Usoa Zumetak eta Mikel Telleria musikariak ‘Zumeta’ diskoa aurkeztu dute
16·11·2022
Usoa Zumeta artistaren alabak eta Mikel Telleria musikariak aurkeztu dute Usurbilen, Agurtzane Solaberrieta alkateak lagunduta, ‘Zumeta’, pintorea hizpide duen kantua eta diskoa. Kantaria pozik agertu da aurkezpena hain leku esanguratsuan egin delako, Usurbilgo Zumeta Arte Estudioan. Bere ustez behar zuen halako aitortza bat euskal kulturaren izen handienetako bat eta erreferente izan den José Luis Zumetak. Bere esanetan, ordea: “ez da soilik Zumetari eskainitako diskoa, belaunaldi oso bati eskainitako diskoa baizik: Basterretxea, Ruiz Balerdi, Ameztoi, Carmelo Ortiz de Elguea, Txillida, Oteiza, eta beste asko datozkit gogora… ezin denak aipatu, barka nazatela. Azken batean, punta-puntako artea eskainiz, euskal kultura mundu aurrean aurkeztu dutenei eta gaur egun lan bertsuan dihardutenei egindako omenezko diskoa da”.
Usoa Zumetak azaldu du nola izan zuen kantuaren berri: “Bernardo Atxagak deitu zidan esateko Mikel Telleria lagunak ‘Zumeta’ izeneko kantua egina zuela eta bilera bat antolatu zuen bere Zalduondoko etxean hori ezagutzeko. Asko gustatu zitzaidan eta urrian egin genuen ‘Zumeta in memorian ekitaldira gonbidatu nuen Mikel, eta han aurkeztu zuen kantua jendaurrean”.
Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak azaldu duenez, ‘Zumeta’ diskoak Usurbilgo Udalaren euskarazko kultur sormenerako dirulaguntza jaso du, beste lan batzuen artean. Laguntza horren lehenengo deialdian bederatzi lan lagundu dituzte, eta horietako bat da ‘Zumeta’ diskoa. Egileei eskerrak emateko aprobetxatu du prentsaurrekoa: “Eskerrik asko bioi disko hau egiteagatik. Zumeta omentzeko, transmisioa egiteko, Zumetaren hariari jarraitzeko modu ederra da, dudarik gabe”. Horrez gain, Zumetaren lanari lotutako iragarpena ere egin du: Usurbilgo erdigunean dagoen Zumetaren muralak 50 urte beteko ditu 2023an, eta udala eta familia, elkarlanean, efemeridea ospatzeko hainbat proposamen lantzen ari dira. Urte hasieran emango dute horren guztiaren berri.
Mikel Telleriak eskertu egin du disko-proiektu hau gauzatzeko jaso duen laguntza eta babesa, bereziki Usoa Zumeta eta familiarena, eta bai halaber erakundeena, Eusko Jaurlaritza eta Usurbilgo Udala: “Aipagarria da bereziki Usurbil bezalako herri txiki batek erakusten duen euskal kulturarekiko maitasuna eta babesa, txalogarria da zuen etsenplua, ea zabaltzen den beste herri batzuetara euskal kulturaren mesederako, bejondeizuela”.
Gogora ekarri du nola sortu zen disko-proiektua: 2020ko apirila zen, covid pandemia zegoen iritsi berria, etxean egon behar zen derrigor konfinamendua zela eta. “Egoera horretan apirilean utzi gintuen Zumetak, eta hurrengo egunean Berrian atera zuten duela urte batzuk egindako elkarrizketa bat, Iñigo Astiz kazetariak egindako elkarrizketa. Eta galdetzen dio: zerk bultzatu zaitu pintatzera? eta erantzuna zoragarria: Beharrak, ez badut pintatzen ez naiz ongi aurkitzen, oreka bilatzeko da eta bizitzeko gogoa”.
Musikariaren esanetan, beharraren gai hori unibertsala da arte munduan, berdin izan pintore, idazle, eskultore… Eta kantua egitea erabaki zuen: “Esan behar da gauzarik zailena izan zela lehen estrofa moldatzea. Bertan bildu nituen, nire ustez Zumetaren kantuak behar zituen klabeak. Zumeta zen, berak esanda, tailerreko pintorea; bere pinturan ezinbestekoa den kolorea aipatu behar zen derrigor; espazio zuriaren gai topiko hori; eta gai horien inguruan topatzen zuela bizitzeko motiboa, … elkarrizketan aipatu zuen bizitzeko gogoa; hori zuela bizigai.
Disko eklektikoa
Behin kantua egin zuenean eta beharbada konfinamendu garaia zelako, eta denbora soberan zuelako-edo, disko oso bat egitea erabaki zuen. Musikariaren arabera, diskoa eklektikoa izan behar zuen: Zumeta ere eklektikoa zen, estilo ezberdinak landu zituen, figuratibotik hasi eta abstrakziorainoko ibilbidea egin zuen. Eta era berean, disko indartsua behar zuen rock estilokoa, bere ustez Zumetaren pinturak indar handia transmititzen duelako.
