Publicador de contenidos
Atrás Usurbilek Zero Zabor Udalerrien Ziurtapen Programan parte hartuko du, osoko bilkuran hala erabakita
24·02·2023

Usurbilek Zero Zabor Udalerriak Ziurtatzeko Programan parte hartzea erabaki dute otsaileko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko botoekin; EAJk aurka bozkatu du. Nazioarteko Zero Zabor mugimenduak sustatzen du zero zabor helburu duen programa hori (Zero Waste Cities Certification Programme): abian da Europa mailan, eta bertan 24 herrialdetako 30 erakundek parte hartzen dute, zero zabor eredua bultzatu asmoz.
Zero Zabor Udalerriak Ziurtatzeko Programa tutoretza- eta aitorpen-sistema batean oinarritzen da. Programak Europako Batasuneko 400 udalerrirekin lan egiten du, eta horiek konpromisoa hartua dute, gutxienez, zero zaborrerako funtsezko baldintzak betetzeko. Espainian, Zero Zabor Aliantza da programa koordinatzeaz arduratzen den erakundea, eta hainbat entitatek osatzen dute plataformaren lidergoa: Amigos de la Tierra, Ekologistak Martxan, Greenpeace, Retorna, Rezero eta Surfrider. Halaber, bestelako hainbat elkarte daude Zero Zabor Aliantzarekin lerratuta, besteak beste, Plastic Free Formentera eta Eivissa, Euskal Herriko Zero Zabor, Zero Waste Canarias, Oceana eta beste asko.
Udal-gobernuak osoko bilkuran gogoratu dutenez, 2009az geroztik Usurbilgo Udalak hondakinen Atez Ateko bilketa jarri zuen martxan, hondakinen kudeaketan jauzi nabarmena eragin zuena, eta, gaur egun, gaikako bilketa %80tik gorakoa da. Orduz geroztik, apurka-apurka, hobekuntzak egin izan dira: auzokonposta, sortzez besteko ordainketa, Usurbil 0.0. programa edo baserri konposta, adibidez. “Hala ere, etengabeko erronka bat da hondakinen kudeaketa, eta ekonomia zirkularra eta trantsizio ekologikoa lehentasunezko gai bilakatu den une honetan, udal hondakinen kudeaketa bilketa eta tratamendura soilik mugatzea lan esparru murritza bihurtu da”, azaldu du Joxe Mari Iribar EH Bilduko zinegotziak.
Zentzu horretan, “interesgarria eta beharrezkoa da” tokiko erakundeak Zero Zabor prozesuan murgilduta dauden bestelako erakundeekin elkarlanean jardutea, arazo berdinen aurrean eman daitezkeen erantzun eta irtenbideak ezagutu, partekatu eta hobetzeko asmoz. Usurbilgo Udalaren hondakinen kudeaketa Zero Zabor Udalerrien Ziurtapen Programarekin “erabat lerratuta” dagoela iritzita, aurrera begira jorratu beharreko lan-ildoak garatzen lagunduko du, nabarmendu dutenez, eta honako onurak izango ditu:
- Usurbilen antzeko ereduekin, laguntza profesional handiagoa Europa osoko esperientziekin. Babes hau berme izango da plan ezberdinak eraginkorrak izan daitezen baita garaiz eta behar bezala ezar daitezen ere.
- Zero Zabor eta Ekonomia Zirkularraren estrategiak diseinatzeko, aplikatzeko, gainbegiratzeko eta optimizatzeko etengabeko laguntza.
- Usurbilgo lana Europako eta nazioarteko audientzia baten aurrean erakusteko aukera, irudi positiboa eta Usurbilgo Udalerria sektoreko lider gisa onartua izatea (web mintegiak, ikasketa bidaiak, formazioak, etab.).
EAJ, bat egitearen aurka
Udal-gobernuaren azalpenen ostean, EAJk hitza hartu zuen. Hondakinen kudeaketan prebentzioan inbertitzearekin ados daudela adierazi zuten, “baina ez horrelako entitate pribatuetan parte hartzeko”. Era berean, bertan parte hartzeko ordaindu egin beharko dela nabarmendu zuten, eta EAJ ez dagoela ados horrekin.
Udal-gobernuak erantzun zien programara atxikitzeagatik ordaindu beharrekoa, udalak duen aurrekontu handia kontuan hartuta, ez dela dirua: “Urtero 1.500 euro ordaindu behar dira, eta hiru urtean behin auditoria bat egingo zaio udalari, eta horren kostua 1.250 euro dira”. Ziurtagiria eskuratzetik harago doa programara atxikitzeko erabakia, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu zuenez: “Gure konpromisoa berrestea da asmoa: egiten ari garen lan hori hobetzeko eta gure buruarekin are zorrotzagoak izateko. Urteetan usurbildarrek egindako lanari aitortza jasotzeko modua izan daiteke, herritarrak zoriontzeko eta bide horretan jarraitzeko eta sakontzeko akuilua”. Ainhoa Arrozpide Landa zinegotziak ere programara atxikitzearen onurak nabarmendu zituen: “Aurrerapauso handiak emanda dauzkagu, baina prebentzioan eta berrerabilpenean asko daukagu egiteko, eta asko ikasi dezakegu Europako beste esperientzia batzuetatik. Udalak ez ezik, herritarrek bide handia egin dugu, eta hori guztia aditua den norbaitek aztertzea eta guri ekarpenak egitea oso lagungarria izango zaigu”.
