiotakoak dira, horietatik 4.954 Gipuzkoan. Usurbilen bertan sortuak 2.636 dira, herritarren %42,5. Euskal Herrian jaiotakoak hamarretik zortzi baino gehiago dira (%82,6). Euskal Herritik kanpo sortutako usurbildarrak, berriz, %17,4 dira, alegia, 1.077 herritar. Horietatik %12,1 europarrak dira, gehienak, Espainiatik etorriak (%10,5); Amerikatik etorritakoak %3,8 dira, gehienak, Hego Amerikatik (%2,1) eta Ertamerikatik (%1,3); Afrikatik etorriak %1 dira; %0,3 Asiakoak. Ozeaniatik iritsitako herritarrik ez dago.
Ikerketa amaitu ostean, publikoki aurkeztuko dituzte emaitzak, aurreikuspenen arabera, 2021. urte hasieran.