Publicador de contenidos
Atrás Usurbilera etorri berrientzako ongietorri saioa, azaroaren 2an
11·10·2023

Udalak, Aniztasun Kontseiluarekin batera, etorri berrien ongietorri saioak berreskuratuko ditu: 2023an Usurbilen erroldatu diren herritarrei gutuna bidaliko die azaroaren 2an, 18:00etan, egingo den saiora gonbidatzeko. Hemendik aurrera, saiook urtean bi aldiz egitea da asmoa: alkateak ongietorria emango die, udaleko osoko bilkuren aretoan. Horrez gain, beste bi deialdi irekiren berri eman dute: Aniztasun Kontseiluaren bilera, urriaren 19an, eta aurtengo Mundualdia, azaroaren 4an.
Aniztasun Kontseiluaren bilera
Urriak 19 · 18:00 · Potxoenean
Legealdi berriarekin, martxan da berriz ere Aniztasun Kontseilua. Azken hilabeteetan egindako lanaren emaitzen eta aurrera begikoen inguruan hitz egingo dute. Lantaldeak izaera irekia izan du hasieratik, eta urriaren 19ko bilerara ere interesa duen edonor joan daitekeela gogorarazi dute.
Ongietorri saioa
Azaroak 2 · 18:00 · pleno aretoan
Ongietorri saioa: Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak ongietorria emango die 2023ko urtarriletik irailera bitartean herrian erroldatutako herritarrei. Gutuna bidali diete guztiei, saiora gonbidatzeko.
Mundualdia
Azaroak 4 · herrigunean
Jatorri aniztasuna herriaren erdigunean jartzeko egiten den urteroko festa azaroaren 4an izango da, aurten: udala hasi da egitaraua prestatzen. Ekitaldi ohikoena Usurbildik kanpo jaiotako herritarrek prestatutako jakien dastaketa izaten da: deialdi irekia egin dute, interesa duen edonork parte har dezan. Egitarau osoa urri bukaeran aurkeztuko dute.
Aniztasuna, azken urteetako lan-ildo
2015-2019 legealdian hasi zen egiten udala ongietorri saioak. 2019-2023 legealdian ez zen batere egin, baina aniztasunaren eta elkarbizitzaren gaian sakontzeko lan eta urrats garrantzitsuak egin zituen. Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen txostena egin zuen Aztikerrek, udalaren eskariz: txosten horretan, migrazioaren inguruko iritziak eta diskurtsoak bildu ziren, begirada 1960/70eko migrazioan zein gaur egungoan jarrita. Lan horren ondorio nagusiak gida batean jaso eta etxez etxe banatu zituen, eta, horrez gain, Migrazioari maskarak erauzten ikus-entzunezkoa ekoitzi zuen. Txostena, gida zein ikus-entzunezkoa udalaren webgunean kontsulta daitezke.
Aztikerrek landutako diagnostikoa, gainera, Usurbilgo Aniztasun Plana osatzeko oinarria izan zen: aurrera begirako urratsak zehaztu zituzten bertan. Plan hori gauzatu ahal izateko bi lan espazio sortu ziren: bat udal barruan, hainbat sailetako ordezkari politiko eta teknikoekin, eta beste bat udaletik kanpo, udaleko ordezkari politiko eta teknikoen eta hainbat herritar eta eragileren arteko elkarlana bultzatzeko. Bigarren hori da, hain zuzen ere, Aniztasun Kontseilua: 2021ean egin zen hori sortzeko deialdia, eta 2022an bildu zen lehenengo aldiz.
