Publicador de contenidos

Atrás Usurbilgo baserritarrentzako ordezkapen zerbitzua martxan da

Udazkenean bi ustiategik baliatu dute zerbitzua; 2026an, zerbitzu zabalagoa eskainiko da.

10·12·2025


Usurbilgo lehenengo sektoreko ustiategientzako ordezkapen zerbitzua jarri da martxan, udazken honetan. Zerbitzu horrek baserritarrei aukera emango die euren ordez lan egingo duen norbait topatzeko gaixotasun edo istripu baten ondorioz lanerako ezindua badago, oporrak hartu ahal izateko edo lan-karga handiko garaietan ordezko edo langile-laguntzaile bat edukitzeko. Modu horretara, baserriko jardunak etenaldirik ez izatea bermatzen da.

Aurtengo irailean eta urrian Usurbilgo bi ustiategik erabili dute zerbitzua: 16 egun bete dira ordezkapen-zerbitzuarekin. Udalak lagunduta, Behemendi Landa Garapeneko elkartearen bidez eman da zerbitzua: 1.280 euroko ekarpena egin du udaleko Nekazaritza eta Abeltzaintza sailak. Horrez gain, baserritarrek ere zati bat ordaindu dute.

Datorren urteari begira, lehenengo sektoreko profesionalei laguntzeko egokia eta interesgarria dela baloratuta, zerbitzua Usurbilgo ustiategi gehiagotara zabalduko da: interesa duten ekoizleak Behemendirekin edo Usurbilgo Udalarekin jarri daitezke harremanetan.

Behemendi Landa Garapeneko Elkartea

943 490 219 / behemendi@behemendi.eus

Usurbilgo Udala, Nekazaritza eta Abeltzaintza saila

943 37 19 51