Publicador de contenidos
Atrás Usurbil 1936 elkarteak ‘Gerraren memoria ibilbidea’ osatu du, 36ko gerran gertatutakoen oinarrizko ezagutza denen eskura jartzeko
30·09·2024
Usurbil 1936 oroimen elkarteak Gerraren memoria ibilbidea osatu du, herrigunean, 36ko gerrak herrian izandako eragina eta garai hartan jazotako hainbat pasarte agerian jartzeko helburuarekin. Elkarteak osatutako bigarren bisita gidatua da: duela hilabete batzuk aurkeztu zuten lehenengoa, Andatzako lubakiak erakusten dituena. Gerraren memoria ibilbidea larunbatean bertan eskainiko dute lehenengo aldiz: doan bada ere, partaide kopuru mugatua izango du, eta, beraz, izena eman behar da, aldez aurretik, 650 Usurbil Biziren webgunean.
Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, orain arte egindako lan guztia euren webgunean kontsultatzeko moduan jartzeaz gain, oso garrantzitsua iruditzen zitzaien 36ko gerran herrian gertatutakoaz “oinarrizko ezagutza” agerian jartzea, denen eskura: “Hori da, hain zuzen, Gerraren memoria ibilbidea -ren helburua”. Azaldu dutenez, ibilaldiak zortzi geldialdi ditu, herrigunean bertan, eta bakoitzean jasotako azalpenek kontakizun labur bat osatzen dute. Zentzu horretan, “informazioaren koherentzia mantentzeko”, ibilbidea geldialdien hurrenkeran egitea gomendatu du elkarteak. Geldialdi bakoitzak bere totema izango du, gutxieneko informazioarekin, eta QR kode bana ere izango dute, gehiago jakin nahi dutenentzat. “Horri esker, nahi duenak ibilbidea bakarka egin dezake edozein unetan”.
Nork bere kasa ez ezik, bisita gidatu gisa ere eskainiko da: 650 Usurbil Bizi proiektuarekin elkarlanean egingo dira, zuzeneko azalpenekin eta informazio gehigarriarekin. Jakinarazi dutenez, lehenengo bisita gidatua larunbatean, urriaren 5ean, izango da, doan; Mikel Laboa plazatik abiatuko da, 18:00etan. Lehenengo saio hori elkarteko kideek eurek gidatuko dute, eta, aurrerago, 650 Usurbil Biziren bidez eskainiko da: data berriak lotu ahala, 650 Usurbil Biziren webgunean kontsultatu ahal izango dira.
Lan andana, lau urteko ibilbidean
2020an sortu zen Usurbil 1936 oroimen elkartea: hasieratik izan du udalaren laguntza eta babesa, eta lan andana egin dute ordutik. Usurbilen ere “arrasto sakona” utzi zuen gerrak, baina ez zen haren inguruko ikerketarik egin aurrez, eta lan horri heldu zioten. “1936ko uztailean kolpistek Errepublikaren aurka matxinatu eta garaile suertatu ondoren ezarritako diktadurak ezkutuan eta isiltasunean utzi zituen gertakizun asko. Errepresioa eta bidegabekeria latzak pairatu zituzten hainbat herritarren historia eta istorioak ezezagunak dira gehienontzat, are eta gehiago garai hura bizi izan zuten belaunaldiak desagertzen joan diren heinean”. Zailtasunak zailtasun, informazio ugari berreskuratu ahal izan du elkarteak, eta lortutako dokumentu, testigantza eta datuak, baita burututako ekimenak ere, www.usurbil1936.eus orrialdean jaso dituzte.
Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak elkartearen lana goraipatu du, eta Usurbil 1936 elkartearen eta udalaren arteko hitzarmenak proiektua indartu eta gorpuzteko izandako garrantzia nabarmendu du. “Hitzarmenak eta elkartetik boluntarioki egindako lan andanak ahalbidetu du hamaika proiektu abian jartzea, guztiak ere memoria historikoa berreskuratu eta gaurko eta ondorengo belaunaldiei transmititzeko”. Zentzu horretan, euskarriak sortzearen garrantzia nabarmendu du Solaberrietak: “Nabarmentzekoa da elkarteak sortu duen webgunea: ondo egituratutakoa, argia, dokumentatua, izen-abizen andana eta testigantzen gune eta altxorra. Izugarrizko ekarpena egiten dio gure herri memoriari, herri eraikuntzari, bizikidetzari eta curriculumari”.
Udalak eta Usurbil 1936 elkarteak lau urterako hitzarmena sinatu zuten 2020an. Udalak 100.000 euro inguruko ekarpena egin zuen, eta aldeek hartutako konpromisoak beteta, amaitzear da, egun. “Ez dut dudarik: zinez emankorra izan da lankidetza honek utzi diguna. Espero dut herri hau gai izatea bere memoriaren berreskurapenean jarraitzeko: bizikidetzarako ezinbesteko oinarria da, eta sinesten dugu berriro halakorik ez gertatzeko bermea dela”.
Josu Santamarinaren hitzaldia, Andatzako indusketez
Bisita gidatu berriaren aurkezpena baliatu du elkarteak, gainera, beste hitzordu baten berri emateko. Josu Santamarina arkeologo eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan Historia Garaikideko irakasleak hitzaldia emango du, Andatzako lubakietan 2022 eta 2023 udetan egindako indusketen inguruko nondik norakoak eman eta bertan aurkitutako materiala erakusteko. Urriaren 15ean izango da, 19:00etan, Sutegiko erakusketa gelan.