Publicador de contenidos

Atrás Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuekin osatutako 650 Usurbil Bizi otarrak zozkatuko dira aurten ere

650 Usurbil Bizi proiektutik sortutako ekimen honek jarraipena izango du 2024an ere, Usurbilgo Udalaren, Kulturgunearen eta Hurbilagoren elkarlanaren eskutik. Otarrean parte hartu nahi duten ekoizle eta sortzaileentzako deialdia gaur bertan ireki da, azaroak 14, hilaren 24ra arte.

14·11·2024


650 Usurbil Bizi proiektutik sortutako ekimen honek jarraipena izango du 2024an ere. Usurbilgo Udalak, Kulturguneak eta Hurbilagok elkarlanean antolatuko dute, eta herriko ekoizle eta sortzaileen lana ezagun egin eta produktu horiei ikusgarritasuna emateko, herrian bertan kontsumitzea bultzatzearekin batera. Urte amaieran, Usurbilgo sortzaile eta ekoizleen produktuekin osatutako otarrak zozkatuko dituzte Usurbilgo tokiko merkataritzako saltoki txikiek: otarrean parte hartu nahi duten Usurbilgo ekoizle eta sortzaileei zuzendutako deialdia gaur bertan irekiko da, azaroak 14, eta hilaren 24ra arte izango dute proposamenak aurkezteko epea, gertuago.eus webgunearen bidez.

2022ko eta 2023ko parte-hartzea

2022ko eta 2023ko edizioen balorazio positiboa egin dute ekimenaren antolatzaileek, herriko eragileen parte-hartzea altua izan zelako. Lehenengo urtean, guztira, Usurbilgo 34 ekoizle eta sortzailek hartu zuten parte; Hurbilago elkartekoak diren 18 saltokik hartu zuten parte otarren zozketan, eta 90 otar banatu zituzten bezeroen artean. 2023an, berriz, herriko 29 sortzaile eta ekoizleren lanekin osatu ziren otarrak; 16 saltokik parte hartu zuten parte otarren kanpainan, eta 102 banatu ziren. Hurbilagoren Udazkeneko Azokak otarrak aurkezteko giro paregabea sortu zuen, eta hori horrela, errepikatzea erabaki dute. Sari banaketa igande eguerdian izatea ere lagungarria izan zen, eta hala izango da aurten ere.

Ekoizle eta sortzaileek izena emateko 2024ko deialdia

2024ko edizioari begira, euren produktuak otarretan banatzea nahi duten Usurbilgo lehen sektoreko ekoizleek eta kultur sortzaileek izena eman behar dute, www.gertuago.eus webgunearen bitartez, azaroaren 14tik 24ra bitartean. Ekoizle bakoitzak erabakiko du zer eskaintza egin, 200,00€-ko aurrekontuarekin, BEZa sartu gabe.

Honakoak dira otarrean beren produktuekin parte hartu nahi duten ekoizle eta sortzaileek bete beharreko baldintzak:

a) Kultura eta sormen industriako jardueretarako:

  1. Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izatea, eskaerak egiteko epea zabaldutako lehen egunean (2024ko azaroaren 14an).

  2. Eskainitako produktuaren egilea edo autorea izatea. Taldean egindako lanak badira, taldekideen %33k, gutxienez, Usurbilen erroldatua egon behar du.

  3. Azken 5 urteetan merkaturatutako produktua izatea (deialdia zabaldutako egunetik kontatzen hasita).

  4. Kultura eta sormenaren industriako ondorengo jarduera-adarren bateko eragilea izatea: musika, literatura, arte eszenikoak, ikusmen-arteak, bestelako kultur diziplinetako eragileak, moda diseinatzaileak eta sormen industriako bestelako eragileak.

b) Lehen sektorea, ostalaritza eta elikaduraren industriako ekoizleentzat:

  1. Lehen sektorea: nekazaritza edota abeltzaintzaren sektoreko jarduera bat izan eta ekoizpen-ustiategia Usurbilen daukatenak.

  2. Elikadura-industriako ekoizleak: Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako ekoizleak.

Elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan, hala dagokien kasuan.

Ekoizleen eskaintzak onartzeko prozedura

  1. Ekoizle bakoitzak, izen-ematea egin eta bere eskaintza aurkeztu behar du, www.gertuago.eus webgunearen bitartez, 2024ko azaroaren 14tik 24ra bitartean. Izena emateko lotura zuzena: https://labur.eus/zWLlX

  2. Eskatutako baldintzak betetzen diren aztertuko du ekimenaren antolatzaile diren erakundeetako ordezkaritzarekin osatutako lantalde batek, azaroaren 25etik 26ra.

  3. Ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, egindako eskaintzaren onarpena bidaliko zaie ekoizleei; eskainitako produktuak noiz eta non entregatu behar diren ere zehaztuko da jakinarazpen horretan.

Edozein zalantza argitzeko, gertuago@gertuago.eus helbidera idatzi daiteke edo 652085811 telefonora deitu.

Otarraren aurkezpena, abenduaren 1ean

Udazkeneko azoka antolatuko du Hurbilago elkarteak abenduaren 1ean, eta egun horretan egingo da Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuekin osatutako 2024ko otarraren aurkezpena, 13:00etan; 650 Usurbil Bizi otarraren erakusmahai bat ere ipiniko da azokan.

Zozketan parte hartzeko aukera, abenduaren 2tik 28ra

Gabonetako zozketa jarriko du martxan Hurbilagok abenduaren 2an, hilaren 28ra arte, herriko saltoki txikietan egiten diren erosketak saritzeko. Usurbilgo ekoizle eta sortzaileen produktuez osatutako otarren zozketan parte hartzeko txartelak banatuko dira.

Abenduak 28 eta 29, dendetan zozketa egin eta sarituei otarrak entregatu

Herriko denda, taberna, jatetxe eta ile-apaindegi bakoitzeko bezeroen artean sarituak zein diren erabakiko da zozketa bidez; abenduaren 28an egingo dira zozketa horiek, eta abenduaren 29an, 13:00etan, otarren entrega ekitaldia egingo da Usurbilgo frontoian.