Noticias
Atrás

Udalaren tasa eta prezio publikoetako hobari berriak, dagoeneko martxan

Bizikidetza unitateen kide kopuruaren eta diru-sarreren araberako onura ekonomikoak ezarri ditu udalak: eskuorri bat banatu dute etxez etxe, informazio guztiarekin. Udalak zerga politikan jauzia egin du, “aberastasunaren banaketa justuago baten alde”.

07·01·2022


Hobariak eskuratzeko aukera zabalagoa da urtarrilaren 1az geroztik. Onura ekonomikoak dira hobariak, udalaren tasa eta prezio publiko bidezko oinarrizko zerbitzuak jasotzeagatik ordaindu beharreko kuotetan aplikatzen direnak: udalaren kalkuluen arabera, 4.000tik gora usurbildar izan daitezke onuradunak. Etxez etxe banatu dute hobari berrien inguruko informazioa, Udalberri aldizkariarekin banatutako eskuorriaren bidez.

KPI edo Kontsumo Prezioen Indizea ezohiko neurrian handitu zen 2021aren hondarrean, %5 inguru, elektrizitatearen eta gasaren gorakadagatik, batik bat. Horri Covid19ak eragindako testuingurua gehituta, udalak jauzia egin nahi izan du zerga politikan, “aberastasunaren banaketa justuago baten alde”. Hala azaldu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak: “Ezohiko egoeran, ezohiko neurriak: gehiago irabazten dutenek gehiago ordaintzea, gutxiago dutenek gutxiago ordain dezaten”.

Horren aurrean, bi erabaki hartu zituen Usurbilgo Udalak. Batetik, irizpide orokor gisa, zergak, tasak eta prezio publikoak KPIaren azpitik (%1,5) igotzea, kirol zerbitzuen eta hondakinen tasaren salbuespenarekin (%0,9 eta %10, hurrenez hurren). Bestetik, hobariei arreta berezia jarri, eta horiek jasotzeko aukera eta eskubideak ordura arte baino zerbitzu gehiagori aplikatzea.

Hala, 2022ko urtarriletik aurrera, hobariak honako zerbitzuengatik eska daitezke: ur hornidura, hondakinen bilketa eta tratamendua, estolderia, hiletak, udal-baratzeen erabilera, kiroldegiko abonuak eta ikastaroak, haur eskola eta Udajolas. Hobariak bizikidetza unitateen kide kopuruaren eta diru-sarreren arabera banatuko dira.

Esaterako: hiru kideko bizikidetza-unitate batek, urtean, 22.000 euroko diru-sarrerak baldin baditu, %75eko hobaria izango du, eta, beraz, soilik tasaren %25 ordaindu beharko du. Onuradun izaera aitortzean, udalarengandik jaso eta titularra den zerbitzu guztietan jasoko du hobaria.

Bizikidetza-unitateari eragiten dion erroldako edozein baja edo alta udalari jakinarazi beharko zaio: izan ere, horien ondorioz, hobaridun izateko baldintzak alda daitezke. Aldaketarik bada, hobaridun izateko eskaerak ez dira urtero berritu beharko, eta bere horretan jarraituko dute. Udalak, bere aldetik, ofizioz berrikusi ahal izango du hobaridunen egoera, eta aldaketak egon eta jakinarazi ez diren kasuetan, bi urtetan hobaria jasotzeko eskubidea ukatu eta jasotakoak itzularaztea agindu ahal izango du.

Eskuorria deskargatzeko lotura: https://labur.eus/IJwzl