Noticias
Atrás

Udalaren eta Ugartondoko Hitzarmen Batzarraren arteko hitzarmena onartu dute, azken asteetako arazoei konponbidea emanez

Hitzarmen Batzarrak 411.500 euroko zorra du udalarekin, eta hori ordaintzeko modua aldatuta bideratuko dute, 2020 ekainean adostutako hitzarmena aldatzea onartuta.

26·05·2023


Txirikorda gauzatzeko udalaren eta Ugartondoko Hitzarmen Batzarren arteko hitzarmena onartu dute, azken asteetan izan diren arazoei konponbidea emanez. Hitzarmen Batzarrak 411.500 euroko zorra du udalarekin, eta zor hori ordaintzeko modua egin dute: 2020ko ekainean adostutako hitzarmena aldatzea beharrezkoa da horretarako, eta horixe onartu dute maiatzeko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

Hitzarmen horretan, besteak beste, zehazten zen Hitzarmen Batzarrak 1.423.000 euro ordainduko zizkiola udalari, epe jakin batzuen barruan: %25 hitzarmena sinatzean, %25 obrak esleitutakoan, %25 eraikinaren egitura egikaritutakoan eta azken %25a eraikuntza obrak amaitzean. Azken ordainketa, halaber, bizitegi eraikinen lehen erabilerako lizentziei lotu zitzaien: hau da, osorik ordaindu ezean, udalak ez lituzke lizentzia horiek emango.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak osoko bilkuran azaldu duenez, alarma gorriak hirugarren ordainketarekin piztu ziren udalean, batzarrak ez zuelako zegokion zatia osorik ordaindu, eta, horren ostean, laugarren zatia ere ez zuen ordaindu, gainerako baldintzak bete bazituzten ere. Horrekin batera bestelako arazoak azaleratu ziren: Ugartondoko urbanizazio lanak etenda zeudela, batzarra ez zelako ordaintzen ari lanean ari ziren enpresei. Aurreko osoko bilkuretan enpresa horiei ordaintzeko neurriak bideratu dira, eta, oraingoan, batzarrak udalarekin dituen zorrak bideratzeko modua egin dute.

411.500 euroko zorraren zati bat Sukiari dagokio (95.981,35 euro), eta beste zati bat Jauregizarri (315.518,65 euro). Hitzarmen berria onartuta, bakoitzak dagokion zatia ordainduko dio udalari: Sukiak, hitzarmena sinatu eta berehala; Jauregizarrek, berriz, bizitegi eraikinaren salmentatik lortuko dituen irabaziak erabiliko ditu udalari ordaintzeko. Udalak lizentziak baimenduko ditu, eta Jauregizarrek hitzarmen bat sinatu beharko du Kutxabankekin, diru hori udalari ordaintzeko berme gisa.