Diskoak asmo hori duela azpimarratu du, kontrasteak bilatzea kantu batetik bestera. Lan oso bat bezala planteatu du eta osotasun horren haritik ulertu behar dela lehen kantutik azkenekoraino azaldu du: “Eklektikotasun ildo horri jarraituz alde handiak dira kantuen artean, bata bestearen atzetik suma daiteke. Estilo ezberdineko rocka dago gehien, eta balada bat,… badago funkia… Kontraste handiko diskoa da, kantu batek hurrengoarekin zerikusi gutxi duena”.
Gai aldetik ulertzeko bi ardatz nagusi aipatu ditu Mikelek. Batetik pintura munduko irudiak lantzea, Zumetari eskainitako diskoa zela ikusita; eta bestetik gai sozialen erreferentzia hori, pintoreak horiekiko konpromisoa erakutsi zuen askotan.
‘Zumeta’ diskoa Mikel Telleriaren autoekoizle lana da eta Gasteizko Sonora diskoetxearen eskutik plazaratu du. Aurrerapen gisa, uztailean ‘Hala ere’ kantuaren bideoklipa argitaratu zuten, eta Youtuben ikusi ahal da: https://youtu.be/2OEvAugKDd0. Diskoan Jose Luis Zumetaren bi margolan agertzen dira, azaleko irudia bera eta autoerretratu bat barruko poster batean.
Diskoa Durangoko Azokan, autoekoizleen postuan eskuratu ahal izango da eta ohiko dendetan. Halaber, Badok plataforman eta Spotifyn entzun ahal izango da.
Egileak egindako kantuen azalpen laburra
Soilik han: Rock kantua da eta pintura munduko metafora eta irudiez osatuta dago.
Iritzi nagusia: Elisabeth Noelle Neumanek idatzi zuen ‘La espiral del silencio’, liburua irakurri eta gero sortu zen kantua. Bertan, soziologoak azaltzen du hirurogeigarren hamarkadan Alemanian egindako hauteskunde batzuetan, nola jendeak bere iritzia ezkutatzen zuen taldetik ez baztertua izateko. Antzekoa gertatzen da gaur egun nire ustez, eta “politikoki zuzena”, “políticamente correcto” deitzen diogu horri.
Ikaro: Greziako mitologian kontatzen da nola Ikaro eta aita, Dedalo, Kretan zeudela irlatik irten ezinda, eta argizarizko hegoak jantzi eta atera zirela handik. Gero historiak jarraitzen du gehiegi hurbildu zela eguzkira eta argizariko hegoak urtu eta,… Baina niri interesatzen zaidana da ihes egiteko ahalegin hori, jarrera aktiboa erakusten duelako. Jarrera aktiboaren aldeko kantua dela esango nuke.
Euri hotzena: Hau da balada bat,… eta baladak duten berezko ezaugarria, amodiozko kantua da.
Kontularia 5 (collage): Bi kontu aipatu behar dira hemen, batetik forma eta bestetik gaia. Forma aldetik izenburuak dioenez, Kontularia 5 (collage) badu pintura munduko erreferentziak. Gauza da nire buruari jarri niola erronka ea posible izango ote zen pinturan bezala hitzekin eta esaldiekin collage bat egitea, esaldi zatikiekin nolabait esanda. Eta osatuko ote zuten zatiki horiek halako esanahi orokor bat, zentzua izango zuena. Lehen saiakerak ez ziren ulergarriak gertatu. Baina, bosgarren saiakera egoki zegoela iruditu zitzaidan. Hortik dator izenburua.
Gai aldetik berriz, azken aldian munduan zehar hain ezagunak diren buruzagi populistak eta berri faltsuekin intoxikatzen dabiltzanak ditu hizpide.
Hainbat lore: Pintura munduko irudiez osatuta dago. Bizi dugun zorionaren eredua zalantzan jartzen dut. Gainetik, ezarritako eredu horretan, gutariko bakoitzak ere baduela ekarpena egiteko aipatzen dut.
Poema idatzi batez. Kantu hau sortu zen Berri Txarrak taldearen ‘Berba eta Irudia’ liburua irakurri eta gero. Hor aipatzen da 2019an munduan zehar egin zuten kontzertu-jira hori, Mexikon, Estatu Batuetan, Europan, Japonian… oso deigarria egin zitzaidan eta burura etorri zitzaidan Beñat Etxeparek zioen hura: “euskara, euskara jalgi adi mundura”. Euskal musikariei eta euskal musikari egindako halako omena da.
Hitza sinesgaitz: Aurten otsailean izandako gertakari batek piztu zidan kantu hau egiteko ideia. Otsailaren 2an, 20 kristau taldek eskatu zioten elizaren hierarkiari ikerketa batzorde bat antolatzeko, eliza barruan izandako sexu abusuak zirela eta. Handik aste batzuetara jaso zuten erantzuna, alegia abokatu bulego bati emango ziotela ikerketa egiteko ardura. Gai horri heldu nion,… ozen egindako hausnarketa da.
Hala ere: Diskoa egitea erabaki nuenean gogoan nuen nola duela urte batzuk agertu zen hilda Turkiako hondartza batean Siriako gerratik ihesi zetorren familia bateko hiru urteko mutikoa, Aylan Kurdi zuen izena. Kantua itsas salbamendu humanitarioan aritzen den Aita Mari itsasontziari eskainita dago eta Mediterraneoko tragedia du hizpide.
Udazken hostoak: Modu metaforiko batean pertsona baten bizitzaren udazkenean egindako gogoeta moduko bat.