Publicador de contenidos
Atrás Udazkena, Parekidetasun sailean: aholkularitza zerbitzuak, jabetze eskola eta kultur ekitaldiak
11·09·2023
Ikasturte berrirako eskaintza oparoa prestatu du Usurbilgo Parekidetasun sailak: aholkularitza juridikoa, sexu aholkularitza, jabetze eskolako ikastaroak eta kultur ekitaldiak antolatu dituzte. Eskaintza ikasturte osoan mantentzea da asmoa, baina, oraingoz, udazkeneko egitarauaren berri eman dute.
Parekidetasun sailaren eskaintzak lotura zuzena du Emakumeen Etxearen proiektuarekin. Parte-hartze prozesuan, etxeak eskainiko dituen zerbitzuak eta beste zehaztu zituzten, eta horiek daude udazkeneko eskaintzaren oinarrian. Kalezarko auzo-ekipamenduaren eta Emakumeen Etxearen egoitza izango den Pelaioenea oraindik obretan badago ere, proiektutik eratorritakoak martxan jarriko dituzte.
Emakumeen Etxearen eskaintzak hiru atal nagusi izango ditu. Batetik, kontzientzia feminista sustatzeko jarduerak: horretarako, jabetze-eskolak eta kultur ekitaldiak antolatuko dituzte. Bestetik, erabilera anitzeko espazioak egongo dira: goxo egoteko gune bat eta liburutegi feminista bat izango ditu, eta irakurketa feminista talde bat sortzea ere aurreikusi zuten. Horrez gain, zerbitzuei dagokienez, emakumeei arreta eta harrera eskainiko zaizkie, Aniztasun sailaren harrera zerbitzua ere handik kudeatuko dute, eta aholkularitza juridikoa eta sexu aholkularitza ere han kokatuko dituzte.
Erabilera anitzeko espazioak izan ezik, Parekidetasun sailak martxan jarriko ditu, irailetik aurrera, kontzientzia feminista sustatzeko jarduerak eta adierazitako zerbitzuak. Oraingoz, Potxoenean jarriko dituzte martxan, eta Pelaioenea prest dagoenean, han eskainiko dira zerbitzu eta ekitaldi horiek, erabilera anitzeko espazioekin batera.
Pelaioeneko obrak, atzerapenarekin
Usurbilgo emakumeen etxearen zein auzo-ekipamenduaren aterpe izango den Pelaioeneko obrak atzerapenarekin doaz. Parekidetasun sailetik prestatutakoak ikasturte berriarekin han abiatzea zen asmoa, baina obrak amaitu bitartean, Potxoenean eskainiko dira.
1. SEXU AHOLKULARITZA GUNEA
Irailaren 4tik aurrera. Oraingoz, Potxoenean.
Adin guztietako herritarrei zuzendutako zerbitzua da, herritarrek sexualitatearen inguruan izan ditzaketen zalantza, zailtasun eta/edo informazio beharrei erantzuteko.
Bi astetik behin, astelehenetan, 17:00etatik 19:00etara.
- Irailak 4 eta 18
- Urriak 2, 16 eta 30
- Azaroak 13 eta 27
- Abenduak 11
Hitzordua hartu nahi izanez gero, deitu edo idatzi: info@xelebreak.com / 650 232 714
2. AHOLKULARITZA JURIDIKOA
Irailaren 20tik aurrera. Oraingoz, Potxoenean.
Udalak Irule abokatu taldea kontratatu du, aholkularitza juridiko zerbitzua eskain dezan: Usurbilgo emakume guztiei zuzendutako zerbitzua da, eta, gutxienez, ordubeteko aholkularitza legala jasotzeko aukera izango dute.
Hainbat gai konplexuren inguruko informazio juridikoa eskainiko dute: banaketa, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, mantenu pentsioen ordainketa ezak, bisita erregimenen ez betetzeak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, etxeko langile zein gainontzeko langile emakumezkoen kaleratzeak, diskriminazioa, eskubideei buruzko informazioa, laguntza sozialak eta bestelako kontsultak.
Hilean bi egunetan, asteazkenetan, 15:00etatik 18:00etara:
- Irailak 20 eta 25
- Urriak 4 eta 18
- Azaroak 15 eta 29
- Abenduak 12 eta 18
Hitzordua hartzeko: udaletxean aurrez aurre edo 943 37 19 51 telefonoan.
3. JABETZE ESKOLA
Urritik aurrera.
Izen-ematea: irailaren 20tik 29ra, udaletxean aurrez aurre edo 943 37 19 51 telefonoan.
3. 1.- Pepa Bojoren ikastaroa: “Autoestimua eta ahalduntzea”
Urriaren 5etik abenduaren 14ra bitartean, ostegunetan.
Oraingoz, Potxoenean.
17:00-19:00
Gazteleraz
Autoestimua funtsezko oinarria da, eta horretan oinarritzen da ahalduntze-prozesua. Tailer hau gure gizarte patriarkalean autoestimua nola eraikitzen den ulertzeko tresna bat da, bizitzan zehar jaso ditugun mezuetatik zeintzuk laguntzen eta ahalduntzen gaituzten jakiteko; baita zein baliabide, indargune eta trebetasun ditugun jakiteko eta geure buruarekin harreman ona sortzeko, zaintzaren eta auto-konfiantzaren bidez.
3. 2.- Biodantza ikastaroa
Urriaren 3tik abenduaren 12ra bitartean, astearteetan.
Kiroldegian
15:30-17:00
Euskaraz
Biodantza musika, mugimendua eta emozioa uztartzen dituen jakintza bat da. Modu honetan, bakoitzak bere pentsamendu, sentimendu eta ekintzen kontzientzia hartzen du. Tratu onak ematen dira norberarentzat, besteentzat eta inguruan ere. Besteekiko enpatia garatzen da, eta afektuan oinarritutako harremanak sortzen dira. Autoestimua hobetzen da, eta maitatzeko gaitasuna handitzen laguntzen du. Adin guztietako emakumeei zuzendua dago eta ez da aurretik dantza egiteko esperientziarik behar.
4. KULTUR EKITALDIAK
Azaroan.
4. 1.- “Hiru kortse, azukre asko eta Brandy gehiegi” antzerki saioa.
Azaroaren 19an, Sutegin, 19:00etan. Sarrerak: usurbilkultura.eus -en, azaroan.
Sinopsia. Emakume 1, emakume 2, emakume 3, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisna, azukre eta pasteltxoz betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean.
Ba ote dakite beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradak izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa da?
Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?
4. 2.- Helduentzako ipuinak. Dorleta Kortazar Alkoz: “80 amandre”
Azaroaren 28ean, liburutegian, 18:00etan.
Sinopsia. 80 amandre behar omen dira antzinako emakumeak egungoekin lotzeko, hori zion behintzat Jorge Oteiza handiak; 80 amandre besterik ez, antzinaroa gaur egunarekin lotzeko.
Nik 4 amandre nahikoa izan ditut munduen nire txokoa aurkitzeko, 4 amandre besterik ez, ipuin bihurtu eta saio honetan elkartu ditudanak.
Ametsak, desioak, lana eta tristurak mototsean kiribildu eta munduari irribarre egiten ikasi duten emakumeen istorioak dira hauek. Esku zailduak, sabel puztuak, begirada galduak, eta batez ere irribarrea begietan duten amandreak, amamak, amatxiak, amumak...
Finean, nire amandreak zure amandreak direlako.