Publicador de contenidos
Atrás Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu dute, hasieraz, ezohiko bilkuran
14·10·2022
Usurbilgo HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra hasieraz onartu berri dute, ezohiko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin; EAJk aurka bozkatu zuen. 2014Ko maiatzean ekin zion udalak plangintza orokorra berrikusteko prozesuari, 2004-2013 artean onartutako arau subsidiarioak ordezkatzeko asmoz. Ordutik, hamaika azterlan eta dokumentu osatu eta onartu dira, baita hainbat parte-hartze prozesu gauzatu ere, HAPOan txertatuko direnak. Dokumentua hasieraz onartuta, jendaurreko epea irekiko da, herritarrek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten: hiru hilabetez egongo da, urtarrilaren 31ra arte.
HAPOa hirigintza-plan bat da. Udalerriak etorkizunean izango duen antolamendua zehazteko tresna da, izan ere, udalerriko lurzoruen erabilerak arautzen ditu, eta, besteak beste, ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa edota ekipamenduen gaietan eragin zuzena du. HAPOaren indarraldia, dokumentu juridikoa den aldetik, mugagabea den arren, dokumentuan jasotako hirigintza-proposamenak 15 urteko aldiari erantzuten dio. Udal-gobernuak azaldu duenez, herriaren beharren araberako programazioa aurreikusi da HAPOan: “Jarduketa programaren bidez, Usurbil modu orekatuan eta ordenatuan hazi eta garatzeko ezinbesteko tresna da”.
Edukiak, laburtuta
HAPOa dokumentu mardula da, eta horren laburpen luze bat egin zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak osoko bilkuran. Haren esanetan, beharrezkoa da erronka globalei tokian tokiko erantzunak ematea, bakoitzeko errealitate ekonomiko, sozial eta kulturaletik abiatuta. “Horretan ari da Usurbilgo Udala azken urteotan, erronka globalei tokiko erantzun komunitario propioak eraikiz eta ikuspegi sistemikoz eman nahian, instituzio publikoaren eta herri eragileen lidergo konpartituaren pean, eraldaketa prozesuak behar duen gobernantza eredu kolaboratiboa eraikitzen; arlo ezberdinetan eragile ezberdinen arteko lankidetza publiko-komunitarioak eta aliantzak josiz. Hor kokatzen da Usurbilgo HAPOa”.
Herri eredu propioa sustatzen du HAPOak. “Hain justu, tresna edo bitarteko izan nahi du denon artean eraikitako eta denontzako izango den Usurbil jasangarriagoa, inklusiboagoa, onuragarriagoa eta bizigarriagoa bihurtzeko, euskara garapen komunitarioaren ardatz izango duena, inor baztertu edo atzean utziko ez duena, herrikideak zainduko dituena, eta usurbildarren arteko berdintasuna eta justizia soziala izango duena aspirazio gisa”.
2004-2013 artean onartutako arau subsidiarioek islatzen dutenetik urrun kokatu dute HAPO berria. “Egungo hiri-eredua zalantzan jartzen du esku artean dugun HAPOak, eta hirigintza eko-feministaren irizpideak eta begiradak geure eginez, gertutasunean eta ingurumenaren eta herritarren zaintzan oinarrituriko herri ereduan sakontzen du”.
HAPOa nola idatzi den kontuan izatea ere garrantzitsua da, udal-gobernuaren arabera. Usurbildarren parte-hartzea eta adostasuna bilatu dira, herritarren ikuspuntua eta bizipenak jasotzea ezinbestekotzat jo baita eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planeamendu bat egiteko. Horren lekuko dira azken urteetan egin diren parte-hartze prozesuak: Oraina da geroa (2014/15), Kale Irekiak (2016), Aginaga (2017/18), Zubieta (2020), Kalezar (2021) eta Santuenea (2021/22). Lur jabe pribatuekin zein beste administrazioekin lortutako hitzarmenak ere nabarmentzekoak dira, besteak beste, Zapategi, Olarriondo, Elutx, tren geltoki berria edo N634 errepideko autobus geltoki berria eta igogailua.
Gizarteratzeko kanpaina
Urriko ezohiko osoko bilkuran onartu ostean, alegazioak aurkezteko hiru hilabeteko epea irekiko da: bitarte horretan, udalak HAPOaren edukiak gizarteratzeko kanpaina komunikatiboa egingo du. Besteak beste, eduki nagusiak jasoko dituen aldizkaria bidaliko du etxez etxe, erakusketa ibiltaria jarri eta aurkezpen publikoak antolatuko ditu. Arkitektoarekin hitzorduak eskatzeko aukera ere izango da. Aurrerago emango da xehetasun guztien berri.
Hasierako onarpena prozesu administratibo luze baten lehenengo urratsa da: alkatearen esanetan, bizpahiru urte beharko dira indarrean sartzeko. Hona prozedura, laburtuta:
- Hasieraz onartuta, gainerako administrazioei horren berri emango zaie, jakinaren gainean egon daitezen eta beharrezko txostenak egin ditzaten.
- HAPOa jendaurrean jartzea: alegazioak jasotzeko epealdia da jendaurreko erakusketa. Urtarrilaren 31ra arte egongo da.
- Behin-behineko onarpena: jendaurreko erakustaldian egindako alegazioak eta oharrak ebaztea da helburua, ondoren HAPOan txertatzeko. Behin-behinean onartutako dokumentua EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordera igorri behar da.
- Behin-betiko onarpena: Usurbil 7.000 biztanletik beherako herria izaki, Gipuzkoako Aldundiari dagokio behin-betiko onarpena ematea. GAOn argitaratuko da ebazpena.
Oposizioa, alde eta kontra
Usurbilgo EAJk HAPOa hasieraz onartzearen aurka bozkatu zuen. Dokumentuaren hainbat eduki kritikatu zituzten, eta zenbait proposamen ere jarri zituzten mahai gainean. “Etorkizunari gutxi begiratzen dion eta oztopo ugari jartzen dituen plana dela iruditzen zaigu. Aldez aurretik beteko ez direla jakinda egindako proposamenak ematen dute”, ebatzi zuten. PSE-EEK, berriz, alde bozkatu zuen, auzoetarako egindako planteamenduak txalotuta. Zinegotzi sozialistaren ustez, “bizitza herrigunetik auzoetara mugituko da”, eta hurrengo 15 urteetarako lan tresna egokia da. Horrez gain, dokumentua idazteko lanean aritu diren udal langileei zein parte-hartze prozesuetan inplikatutako herritarrei eskerrak eman zizkien.
Zinegotzi sozialistari eskerrak eman ostean, EH Bilduk EAJri erantzun zion harrituta gelditu zirela osoko bilkurara talde jeltzaleak eramandako proposamenekin. “Lehenago ekarri izan bazenituzten, beharbada proposamen horietako batzuk HAPOan islatuko ziren, baina ez dugu aukerarik izan zuen proposamenak lantzeko”. Alkateak azaldu zuen “pena” ematen ziola aukera hori galdu izanak, HAPOa adostasunez onartzeko modua izan zitekeelako: “Batzuetan asmatuko dugu eta beste batzuetan ez, baina beti ahalegintzen gara herri akordioak lortzen. Herri honek denontzako izan behar du, eta adostasunez egiten badugu, hobe. Alderdi ikuspegitik baino, herri ikuspegiarekin jardun behar genuke”.