Publicador de contenidos

Atrás Usurbilek hirugarrenez parte hartuko du Udalbiltzaren ‘Geuretik Sortuak’ sormen ekimenean

30 proiektu hautatu dira Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren 3. ediziorako. Sortzaileek, beka baten bitartez, egonaldiak egingo dituzte 30 herritan edo herri multzotan. Lau diziplina landuko dira, hirugarren deialdian: literatura, komikigintza, zinema eta antzerkigintza. Jon Ander Urresti aktoreak egingo du Usurbilgo egonaldia.

28·01·2025


Geuretik Sortuak proiektuak hirugarren edizioko parte hartzaileen berri eman du. 2025 eta 2026 artean garatuko den deialdian inoiz baino herri eta sortzaile gehiagok parte hartuko dute, 30 izango baitira, guztira. 2021-2022 eta 2023-2024 aldietan bezala, oraingoan ere parte hartuko du Usurbilek, eta Jon Ander Urresti aktoreari egokitu zaio egonaldia bertan egitea.

Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak egitasmoa. Geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren eta bi edizioren ostean ere. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez. Bi edizio izan ditu dagoeneko, 26 sortzaile bekadunekin lehenengoan, eta 22rekin bigarrenean.

Hirugarren edizioko epaimahaia honela osatua izan da: Kepa Errasti antzerkigintzan, Asisko Urmeneta komikigintzan, Danele Sarriugarte literaturan eta Estibalitz Urresola zineman.

Honakoak dira hirugarren edizioan parte hartuko duten sortzaileak eta udalerriak:

Komikigintza

  • Eñaut Aiartzaguena: Ataun eta Etxarri-Aranatz
  • Amane Apalategi: Hernani
  • Uxue Bereciartua: Araitz, Larraun, Betelu eta Lekunberri
  • Usue Egia: Legorreta
  • Patricia Etxegarai: Ziortza-Bolibar
  • Eneritz Ibarra: Atharratze
  • Asier Iturralde GASTON: Mutriku

Literatura

  • Miren Artetxe: Atxondo
  • Naia Arantzamendi: Baigorri
  • Ixabel Agirresarobe: Asparrena eta Ziordia
  • Garazi Albizua: Ortzaize
  • Peru Calabaza: Ikaztegieta
  • Zigor Garro: Sartaguda, Lodosa, Mendabia, Sesma eta Andosilla
  • Oier Guillan: Aulesti, Amoroto eta Munitibar
  • Saioa Iribarren: Oiartzun
  • Goiz Eder Iturain: Etxalar, Arantza, Lesaka eta Bera
  • Maitane Nerekan: Amasa-Villabona
  • Maitane Perez: Gorliz

Zinemagintza

  • Alba Lozano: Zumaia
  • Raul Barreras: Baztan
  • Aitor Arruti: Elorrio
  • Olatz Ovejero: Larrabetzu

Antzerkigintza

  • Metrokoadroka: Galdakao
  • Jon Ander Urresti: Usurbil
  • Infinito taldea: Leitza eta Berastegi
  • Argimalutak: Berriatua
  • Zelako kultur ideiak: Astigarraga
  • Ekhiñe Famoso: Plentzia
  • Imanol Epelde: Ajangiz eta Muxika
  • amaHiru: Hiriburu