Publicador de contenidos

Atrás UEU eta Jakin-ekin hitzarmena sinatu du Usurbilgo Udalak

Datozen hiru urtetan, UEUren Udako Ikastaroen baitako ‘Jakin Jardunaldia’ Usurbilen egingo dela baieztatu dute hiru eragileek.

27·03·2017


Usurbilgo Udala elkarlanean arituko da Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) eta Jakin-ekin hurrengo hiru urtetan, astelehen honetan sinatutako hitzarmenaren ondorioz. Hori horrela, Udako Euskal Unibertsitateak, Jakin-ek eta Usurbilgo Udalak UEUren ‘Udako Ikastaroen’ baitan egiten den 'Jakin Jardunaldia' Usurbilen egiteko elkarlana bideratu dute. Jardunaldi horiek uztailaren 13 eta 14an burutuko dira, gaur gaurko “Euskara eta Euskarak” gai hartuz.

Hitzarmenaren sinadura-ekitaldian, besteak beste, Xabier Arregi Usurbilgo alkateak, Jakin-eko Joan Mari Torrealdai eta Lorea Agirrek, eta UEUko Iñaki Alegria eta Ane Sarasuak partehartu dute. Usurbilgo Udalaren helburuetariko bat euskal kultura hauspotzea dela nabarmendu du Arregik:

“XX. mendean euskal kulturaren plaza garrantzitsua izan zen Usurbil, hemen hazi baitziren Udarregi, Mendiburu, Ez Dok Amairu, Artze, Zumeta edota Alejandro Tapia. XXI. mendean ere hala izatea nahiko genuke, beraz gure ekarpena egin nahi dugu zentzu horretan. UEUrekin eta Jakinekin gutxienez hiru urterako hitzarmena sinatuko dugu, eta euskal jendarte eta kulturaren erradiografia zehatza ateratzea gustatuko litzaiguke, herri eta jendarte gisara trantsizioan gauden garaiotan. Hausnarketa egin nahi dugu, baina hausnarketa ireki, garden, publiko eta politikoa. Interes edota izpiritu kritikoa duen jendearekin egingo dugu hausnarketa hori, baina baita herri eta jendarte honen arazoez kezka dutenekin ere”. 

Iñaki Alegria UEUko zuzendariaren arabera, “UEUren zereginen artean dago topaguneak eskaintzea: ezagutza eta euskara ardatz duten topaguneak, hausnartzeko topaguneak eta eztabaidarako topaguneak. Udako Ikastaroak erakusleiho eta parada ezinhobea dira helburu horiek lortzeko, eta pozik gaude Usurbilera etorriko direlako”.

“Jakin-ekiko lankidetza aurretik dator, Usurbilekikoa berria da, baina herriak duen kultur-tradizio aberatsarekin bat dator. Gaur sinatzen dugun hitzarmen honek aipatu ditudan guztiak jasotzen ditu, eta ziur gaude JAKIN eta Usurbilgo Udalarekin batera abiatu dugun bide hau emankorra izango dela”, gaineratu du UEUko zuzendariak.

Bere aldetik, Jakin-eko Joan Mari Torrealdaik “hiru eragileon artekoa elkarlan eredugarria” dela aipatu du, “herria eta unibertsitatea, jakintza eta jendea batzeko orduan ildo interesgarria irekitzen du. Lorea Agirrek, azken bi urtetan Iruñean zein Baionan egindako jardunaldien esperientzia gogora ekarri du, “Usurbilen ere herri honen egungo gaiak ekarriko ditugu plazara, gogoetara.”

Jardunaldiok, ikastaroez gainera, ekintza gehigarriak izango dituzte, arratsalde eta gauez, eskaintzaren osagarri.