Publicador de contenidos

Atrás Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatu du Eusko Jaurlaritzak

Behin betiko izendapena urrian iritsiko da, iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan. Etxebizitzen merkatuan esku hartzeko eta udalekin “benetako lankidetzak eraikitzeko beharra” nabarmendu ditu Agurtzane Solaberrieta alkateak.

12·09·2025


Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatu du Eusko Jaurlaritzak, Astigarragarekin batera: gaur argitaratu da iragarkia GAOn eta EHAOn. Horren berri emateko prentsaurrekoa egin dute, gaur, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak, Xabier Urdangarin Lasa Astigarragako alkateak eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak, Astigarragako Erribera Kulturgunean. Izendapena urrian sartuko da indarrean, iragarkia Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean. Izendapena “albiste ezin hobea” da Usurbilentzat, Solaberrietaren esanetan, baina etxebizitzen gaiak bizi duen larritasunezko egoeraz ohartarazi du: “Merkatuan esku hartu behar da, eta udalekin benetako lankidetzak eraiki behar dira”.

Jaurlaritzak izendapena onartuta, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea baino ez da falta: urrian izango da, Itxasoren esanetan. Horrekin batera, etxebizitzen prezioen muga ezartzen duen indizea irail amaieran kaleratuko dela baieztatu du. “Espero dugu izendapena iristen denerako indizea kaleratua izatea, hasieratik eraginkorra izan dadin”, nabarmendu du Solaberrietak.

Usurbilek martxoan egin zuen izendapena eskuratzeko eskaera ofiziala. Eskaera hori egin eta izendapena lortzeko udalek egin behar duten lana handia bada ere, bi lan dokumentu “oso garrantzitsu” dira etxebizitzen diagnostikoa zein ekintza plana, Solaberrietaren esanetan: “Hurrengo urteetarako etxebizitza politika oso eta integral bat diseinatu dugu”.

Diagnostikotik, batik bat, Donostiaren eragin esparruaren barruan egoteak Usurbilgo merkatuari egiten dion presioa nabarmendu du alkateak. Prezioetan, “kontrolik gabeko gorakada” izan da, bai metro koadroari dagokionez (2018-2023 aldian, 2.164€-tik 2.957€-ra pasatu da) zein alokairuaren prezioei dagokienez. Etxebizitza eskariari lotuta, Donostian etxebizitza erosi edo alokatu ezinaren ondorioz, gazte askok Usurbilera jotzen dute, eta oro har, errenta maila altuagoa duten bizikidetza unitateak dira. Etxebiden izena emanda daudenen artean, Usurbilen bizi nahi dutela adierazi dutenak gehiago dira Usurbildik kanpokoak baino. “Erroldatu gabekoen diru-sarrerak handiagoak dira erroldatuenak baino, beraz, agerikoa da beste udalerri batzuetako pertsonek ahalegin txikiagoa egin behar dutela Usurbilen bizi direnek baino”.

Usurbilgo etxebizitzen ekintza plana lau ardatzen bueltan egituratu da: etxebizitza eskuragarria sustatzea; eraikitako parkearen gaineko jarduketak bultzatzea, hiriaren birgaitzea eta berroneratzea bultzatuz; prestazio-sistema, alokairurako laguntzak eta kolektibo kalteberak babestea; eta erakundeen arteko koordinazioa, herritarrei informazioa ematea eta planaren jarraipena egitea.

Bi ideia nabarmendu ditu Solaberrietak. Batetik, etxebizitza plana zaintzaren zeharlerrotasunetik garatu dute. Gizartea zahartzen, zaintza beharrak areagotzen, dependentzia indizea handitzen edo bakardade ez hautatuan bizi den pertsonen kopurua hazten ari den honetan, kolektibo horiei zuzendutako etxebizitza politikak garatzeko beharra nabarmendu du: “Zaintzekin uztartzea ahalbidetuko duten etxebizitzak behar ditugu, zaintza behar duten pertsonek beren bizi proiektuekin jarraitu ahal izan dezaten”. Usurbilen norabide horretan martxan jarritako hiru proiektu azaldu ditu: belaunaldi arteko etxebizitza komunitario Txirikorda, Egurtzegiko zaintzadun etxebizitzak eta Egurtzeko bizi osorako etxebizitzak.

Bestetik, Usurbilgo etxebizitza planak bat egingo du denboran indarrean sartzear den HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren lehenengo lau urtekoarekin. HAPOan 715 etxebizitza berri antolatzen dira, eta %62 babestuak dira: 340 etxebizitza sozial eta 102 etxebizitza tasatu. “Etxebizitza babestuen aldeko apustu argia egin dugu”. Lehenengo lau urteetan, etxebizitzen ekintza plana indarrean izan den une berean, aukera ematen da 310 etxebizitza eraikitzeko: erdia, babestutakoak dira. Solaberrietak azaldu duenez, udalak proposatua dio jada Etxebizitza Sailari bi eremuren garapenerako lankidetza hitzarmena sinatzea: Pikaola eremuan, udala lurzoruaren %54ren jabe da, eta bertan 30 etxebizitza sozial egiteko aukera dago, eta Agerrazpin, 30-35 zuzkidura etxebizitza egiteko aukera.

Solaberrietak etxebizitzaren gaiak bizi duen “larrialdiko egoera” nabarmendu du: “Egoera honi aurre egiteko, udalez gaindiko bestelako politika integral eta ausartak behar ditugu. Merkatuak ezin du erabaki nor bizi daitekeen Usurbilen eta nor ez: merkatuan esku hartu behar da, eta udalekin benetako lankidetzak eraiki behar dira”.