Publicador de contenidos

Usurbilgo euskaltzaleen sarea osatuko dute larunbatean

Iazko Euskaraldiak utzitako bizipenak eta hurrengorako desioak zintzilikatuko dituzte frontoian.

28·11·2019


Euskararen Egunaren bueltan, egitarau berezia prestatu du Usurbilgo Euskaraldiko taldeak: euskaltzaleen sarea osatuko dute larunbat eguerdian, frontoi inguruan. Ariketa bat prestatu dute egun horretarako: “Sare horretan eskegiko ditugu Euskaraldiak sorrarazi dizkigun bizipenak eta emozioak, baita aurrera begirako desioak eta erronkak ere. Hain zuzen ere, euskaltzaleok ariketa egingo dugu, papertxo batean bi galdera hauei erantzungo diegu: batetik, “zer izan da zuretzat Euskaraldia?”, bizipenak kontatzeko, eta, bestetik, “Zer lortu nahi duzu bigarren edizioarekin?”, desioak plazaratzeko.

Papertxo horiek pintza batzuen bidez zintzilikatuko dituzte frontoi inguruan jarriko duten sare batean. “Usurbilgo euskaltzaleen sarea marraztuko dugu!”, azaldu dute. Dagoeneko hainbat udal egoitzatan jarri dituzte papertxoak, idatzi eta bertan uzteko moduan, txapela batzuen bidez: udaletxean, Potxoenean, liburutegian, kiroldegian...

Hauxe izango da larunbateko egitaraua:

  • 12:30. Kantu-jira, kalez kale. Mikel Laboa plazatik abiatuko dira euskaltzaleen bizipenen eta desioen kutxen bila.
  • Ondoren, euskaltzaleen sarea osatuko dute frontoi inguruan. “Zatoz zurea eskegitzera!”.
  • 19:30. Usurbildarrak daukate, herriko artisten emanaldia. Azaldu dutenez, erreferente den pertsona batek idatzitako mezua irakurriko dute bertan.