Publicador de contenidos
25·02·2020
Udaletxeko espazioaren berrantolaketari eta administrazio elektronikoari heldu die udalak. Bi prozesuak aldi bertsuan abiatu dira, elkar lotuta daudelako, nahiz eta gero bakoitzak bere erritmoan egingo duen aurrera. Bi-biak, oraingoz, udal-langileek antzemango dituzte, batez ere, euren egunerokoan, lan egiteko moduari lotuta daudelako; horregatik, bi batzar egin ditu udal-gobernuak, aldaketa horiek langileei aurkezteko. Legealdiko Planean, Udala herriaren zerbitzura atalaren barruan, udala berrantolatzea ardatz gisa definitu zuen udal-gobernuak, eta horren barruan hainbat lan egitea aurreikusi dute: espazioaren diagnosia egitea eta administrazio elektronikora urratsak egiten hastea horietako bi dira. Udal-gobernuaren legealdiko neurriak dira gaur aurkeztu dituzten biak, baina, horretaz gain, udala derrigortuta dago, legez, herritarrei udalarekin digitalki komunikatzeko aukera ematera: atzeratu ezin den prozesu bat da, beraz.
Lan horiek guztiak, hain zuzen, Konektatzen leloaren pean egingo ditu udal-gobernuak. Konektatzea gerturatzea da, herritarrak eta udala gerturatzea: konexioa izan daiteke digitala zein fisikoa, aurrez aurrekoa, eta bi-biak hobetu nahi ditu udal-gobernuak. Azken helburua hori baita: herritarrei kalitatezko zerbitzua ematea. Konektatzen leloak, gainera, udala digitalizazioaren garaira egokitzeari ere egiten dio erreferentzia: papera alboratu, eta ordenagailuko fitxategien bidez lan egiten hasiko da. Horrek esan nahi du udal-langileen lan egiteko gaur arteko modua programa baten bidez egin behar dela, eta horrek denbora hartuko du. Izan ere, lehen-lehenik, udaletxean egiten diren tramite mota guztiak identifikatu behar dira: espediente bakoitzak zein ibilbide egin behar duen identifikatu, eta horiek zehatz-mehatz islatu aipatu programa horretan. Eta hori guztia egindakoan, papera behin betiko alboratzeko moduan izango da udala. Noski, hainbat bilera egingo dira langileekin lehenengo, eta hainbat formakuntza saio antolatuko dituzte guztientzako.
Udalaren berrantolaketa
Udaletxea zaharberritu nahi du udal-gobernuak, baina horretarako beharrezkoa da gaur egungo espazioaren antolaketaren diagnosi bat egitea, ondoren, esku hartze zehatzak egin ahal izateko. Astazaldik marraztuko du espazioaren antolaketa berria, edo, beste era batera esateko, egoera zein den ezagututa, udaletxea barrutik berritzeko zenbait proposamen egingo dizkio udal-gobernuari. Horretarako, dena den, egungo espazioaren antolaketa ezagutu nahi dute, eta espazio horren erabiltzaile nagusiak diren langileekin hitz egin, sail desberdinen arteko koordinazioa nolakoa den jakiteko, beste udal-langileekin zein hartu-eman dituzten ezagutzeko, baina baita herritarrekin zenbaterako hartu-emana duten, planteamendu berrian behar horiei guztiei ahalik eta egokien erantzuteko. Diagnosi hori Aztikerrek egingo du, Astazaldik eskatuta, eta aurreikuspenen arabera, martxoaren erdialdean hasiko da Aztiker langileekin biltzen. Aztikerrek informazio guztia bildu, eta Astazaldiren esku utziko du, egingo dituzten proposamenak horiek kontuan hartuta egin ahal izateko.
Astazaldik proposamen batzuk egingo ditu, baina horiek gauzatzea beste fase baten parte izango dira. Litekeena da inbertsio handiak egin behar izatea, eta hori pixkanaka egin beharko da: ezingo dira denak batera egin. Oraingoz, lehenengo pausoa emango dute: udalak zein espazio dituen jakin, nolakoak diren, eta, ondoren, bakoitzean zer eta nola egin daitekeen pentsatu.
Dagoeneko hartu diren neurriak
Udalaren berrantolaketari begirako urrats bat gehiago izan da gaurkoa (zehazki, Legealdiko Planeko 125. eta 127. neurriak jarri dituzte martxan), baina azken hilabeteetan Legealdiko Planean jasota dauden aldaketa xume batzuk egin ditu udal-gobernuak. Doako wifi eremuak sortu ditu zenbait udal-ekipamendutan (124. neurria), artxibo sistema berria sortzeko bidean, artxibo zaharraren diagnostikoa eta xahuketa abiatu du (126. neurria) eta pertsona bat kontratatu du otsailean administrazio elektronikora bidean urratsak egiten hasteko (125.1. neurria). Azken horren kasuan, urtebeteko kontratua du, baina oso litekeena da luzatu behar izatea.