Publicador de contenidos

Udaleko bilkuren funtzionamendu elektronikorako arautegia onartu dute, aho batez

Osoko bilkurak eta tokiko gobernu batzarrak modu presentzialean egingo dira, lehentasunez, eta salbuespenez, telematikoki; batzorde informatzaileak batera edo bestera egingo dira. Zinegotziek mezu elektroniko bidez jasoko dituzte bilkuretako deialdiak eta dokumentazioa, eta aktak ikus-entzunezkoak izango dira, pleno aretoa erabat egokitutakoan.

26·05·2023


Udaleko bilkurak modu elektronikoan egiteko arautegia onartu dute maiatzeko osoko bilkuran, aho batez. Administrazio publikoa legez behartua dago izaera elektronikoa bereganatzera, eta udalak norabide horretan emango duen hurrengo urratsa bilkurak modu elektronikoan egiteko oinarriak eta baliabideak jartzea izango da. Gainera, beharrezkoa da bilkuren funtzionamendu elektronikoaren prozedura zehaztu eta arautzea, eta horixe da maiatzeko osoko bilkuran onartu dutena.

Onartu berri duten arautegiak bi aldaketa nagusi jasotzen ditu. Batetik, tokiko gobernu batzarrak eta osoko bilkurak, lehentasunez, udaletxean egingo dira; baldin eta arrisku kolektibo larriko gertaerak edo hondamendi publikoak gertatzen ez badira. Kasu horietan, salbuespenez, telematikoki egingo dituzte. Batzorde informatzaileen kasuan, berriz, batera edo bestera egin ahal izango dira, udaleko organo eskudunek erabakitakoaren arabera.

Bestetik, deialdiak eta aktak egiteko modua aldatuko da. Zinegotzi guztiek emailez jasoko dituzte gai zerrenda eta dokumentazio guztia. Azpiegitura prest dagoenean, ikus-entzunezko aktak jarriko dituzte martxan, eta hiru elementuk osatuko dituzte: akta laburra, ikus-entzunezko dokumentua eta sinadura elektronikoa. Akta laburrak saioaren zenbait datu jasoko ditu: lekua, eguna, ordutegia, bertaratutako zinegotzien zerrenda eta ez direnena, saioaren izaera, deialdiaren zehaztapenak, jorratutako gaien izenburua (bozketak eta emaitzak adierazita), hartutako erabakien xedapen-zatia, eta, hala badagokio, aipatu beharreko gorabeherak. Ikus-entzunezkoak bileran gertatutako guztia jasoko du, audioz eta bideoz, eta dokumentu elektronikoan txertatua izango da, estekatuta. Bilkurako idazkariaren sinadura elektronikoa izango du agiriak, eta alkateak ere sinatuko du. Osoko bilkuretako bideoak publikoak izango dira, eta udalaren webgunean izango dira ikusgai.

Horrek guztiak zinegotziek gailu egokiak izatea eskatzen du, eta udalari dagokio hori bermatzea: udalbatza berriko zinegotzi guztiei ordenagailu bat erosiko die.

Pleno aretoa egokitzen

Pleno aretoa egokitzen ari da udala. Altzari berriak prest dauden arren, azpiegitura teknologikoa instalatzeak denbora gehiago hartuko du. Lanak amaitutakoan, bideo kameraz gain, zinegotzi bakoitzak bere mikrofonoa izango du, bakoitzaren adierazpenak modu egokian jasoak izan daitezen. Udal-gobernuak 2022ko aurrekontuetan jaso zuen aretoko altzariak berritzeko partida, eta 2022ko uztaileko osoko bilkuran onartutako kreditu aldaketarekin azpiegitura teknologikoa erosteko partida gorde zuen. Pleno aretoaz gain, atzeko gela ere bilera telematikoak egiteko egokitu dute. Guztira, 62.000 euro bideratu dira.