Publicador de contenidos
Atrás Usurbil Oinherri sare hezitzailearen parte da ofizialki
12·06·2020
Usurbil Oinherri sare hezitzailearen parte da ofizialki, udalaren eta Oinherriren arteko hitzarmena sinatu baitute. Otsaileko osoko bilkuran onartu zuen Usurbilgo udalbatzak sare hezitzailearen parte izatea: bi erakundeak martxoan sinatzekoak ziren hitzarmena, baina osasun krisiak bertan behera uztera behartu zituen. “Egiteke genuena egitera goaz, eta konbentzimendu handiagoz, gainera. Izan ere, itxialdian zein konfinamendua arintzeko fase desberdinetan ikusi dugu haurrak bazterrean izan dituztela erakunde ezberdinek, eta ez dituztela aintzat hartu haurren eskubide eta beharrak”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.
Urtebeteko hitzarmena da, urtero luzatzeko aukera duena. Akordio horren arabera, udalak 3.000 euroko ekarpena egingo dio Oinherriri (biztanle kopuruaren arabera, dagokion zenbatekoa), Oinherrik bere jarduera eta proiektuak finantzatzeko eta Usurbilen bere printzipio eta lan-ildoak garatzeko, hezkuntzako eragileekin elkarlanean.
Herri hezitzaileen sareko kiden herrien arteko esperientzien trukea ahalbidetuko du Oinherrik, baita tokian tokiko proposamenak egin, bertako eragileekin harremanean. Modu horretara, eragileen arteko sinergiak bilatuko dituzte. Izatez, talde bat sortu da dagoeneko Usurbilgo zenbait eragileren artean, baina egungo testuingurua tarteko, ezin izan dute bildu: datozen asteetan egingo dute lehenengo bilera.
Hauexek dira Oinherriren oinarriak: “Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea”.
Usurbilek lehendik ere emanak ditu pausoak norabide horretan, Solaberrietak gogoratu duenez, eta horren adibide jarri du Zirimara. “Horretan sakondu nahi dugu udaletik, eta, batez ere, elkarlanean oinarrituz, eskuz esku aritu nahi dugu herriko hezkuntza, aisialdi, kultur eragile edota helburu horrekin bat egiten duen herritar ororekin. Baita ere filosofia horrekin lanean ari diren gainerako Euskal Herriko udal eta herriekin batera. Elkar ezagutu, elkarrengandik ikasiz, eta norabide horretan kokatzen diren eredu eta praktika onak gure herrira ekartzeko. Bide horretan, Oinherri bitarteko ezin hobea da”, nabarmendu du Solaberrietak.